argia.eus
INPRIMATU
Zinemaldia 2010-Sail Ofiziala
Omnia sunt communia!
  • XVI. mendeko anabaptisten lema aintzat hartu du epaimahaiak: dena denentzat. Eztabaida luze eta aspergarria izan genezake hartutako erabakiaz, baina demokratikoa izan denik ezin uka. Hainbeste, ia inor ez dela geratu saririk gabe.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2010ko irailaren 30
Zinemaldia
Peter Mullanen Nedsentzat urrezko maskorra: irudi du Paskaljevicek eta konpainiak zaku batean film guztien izenak sartu eta bat atera dutela. Neds? Ba, Neds. Nahiz eta ezer berezirik ez dakarren film soziala den, bat gehiago; nahiz eta metraje erditik aurrera erabat galtzen den.
Justuagoa da film horregatik Conor McCarronek irabazi duen zilarra; baita Pa negre ekoizpen kataluniarreko lanarengatik Nora Navasek eskuratutako emakumezko aktore onenaren saria ere. Raul Ruizen zuzendari onenaren sariaz zer esan: gaiztoegia dateke oharra, baina baten batek pentsa lezake txiletarraren minbiziak eragin duela sariztatzea; hobe maskor bat garaiz, omenaldiak berandu eta gaizki antolatzea baino.
Sari txikiak ere, bakoitza etxe banatara: Herrialde Katalanak, Maroko, Norvegia... Ikusleak hotz samar utzi dituen Sail Ofizialarentzat hau zen, apika, palmares posible bakarra. Eta paradoxikoa da: gehien konbentzitu nauen filma, Gilles Paquet-Brennerren Elle s’appelait Sarah, ezer gabe geratu da. Lehiaketaz kanpo zegoelako. Bestela...