Ilusio handiz, eta kezkatuta

  • Urte bukaera beroa izango du Gaztezulo aldizkariko lantaldeak. Hamargarren urteurrena ospatzeko azken ukituak ematen ari dira, eta era berean, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen zain daude, Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza %80 murriztu eta gero.
gaztezulo
Dani Blanco
Urteurrena har dezakezu munduko ilusio guztiarekin, eta pentsatu hau egingo dugula eta bestea, baina ez dago nondik atera dirua”. Igone Fernandez erredakzio burua Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten diru-laguntzetan egindako murrizketaz ari da. Iaz 50.000 euro inguru jaso zituen Euskal Herri osoan zabaltzen den Gaztezulo aldizkariak eta aurten udaberrian jakin dute 9.000 euro pasatxo baino ez dutela izango, %80ko murrizketa. Raul Perez zuzendariak aitortu digu norabidea galduta geratu zirela diru-laguntzen albistea jakinda, urteurrena gainean zutela. Urteurrena ospatu ala ez, zalantzan jarri zuten, eta azkenean, aurrera egitea erabaki zuten, “festa egingo dugu, eta gero gerokoak”. Urte amaiera berezia izango da Gaztezuloko lantaldearentzat, batetik, ospakizunarekin bete-betean arituko direlako, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen berri jakin zain daudelako. Nahiz eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ipurdiko handia eman, Jaurlaritzakoak jakin arte inolako neurri edo aldaketarik ez dutela egingo esan digute Fernandez erredakzio buruak eta Perez zuzendariak.

Kirola, atal berria

Hilabetekaria argitaratzeaz arduratzen den lantaldea murritza da: Ane Irazu da gerentea, Raul Perez zuzendaria, Igone Fernandez erredakzio burua, Agurtzane Gomez publizitate arduraduna eta Inge Mendioroz diseinatzailea. Kolaboratzaile sarea ordea, ezinbesteko ardatza da aldizkarian, espezializaziora jotzen baitute ahal den neurrian.

Hala, 16 urtetik gorako gazteentzat egindako agerkaria beraien gogoko gaiak jorratzen saiatzen da. Alberto Irazu Gaztezuloko zuzendari ohiak, Udaletako Euskara-Zerbitzuen Topaketetan, udaberrian, kontatu zuen nola aldizkaria sortzerakoan gazteei beraiei galdetu zieten zer nahi zuten irakurri. Handik atera ziren “hamar mandamenduak”, alegia, sexua, literatura, zinea, Internet, teknologia berriak, telebista, albiste bitxiak, gaua, nazioartea eta umorea. Orduz geroztik aldizkariko edukiak itxuraldatu edo berregituratu dituzte, baina mamia ia ez da aldatu. Berrikuntzen artean dira, adibidez, argazkilariek ateratako argazkien txokoa eta bertso satanikoak. Urriko zenbakian berriz, gazteen azken nahiei kasu eginez, kirol atala abiatuko dute.

Igone Fernandezek adierazi digu Gaztezulo plaza bat dela, gazteek zer egiten duten jasotzeko eta gazteek beraiek egiten dutena azaltzeko. Aurpegi ezagunak asko ageri dira, baina honetan edo hartan hasiberriak direnek ere tokia dute.

Papereko Gaztezuloz aritu gara orain arte, eta nola ez, webgunea (www.gaztezulo.com) ere badute. Egunero berritzen dituzte hainbat eduki, eta azkenaldian, poliki-poliki, bideoak hasi dira zintzilikatzen. Bereziki gustura daude facebookaren martxarekin. Fernandezen ustez, “kasu askotan hain zaila den feedback hori lortzeko aukera ematen dizu, zuk sartu, beraiek erantzun... webean zailagoa da”. Kontsultak beraien indarguneetako bat dira eta Perez zuzendariak gogorarazi digu, esate baterako, sexu kontsultek harrera ona dutela, hiru urte daramatzatela kontsultekin eta aitzindariak izan zirela.
Ospakizun jaia Bilboko Kafe Antzokian
Hamargarren urteurrena ospatzeko Gaztezulok 2010eko hasieratik hainbat ekimen abian ditu. Dena dela, urria hilabete trinkoena izango da. Ondoko lerroetan duzue egitasmoen berri:

Bideo lehiaketa: Lehenengo aldiz antolatu dute, eta aldizkariak bezala, Hi eta hire munduak du leloa. Gaia oso irekia da, norberak konta dezala bere mundua. Baldintza bakarra dago, euskaraz izan daitezela lanak. Azaroaren bukaeran epaimahaiak (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Koldo Almandoz, Egoitz Lasa eta Aitziber Garmendia) bideo lanen balorazioa egingo du. Sariak Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan banatuko dira. Sari nagusia 1.500 eurokoa izango da, eta horrez gain, Donostiako Euskararen Udal Patronatuak ikus-entzunezkoetan gastatzeko 1.000 euroko bonoa emango dio Donostian bizi den edo bertan ikasten duen gazteari. Bideoak Euskaltube edo Youtuben zintzilikatu eta lotura Gaztezulori bidali behar zaio. Gaztezulok jaso ahala zintzilikatuko ditu bere webgunean.

Festa
: Bilboko Kafe Antzokian, urriaren 15ean izango da, Esne Beltza musika taldea lagun. Sarrera doan da eta oparitxo sorpresak izango dira.

Gaztezulo Saria: Urtea bukatu aurretik, lehen aldiz emango dute sari hori. Urte hasieratik irakurleek galdera bati erantzun diote, alegia, azken hamar urteotan egindakoagatik zein euskal gazteri emango lioketen Gaztezulo Saria. Iraileko Gaztezuloren arabera Maialen Lujanbio bertsolaria doa sailkapenean aurrena eta bigarren dira Gorka Urbizu musikaria eta Koikili Lertxundi futbolaria.

Urriko zenbaki berezia: Hamaika idazlek eta hainbat ilustratzailek azken hamar urteotako atzera begirakoa egin dute. Bebe abeslaria eta Marta Etura aktorea elkarrizketatu dituzte. Argazkien txokoan, profesionalen lanak beharrean irakurleek bidalitakoak argitaratuko dituzte. Zenbaki honetan atal berria estreinatuko dute, irakurleek kirol gehiago eskatu baitute. Beraz, kirolak atal berezia izango du hemendik aurrera eta urrikoan mendi lasterketetan aritzen den Kilian Jornet katalan gaztea elkarrizketatu dute.

ASTEKARIA
2010ko irailaren 26a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude