Ez da gaurko kontua. Espainiako Estatuko Erregistroen Legeak 2005ean aitortu zuen haurrak Bake Epaitegian euskaraz erregistratzeko eskubidea. Beste gauza bat da praktikan zer gertatzen den. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren eta Espainiako Estatuko Justizia Ministerioaren arteko hitzarmenari esker Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hamalau barruti judizialetako herri buruetan haurrak euskaraz erregistratzeko aukera dago. Kontua da hitzarmen horrek ez duela jarraipenik izan eta beraz ez da zabaldu beste herrietara, esate baterako Usurbilera. Gipuzkoako herri horretako hiru amek prentsaurrekoa eman berri dute haurrak herriko Bake Epaitegian euskaraz erregistratu ezinik geratu direlako.