argia.eus
INPRIMATU
Beren bakeek
Joxemari Ostolaza 2010ko urriaren 06a
Ez gaituzte bakean uzten. Muga polizien barrutia da. Alde batera zein bestera, uniforme ezberdinekoek inguratzen gaituzte gu mugatuz. Goizeko hamaikak. Eguneroko kafeak hartuz egunkariak irakurri, eta ohiko ibilaldia burutu ondoren, Berria besapean kotxera egin dut etxeratzeko asmoz.

Ez ditut hirurehun metro egin eta CRSak gelditu eta baztertzeko keinua egin didate. Motorra itzaltzeko agindua. Paperak. Guztiak atera dizkiet. Furgonara joan dira eta bost bat minutu luzez eduki naute zain. Bat inguratu zait eta furgonera joateko agindu dit. Jarri eta galdetzen hasi zaizkit zeuden hiruak. Zertan nenbilen galdezka. Justiziarekin zorrak banituela esan dit batek. Nik ezetz. Galderak zehazten hasi zaizkit. Nik, ez niela erantzungo. Furgonaren aurrealdetik gazteleraz itaundu didate. Bi gazte kaleko jantziez. Gaztelako azentuez haserre plantak egiten hasi zaizkit. Ez niela erantzuteko motiborik. Lagun bat ikusi dut berinatik, hogei bat metrora kotxea aparkatzen.

Konturatu dira. PAFera eramango nindutela pentsatu dut. Berrogei minutuko egonaldiaren ostean paperak itzuli eta joan nintekeela esan dit uniformedunetako batek. Hamar bat kilometrokoa kostatu zait zangoen ikara, bihotz taupadak eta tentsioa bere onera ekartzen.