Kontalaritza zer ote?

  • Ipuin kontalaritzan dugun noizbehinkako eztabaida da, ea gurea antzerkia ote den edo beste zerbait. Izan ere, definizioen jendarte honetan ezinbestekoa da norbere jardunaren nondik norakoak ahalik eta zehatzen azaltzea. Literatur generoak, musika estiloak, antzerki ikuspegiak, dena sailkatzen da eta definitu. Behar al du, baina, sormenak halako sailkapen sukarrik? Sortzaileak behar al du? Nago gehiago dela merkatuaren arrazoia, hemen ere, gailentzen dena. Eta merkatuak, kulturan ere, antolamendua behar du (nahiz eta azken boladan antolamendu hori sasikoa izan). Ipuin kontalaritza antzerkitik bereizteko kezka, kultur merkatu horretan izen propioaren beharrak bultzatu du hein handi batean. Kontalaritzaren nondik norakoak zertan diren azaldu beharra. Sormen ekintza berezkoa dela aldarrikatu. Hain ezberdinak ote dira ordea, antzerkia eta kontalaritza?
Joxemari Carrere
Dani Blanco
Badira liburuak ikasbideak direnak, etengabe beraiengana ekartzen zaituztenak zalantzak argitzen lagun. Dario Fo antzerkigile italiarraren Mannuale Minimo dell'attore idatzia antzerkizalearentzat ezinbesteko liburua da. Liburuak antzerkiaren oraingo eta aspaldiko kontuak haizatzen ditu. Horien artean, Kontraerreforma garaiko testu bat aipatzen du, Carlo Borromeo Kardinalaren laguntzailea zen Ottolellik komikoei buruz esandakoa: “ (...) komikoek ez dituzte errepresentazio guztietan komedia berriaren hitz berberak esaten, aldioro asmatzen dute, muina ikasiz, atal txikietan eta une zehatzetan, ondoren modu inprobisatuan errezitatuz, modu librean, naturalean eta graziosoan trebatuz. Publikoan lortzen duten efektua sekulako parte-hartzea da, modu natural horrek grinak, emozioak, eragiten ditu, arrisku handikoak, zentzuen eta lizunkeriaren moralik gabeko festaren goresmena baitira, jokabide onekoen kontrakoak, jendartearen arau santuen oldartzeari deiak, behe jendearen artean nahasmen handiak sortzen dituztenak”.

Tira, ez dut uste tipo honen iritziz komedianteak eta kontalariak ama ezberdineko semeak izango zirenik. Hala ere, ipuin kontalaritza zertan den, nondik nora jotzen duen jakiteko modurik errazena kontalariak ikustea da, ezagutzea. Euskal kontalaritzaren erakusketa ederra izango da Bermeon Euskal Kontalarien V. Festa aitzakia. Irailaren 25ean eta 26an. Bertan ikus ahal izango dugu delako Ottolelli hark arrazoia ote zuen.

Azkenak
2024-04-24 | ARGIA
Dozenaka atxilotu egon arren, azkartuz doaz Palestinaren aldeko AEBetako unibertsitateetako protestak

33.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Eguneraketa berriak daude