"U2 bezalakoak ekartzeko ez dira aproposak diru-laguntzak"

  • Ourensen jaio zen orain dela 62 urte, Terra de la Chispan, eta halako txispa dauka berak ere: umorea, irudimena eta etorria barra-barra. 1969an Donostiara etorri eta beti irakaskuntza lanbide izan badu ere, 42 urte pasa ditu Herri Irratiko mikrofono atzean. Donostiako rockaren eragile eta La Orquesta Mondragonen sortzaile izan da. Musika da gehien gozatu eta jorratu duen arloa: Club 44, Música Básica, Sector Rock eta beste hainbat saio arrakastatsu gidatu ditu. Maiatzean Onda Vascak Herri Irratia bereganatzearekin bat, saio gabe gelditu zen Galvez.
Gregorio Galvez
Dani Blanco

Noiz zaletu zinen musikan?


Lehenengo oroitzapenak dira Galizian, zelai batean eserita, makila eskuan eta futbol partidu bat erretransmititzen. Uste dut irratia odolean neramala. Eta 1962an Galiziako hondartza batean Eskandinaviako bikote batekin Beatles entzun nuenean txundituta gelditu nintzen. Gero etorri ziren Rolling Stones, Kinks…

Hasieran Radio Galician ibili zinen eta gero Donostian.


Bai. Galizian nengoela, lagun bat Donostiara COPEra etorri zen eta esan zidan plaza bat zegoela Radio Popularren. Janis Joplin eta Jimmi Hendrix hil ziren urtean etorri nintzen, musikarentzat zorigaiztoko urtean. Denetatik egiten nuen: iragarkiak, elkarrizketak, albistegiak, lehiaketak… guztia zuzenean. Irakasle funtzionario plaza Donostian nengoela atera nuen.

Iñaki Gabilondo hasi zen zuzendari.


Lanerako gogoa ekarri zigun eta jendea espezializatu zuen. Niri bizitza aldatu zidan. Gazteentzat rock programa egiteko esan zidan. Musika gustuko nuen eta banekien nor zen Bowie. Diskorik ez zegoen, baina jendea Londrestik irratsaiora etortzen zen aurkeztera. Orduan jesuitek irratia hartu zuten eta Loiola irratiarekin batu. Entzule asko genituen. Beste irratietan Manolo Escobar, Rafael… jartzen zituzten eta nik Rolling, Kinks, The Who, Bowie edo Lou Reed-i buruz hitz egiten nuen. Mariano Ferrer AEBetatik etorri berria zen eta hitzak itzultzeko eskatzen nion.

Galiziar batentzat Donostia ilargia zen, 1969an?


Europara heltzea izan zen, justu San Sebastian egunean. Kristoren iskanbila zegoen eta grisak kaletik [barrez]. Franco hil aurretik, Herri Irratia irrati euskalduna egiten hasi zen. Club 44 irratsaioa hasi nuenean Ez Dok Amairuko artistak jartzen nituen eta saioa Mikel Laboaren Gernikarekin bukatzen nuen. Laboa saioan egon zen, baita Ruper Ordorika ere mutikotxoa zela... eta gazteleraz elkarrizketatu nuen!


Luis Llach ekarri zenuen…


Bai, 1973an MusikaRock 73 antolatu, eta lehenengoz Donostiara Luis Llach ekarri genuen. Poliziak atxilotu gintuen, galarazitako kantuak jo zituelako. Galarazitako kanten zerrenda poltsikoan nuen, baina… [barre egin du]. Eta Gipuzkoa Plazako Sheraton diskotekan disko-forumak egiten genituen: diskoa entzun eta gero hitz egin, eta batzuetan kontzertuak ere bai.

Club 44tik autobus ugari eraman zenituzten kontzertuetara.


1973an hasi ginen. Oso alferra naiz gidatzeko, baina zuzenekoak ikusi nahi nituen. Autobusak beti goraino betetzen ziren. Espainiako Estatuan lehenak izan ginen.

Javier Gurrutxagari bultzada eman zenion...


Gezurra zirudien elizaren irratian halakoak egin ahal izatea... Lagun asko biltzen ginen: Gurrutxaga, Popotxo, Txeli… Taldea eratzea pentsatu genuen eta La Orquesta Mondragonen ikuskizunaren zuzendari eta lehen diruzaina izan nintzen. Donostiako lehen kontzertuan, Los Angelesen, margolanen erakusketa mugikorra egin genuen, Gurrutxagak emaztegai jantzita Lou Reed abesten zuen bitartean. Gerora, Madrilera jauzia egin zutenean, “vente con nosotros” esan zidaten, baina hemen gelditu nintzen.

Egia da rockak, poztasun handiak emateaz gain, burusoil utzi zintuela gazte?


Gehiena Touloussen jausi zitzaidan, The Who Keith Moonekin ikustean! Aita ni baino ile gehiagorekin hil zen. Familiako ardi burusoila naiz.


Zer disko izorratu dituzu irratian?


Ramones-en Rocket to Russia. Disko batzuk bikoiztuta neuzkan, badaezpada. Ugartek behin esan zidan Ramones Donostiara etortzearen erruduna ni nintzela. Disko asko oparitu egin ditut. Ez naiz mitomanoa izan, Rollingekin izan ezik.


Musika taldeekin harreman estua izan duzu.


Entsegu lokal askotara joaten nintzen grabagailuarekin, herrietara, Madrilera, edonora... Gaur egungo artistak oso divoak dira, baina ordukoak ez. Soinu mahaitik kantak grabatzeko baimena ematen zidaten. Gaur hori pentsaezina da.

Zelan uztartu duzu gaua eta rocka irakasle lanarekin?


1970eko hamarkadan zorte handia izan nuen eskola gainean bizi nintzelako, baina zenbaitetan egun argiz heldu nintzen lanera kontzertutik bueltan. 30 urterekin Bowie ikusteko Parisera joan eta etorri, eta 09:00etan eskola zabal daiteke. Irakaskuntzak ere asko eman dit, apur bat Dr. Jeckyll eta Mr. Hyde izan naizen arren.

Esatariaren eta entzulearen artean harreman bizia zegoen…


Irrati gutxiago zeuden orduan, eta esatariak askoz publikoagoak ginen, irratiko gizonak. Baina, Musica Básica saioarekin bigarren gaztaroa bizi izan dut. Asteburu goizetan boleroak, rantxerak eta balsak jartzen nituen, nahiz eta Sector Rock saio punk eta alternatiboa ere egin. Ia 80 urteko amonek deitzen zidaten eta kalean besarkatzen ninduten. Irratiko audientzia onena zuen.


Zer esan zizun Rory Gallagherrek euskal txapela jarri zenionean?


Galdera oso ona da. Hiriarentzat oso pauso garrantzitsua izan zen, mugarria. Donostia Europa mailako rock guneetako bat bilakatu zen. Eta luzaroan Madril eta Bartzelona arteko triangeluan egon ginen. Zeresan handia izan zuen Mikel Ugartek. Genesis taldeak kontzertu bat gehiago egin zuen biran, hona etortzearren.

Kontzertu aurkezlearen figura ez dugu ezagutu…


Rock kontzertuek aurkezlea izaten zuten eta Donostian ni, ez zegoelako beste ahots rockerorik. “Arratsaldeon, zer moduz zaudete?”. Eta jendeak: “Isildu, astun hori”, “Puto calvo”… Massiel Trinitate plazan aurkeztu nuen. Bost minutu pasa nituen berari buruz hitz egiten eta bukaeran esan nuen “Zuekin, Massiel de España”. Eta jendea txistuka [barrez]. Kontzertu aurretik Massiel kikilduta zegoen, baina gero agertokia jan zuen. Mari Trini ere aurkeztu nuen Q diskotekan; oso jatorra zen.


Eta DJa ere izan zara, ezta?


Bai, aitzindaria izan nintzen. Errenteriako diskoteka baten ostegun gauetan aritzen nintzen, 1978-80 artean. Musikaz inguratuta bizi izan naiz, baina etxean oso musika gutxi entzuten dut. Niretzat musika zaletasuna eta lana da; irratian jartzearekin nahikoa dut.

Luis Angel Garcia eta zu bakarrik zeundeten rocka lantzen irratietan?


Bai. Saioa ordu berean zen, baina lagunak ginen: materiala trukatu, bestearen saiora joan… Gaur egungo lehiakortasunarekin sinestezina da. Nik Peter Gabriel izan nuen saioan, baina berak Bruce Springsteen.

Elvis beti izango da erregea zuretzat?


Bai. Elvis, Bob Dylan, Bowie/Lou Reed, Rolling eta tarteka Pink Floyd; baita Supertrampen hasiera ere... Nire azken zoramena Coldplay da, ez daukat barkamenik. Rolling zazpi alditan ikusi ditut. Lehena Bartzelonan, Franco bizi zela eta grisen aurrean korrika bukatu genuen.

Rockak ez al du adinik?


Tamalez bai. Adibidez, bada urtebete ez naizela gaztetxe batera joan. Jendeak begiratzen dizu eta uste du bateriaren aitona zarela, eta zuk ezetz, taldea ikustera joan zarela. Gazteek onartzen naute, baina batzuetan zaila da. The Who, Rolling, Pink Floyd… ikusi ditut, baina horiekin bezainbeste gozatu dut gaztetxeetan 20 lagunekin izerditan, garagardoa gainetik botatzen dizutela.


Zure burua punkytzat daukazu?


Batzuek esango dute ezinezkoa dela: irakaslea, kultua… baina punkya naiz, punk pentsamenduz. Bat egiten dut RIP, Vomito eta halakoek egin nahi zuten iraultzarekin. Baina izan naiz pop eta funky ere... Musika guztia maite dut.

Donostiak aspaldi galdu zuen kontzertu handien trena?


Bai. Bilbo handiagoa da eta Udalak Etxetxuko kiroldegia merke uzten du. Hemen, ordea, zaila da. Udal batzuek asko lagundu dute, baina ez nago guztiz ados. Aproposena da Aldundiak Gaztemaniak-ekin egin zuena: talde berritzaile eta desberdinak ekartzeko laguntzea; ez U2 ekartzeko. Horiek ez dira lagundu behar; nahi duenak ordain dezala.

Saio gabe utzi zaituzte…


Bai. Onda Vascakoek ez didate ezer esan, ez eskerrak, ezta agur ere. Agian politikoagoa izan banintz, gaur egun nonbait egongo nintzen. Dena dela, halako saioa irrati independente batek egin behar zuen. Herri Irratiak asko egin du musikagatik, herriagatik, euskaragatik… Polizia atean genuen, zentsoreak gainean… Hori baloratu eta eskertu behar da, eta ez da egin. Orain erraza da euskararen alde egitea, baina ez 1972an.


Zer asmo daukazu orain?


Ez dakit. Irrati batek ordubete eskainiko balit, hartuko nuke. Arrakasta izan duten zazpi saio egin ditut; beste bat asmatuko nuke. Ilerik ez daukat, baina irudimena bai, eta 42 urteko esperientzia!

Jendeak ezagutzen zaitu kalean?


Lehen, askok; gaur egun, gutxik. Baina baditut pasarteak: Altzako igogailuan edo tindategian ahotsagatik ezagutzea. Azken finean, 42 urte dira isildu gabe. Badakizu zer den egitea gehien gustatzen zaidana? Publizitate kuñak. “Señora, compre en Mamut!”.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude