Dani Blanco
Badira liburuak ikasbideak direnak, etengabe beraiengana ekartzen zaituztenak zalantzak argitzen lagun. Dario Fo antzerkigile italiarraren Mannuale Minimo dell'attore idatzia antzerkizalearentzat ezinbesteko liburua da. Liburuak antzerkiaren oraingo eta aspaldiko kontuak haizatzen ditu. Horien artean, Kontraerreforma garaiko testu bat aipatzen du, Carlo Borromeo Kardinalaren laguntzailea zen Ottolellik komikoei buruz esandakoa: “ (...) komikoek ez dituzte errepresentazio guztietan komedia berriaren hitz berberak esaten, aldioro asmatzen dute, muina ikasiz, atal txikietan eta une zehatzetan, ondoren modu inprobisatuan errezitatuz, modu librean, naturalean eta graziosoan trebatuz. Publikoan lortzen duten efektua sekulako parte-hartzea da, modu natural horrek grinak, emozioak, eragiten ditu, arrisku handikoak, zentzuen eta lizunkeriaren moralik gabeko festaren goresmena baitira, jokabide onekoen kontrakoak, jendartearen arau santuen oldartzeari deiak, behe jendearen artean nahasmen handiak sortzen dituztenak”.
Tira, ez dut uste tipo honen iritziz komedianteak eta kontalariak ama ezberdineko semeak izango zirenik. Hala ere, ipuin kontalaritza zertan den, nondik nora jotzen duen jakiteko modurik errazena kontalariak ikustea da, ezagutzea. Euskal kontalaritzaren erakusketa ederra izango da Bermeon Euskal Kontalarien V. Festa aitzakia. Irailaren 25ean eta 26an. Bertan ikus ahal izango dugu delako Ottolelli hark arrazoia ote zuen.