argia.eus
INPRIMATU
Zein da alternatiba?
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko maiatzaren 07a
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) LAAen birmoldaketaren alternatiba idatzi du (www.egk.org/argitalpenak helbidean). EGK erakunde publikoan parte hartzen dute arlo ezberdinetako 55 elkarte, sindikatu eta erakundek. Ordezko dokumentuak honako galderari erantzuna eman nahi izan dio: “Zer eratako garapena nahi dugu?”. Hona zehaztutako gai batzuk:

- Ekoizpena:  Produktuen banaketa kanalak ahalik eta laburrena izan behar du, arrasto ekologikoa txikitzeko. Garraio azpiegituretan tokiko biztanleen beharrak kontuan eduki eta garraio kolektiboa bultzatu. Hondakinak atez ate bildu, erraustegien beharrik ez izateko.

- Etxebizitza: Etxebizitza hutsak mobilizatu eta alokairu soziala bultzatu. Etxebizitzen eraberritzea eta iraunkortasuna bermatu, hirigintza jasangarri eta integratzailea sustatuz.

- Industria: Industria ekoizpen-sarea lurralde osoan modu orekatuan dentsifikatu behar da.

- Energia: Kontsumoa gutxitu eta eraginkortasuna handitu. Energia garbiak erabili.

- Nekazaritza: Elikadura subiranotasunaren alde egin. Azpiegitura komunak sortu. Herri-lurren arautze zehatzagoa. Transgenikoen kontrako borroka.

- Giza eta kultura garapena: Demokrazia parte-hartzailea sustatu. Genero ikuspegia eduki. Pertsonen oinarrizko beharrak asebete.

- Gizarte-ardura: Dumping sozial, ekonomiko eta ekologikoa alde batera utzi. Ertura edo desazkundearekin balioa eta zoriontasuna sortu, materia eta energia gutxiago erabiliz.