"Nork erran züan müsikarekin kantatü behar zela?"

  • Amaren alaba.
    Eta aitarena. Eta semearena.
    Eta espiritu santuarena, amen.
Maider Bedaxagar

Bedaxagar, Bedaxagar… ezagun egiten zait abizen hori. Amaren Alaba ez, aitarena zara zu!


10 urte nüanean Amaren Alaba bilakatü nündian, beste sei ahizparekin batean... Bena aita hor izan ez balitz ez nündükek sekülan Amaren Alaba izanen eta oraino gütiago, ama hor izan ez balitz, sekülan ez amaren alaba.


Amaren Alabak, beraz, zergatik, injustizia historiko baten konpontzeko?


Etxahunek erran zian “hanitxen gisa baditit bi ama amiagarri, enea eta Euskadi”. Non da mina?

Aizu, ahizpekin egun osoa ematen duzu kantari, edonon.


Hartako diagü sortü taldea. Düala hiru urte gure lehen diska plazaratü diagü. Gure lotsa handia zian diska bat egitean jenteak ez güntila haboro kümitatüko kantaldietara! Beharre, ez dük hola agitü, eta jarraikitzen diagü Eüskal Herriko plazetan kantan.

Euskal Herriko plazetan, ezen ez bazterretan?


Nik maite diat bazterra, eta maite ditiat bazterresak. Bazterretarik iküsirik mündüa ez dea ederrago? “Bazterretik bazterriala, oi mündiaren zabala”. Niko Etxarten aitak ezinago untsa kantatzen dik hori.

Periferia dugu modako hitza, baiki.


Lehentze hitz hori ikasi nian kolegioan nintzelarik, geroztik ez diat behin ere baliatü. Zer erran nahi dü?


Periferiak? Zuberotarsak galdetzea ere!

Xiberoa periferian dea ala? Ez erran hi ere, Xiberoaren “exotismoan” sinesten düan horietakoa hizala... Agur Xiberoa kantatzean zütüt erraiteko partez zitit ahozkatzen düen horietakoa hiza? Hi egiazko hegoaldiarra!

Belarriko medikua kontent izango duzue, hain gora iristen zarete kantuan…


Bostmendietan kantatü diagü behin, eta üda honetan Orhi kaskolat heltü gütük. Mementoan ez gütük gorago heltü...


A capella zergatik abesten duzue, krisi ekonomikoagatik?


Ez, sinpleki jentearen aitzinean leial eta ümil agertzeko.

Kaletik biluzik ibiltzea bezalakoa omen da a capella kantatzea…


Eta üda betean beroki eta galtza lodiekin ateratzea bezala da müsikarekin kantatzea... Kantore batetan, kantorea bera dük jaun eta jabe, zertako behar lizate müsikaz estali? Nork erran züan müsikarekin kantatü behar zela?


Pixka bat punkia zara zu, e; ondo emango lizuke gitarra elektrikoak.


Müsika maite diat, bena ez diat gozatzen müsikarekin kantatzea. Zer kanta genezake gitarra elektrikoarekin? Segür ere ez Arranoa Bortietan edo Oihaneko Zuhainetan. Ütz dezagün gitarra elektrikoa Bizardunak bezalako talde bati!


Txirula akaso ez, baina adarra ederki jotzen duzu zuk!


Prefosta! Zentako uste dük elkarrizketa güzia xiberotarrez egin düdala?

ASTEKARIA
2010ko irailaren 26a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude