Pripiat, etorkizunik gabeko hiria

  • SESB, egungo Ukraina, 1970. Pripiat ibai bazterrean izen bereko hiria fundatu zuten, Txernobileko V.I. Lenin zentral nuklearreko langileak eta horien senitartekoak bertan bizi zitezen. 10.000 biztanle inguru izango zituen eta Nicolay Ostozhenko arkitektoak Moskun garatutako printzipio triangeluarrean oinarritu ziren horien guztien bizitokia eraikitzeko. Printzipio horri jarraituz, hiriak espazio ireki eta parke asko zituen. Zirkulazio sistema berezia ere bazuen auto pilaketak saihesteko. Langile gehienak Kievetik zetozela jakitun eta hiri hartan arrosondo ugari daudela kontuan hartuta, biztanle bakoitzeko arrosondo bana landatu zuten. Gainera, Pripiatek SESB zaharreko klimarik epel eta atseginenetakoa zuen. Eta, hala, hiria oso azkar hazi zen.
Pipiat
Ezerezetik sortu eta hamasei urtera, 1986ko udaberrian, Pripiatek 49.400 biztanle zituen eta 33.000 arrosondo inguru. Urtero 800 bat haur jaiotzen ziren bertan eta beste 500 pertsona bertara bizitzera joaten ziren, hiri berriaren ongizateak erakarrita.

Lehen hezkuntzako hamabost eskola zeuden eta bigarren hezkuntzako bost. Bi estadio, kultura jauregi bat, zinemak, arte eskola, 35 parke, 167 autobus, 27 taberna eta jatetxe, hamar gimnasio... Hiriak Sobietar Batasunean ezohikoak ziren zerbitzuak eta erosotasuna eskaintzen zituen. Horrek eragin zituen hiriaren hazkunde harrigarria eta sobietar herritarrek eman zioten ezizena: “Etorkizuneko Hiria”.

Jolas parke bat ere eraiki zuten, noria eta guzti, baina ez zuten sekula inauguratu. 1986ko apirilaren 26an Txernobileko zentral nuklearreko laugarren erreaktorea lehertu zen eta Hiroshiman jaurtitako bonba nuklearrak baino 400 aldiz erradiazio gehiago igorri zuen.

Pripiateko ia 50.000 biztanleak hurrengo bi egunetan ebakuatu zituzten. Aurten 40 urte beteko zituen hiria adin nagusitasunera ere ez zen iritsi. Etorkizuneko hiriak, ordutik, ez du biztanlerik, ez posta koderik, ez etorkizunik.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude