Pribatizatzeko eta bankarizatzeko bidean

  • Espainiako Gobernuak onartu berri duen finantza sistemaren erreformaren ondorioz, aurrezki kutxek –baita Hego Euskal Herrikoek ere– azken mendean izan duten ereduari agur esan diote eta, hemendik aurrera, kutxek, pribatizatuta eta bankarizatuta, banku tradizionalen antza handiagoa izango dute ohiko aurrezki kutxena baino; horrek, besteak beste, ehun urtetik gorako historian gizarte ekintzaren bidez bete duten funtzio soziala arriskuan jartzen du.
Aurrezki kutxak
Kutxa
Hego Euskal Herrian nahiz Espainiako Estatu osoan azken mendean izan dugun aurrezki kutxen ereduari agur esateko ordua iritsi da. Horixe ondorioztatzen da azken asteotan Espainiako Gobernuak abiatu duen finantza erreformatik. Uztailaren 9an Aurrezki Kutxen Organo Errektoreen Legea (AKOEL) erreformatzeko errege lege dekretua onartu zuten, euskal lurraldeetan ere legeak ezartzen dituen Espainiako Gobernuak azaldu zuenez “espainiar finantza sistema indartzeko”. Erreforma horrek aurrezki kutxak erabat pribatizatzeko eta bankarizatzeko bidea zabaldu du. Horrenbestez, arriskuan jartzen da kutxek ehun urtetik gorako historian bete duten gizarte ekintza ere. Horixe salatu dute sindikatuek eta kontsumitzaile elkarteek, erreformak nagusiki bankuei eta espekulazio interesei onura egiten dietela argudiatuz.

Zenbait aurrezki kutxaren egoera larria da, beren lurraldeetako amarru politikoek kutsatuta daudelako eta beren jardueraren zati handi bat adreiluaren negoziora bideratu dutelako. Horrek, nagusiki, iraultza finantzarioa eragin du. Horrek guztiak kutxa askoren porrot praktikoa ekarri du. Ez, ordea, euskal aurrezki kutxena, oro har profesionalki ondo kudeatu baitituzte, horietako batek, BBK-k Cajasur entitate andaluziarra erreskatatzeraino. Gogoan izan Europan bankuei eta kutxei egin zaizkien kaudimen azterketak nota onez gainditu dituztela EAEko hiru aurrezki kutxek. Dena den, beste euskal kutxak, Nafarroako Kutxak, ez zuen azterketa gainditu, baina dagoeneko indartzeko neurriak hartu ditu. Eta hala ere, erreforma kutxa guztientzako da.

Lau eredu, edo neurrira egindako lau jantzi

Erreformari esker, kutxek akzioen moduko parte-hartze kuotak –eskubide politikodunak zein gabeak– jaulkitzeko aukera izango dute. Bi kasuetan kuotek ezingo dute kutxen ondasunen %50 gainditu. Hala, aurrezki kutxek kapital pribatua lortzeko erraztasun handiagoa izango dute. Kuotek Burtsan kotizatuko dute eta dibidenduen bidez ordainduko dira, akzioak bezalaxe. Jaulkipenen muga kutxa bakoitzaren ondasunen %50 izango da.

Erreformak kutxentzat lau eredu ezartzen ditu; neurrira egindako lau jantzi. Lehen ereduaren arabera, kutxa izaten jarraitu ahal izango dute, kuota erregimen berria onartuta eta estatutuak gobernu korporatiboaren arauetara egokituta. Bigarren ereduak Babes Sistema Instituzional (BSI) baten barruan sartzeko aukera emango die, hau da, “fusio hotza” deritzona hauta dezakete. “Fusio hotza” onartzen duten kutxek entitate zentral gisa banku bat izango dute, eta kutxek gutxienez banku horren parte-hartzearen %50 izango dute. Burtsan %50 baino gehiago salduz gero, kutxak izateari utziko diote eta fundazio bihurtu beharko dute.

Hirugarren ereduan, kutxa izaten jarraitu ahal izango dute, finantza negozio guztia banku baten eskutan utzita, baina eskumendekoaren akzioen %50ari eutsiz. Gizarte ekintza eta negozio industriala kutxan geratuko dira. Laugarren ereduari dagokionez, kutxak kutxa izateari uzteko eta fundazio bihurtzeko aukera izango dute, negozioa banku baten eskutan utzita, beti ere banku horren parte-hartzearen %50 baino gutxiago dutenean.

Borondatezko erreforma?

Espainiako gobernuaren arabera, abiatu den finantza erreforma borondatezkoa da. Espainiako gobernuko Ekonomia presidenteorde Elena Salgadok dioenez, eredu aldaketari buruzko edozein erabaki hartzeko kontseiluaren eta batzar nagusien bi herenek onartu beharko dute. Teorian erreforma borondatezkoa da baina, esperientziak dio teorian borondatezkoa den erreforma, azkenean, derrigorrezko bihurtzen dela. Horixe gogorarazi du berriki Luis Olivas Bancazako zuzendaritzako kideak. Olivasek kutxak aldatzeko eredu italiarraren bertuteak aipatu zituen. Italian, hasieran, bankuei negozioaren zati bat saltzea borondatezkoa zen eta, azkenean, derrigorrezko bihurtu zen. Gaur egun ez dago aurrezki kutxarik herrialde horretan.

Sektorearen despolitizazioa

Kutxen erreformak sektorearen kudeaketaren profesionalizazioa eta despolitizazioa ere berekin dakartza. Erreformak hiru urteko epea ezartzen du hautetsiek –estatuko nahiz autonomietako parlamentariek, zinegotziek, administrazioko goi karguek eta abarrek, sindikatuen ordezkariek salbu– kutxen kudeaketa organoak utz ditzaten. Hala ere, parlamentu autonomikoek izendatuko dituzte ordezkoak, eta ez gobernuak.
Gizarte ekintza arriskuan
Orain arte aurrezki kutxek etekinen %20 gizarte ekintzetara bideratzen zuten. Legeak gizarte ekintzara gehienez ere mozkinen %50 bidera daitekeela ezartzen du, baina ez dago derrigorrezko gutxienezko ekarpenik. Bankuek, aldiz, mozkinen %50 dibidendutan akziodunen artean banatzen dute. Kutxen gizarte ekintzak lehentasunezko helburu hauek izan ditu: hirugarren adineko egoitzak, haurrentzako udako egoitzak, minusbaliatuentzako arreta, medikuntza zentro espezializatuak, krisian dauden enpresei laguntza eta abar. Horren guztiaren ondorioz, lanpostuak sortzen eta eusten ere lagundu du gizarte ekintzak.

Kutxek gizarte ekintzari egiten dioten ekarpena sektorearen etekinekin batera behera egiten ari da. Hemendik aurrera, bankuen kuotak edo akzioak dituzten kutxek dibidendu horiek ordaindu beharko dituzte eta, gainera, gizarte ekintzaren martxa eraman beharko dute. Egoera berriak indarra kendu diezaioke gizarte ekintzari. Kutxen zuzendaritzaren eta kudeaketa ahalmenaren menpe egongo da hori. Kutxak pribatizatzen eta bankarizatzen badira, horien kontrola ez da, orain arte bezala, erakunde publikoen –diputazioen, udalen eta, beraz, alderdi politikoen– eta sindikatuen esku egongo; esku pribatuetan ere egongo dira, akziodun berrien eskuetan. Noski, mozkinak banatzerakoan interes pribatuek eta publikoek talka egin dezakete. Eta, azkenean, kaltea gizarte ekintzarentzat izango da, kutxen ikurrarentzat.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude