Berria egunkarian Josu Gotzon Landetaren artikulua eta hari Luis Astorkiak erantzundakoa argitaratu dira duela gutxi. Euskara irakasteko titulu eta agiriez ari dira. Benito Fizek bien hariari tira die, eta hona Karrajua.org-eko entresaka: "Euskaltegietan irakasle jarduteko –homologazioa izateko hobeto esanda–, unibertsitate-titulua eta euskara titulua behar dira. Diplomatura mailako unibertsitate-titulua eta EGA edo 3. mailaren pareko euskara-titulua –4. mailaren eskakizuna noraino hasi den ez nuke jakingo esaten–. Horrela da, bai.
Baina non karajo ikasten da jende helduari euskara irakasten? Nork eskaintzen du prestakuntza hori? Hizkuntza aztertzen, ikertzen eta hari ebakuntzak egiten ikasteko lekuak egongo dira akaso, baina, auto baten tripak ezagutzeak gidatzeko baimenik ematen ez duen moduan, hizkuntzaren ezagutzak ez du zertan eman beste inori hura ikastarazteko dohairik".
Deia-n Ana de Castro Bilboko Udaleko Euskara zinegotziak esanak: "Datuek Bilbon euskarak izan duen garapen garrantzitsua azaltzen dute. 53.000 euskaldunetik 83.000ra igaro gara, eta horri ikasten ari direnak gehitu behar zaizkio. Esaten ari gara bilbotarren %48ak euskara ezagutzen duela. Baina oztopo bat daukagu, ezagutza eta hizkuntzaren erabilera ez daude orekatuta".