Iñigo Azkona
Udako oporrak amaituta, sanferminak, andramariak eta sanantolinak errendituta, han eta hemen suelto eta libre ibili eta gero, zortzi orduko lanetara makurtuta aurkitu ziren hango denak.
Neguari begiratu zioten. Herri hartan zen gizaki orok harilkatu zituen plan berriak ikasturte berrirako, aro berrirako.
Desioen batzarra. Bilkura eraikitzailera deitu zuen alkateak, herritarren eskakizunak zerrendatu eta irtenbideen zirriborroa erredaktatzeko. Itaun argia jarri zien mahai gainean: zer nahi du herritar bakoitzak sasoi berrirako?
Eskarien zerrenda idazteari ekiteko, lehen urrats moduan, taldeka bildu ziren hango denak: umeak adinekoekin, ezkongeak ezkonduekin, taxi-gidariak nekazariekin, pobreak aberatsekin, eta gorriak urdinekin. Festa-itxura ponpoxoa hartu zuen batzarrak.
Metodologia aktibo horren bigarren urratsa izan zen elkarri esatea, denek entzuteko moduan ahots goraz adieraztea talde bakoitzak eztabaidatu zuenaren laburpena, herriko idazkariak akta jaso zezan.
Hor hasi zen benetako zalaparta. Talde batek gaua esaten bazuen, beste batek eguna. Arraina esanez gero Urliak, okela esan behar zuen Sandiak. Txakolina freskatzen jartzeko eskatzen bazuen Berendiak, sagardoa uretan sartzeko Kamiñondoko mutil zaharrak.
Eskakizunen akta. Buruarekin hormaren kontra ari zirela ikusita, bigarren batzar baterako deia egin zuen alkateak: bazkalondoan etortzeko udaletxera berriro ere, baina gauzak hobeto pentsatuta.
Tripa-zorriak uxatzera joan ziren ba herritarrak, eta han azaldu ziren berriz ere, kafearen eta anis-tantaren ostean. Diosal ederreko hitzak esan zizkien herriko nagusiak bertaratutakoei; eta, ahopeka, idazkariari agindu zion: “Ganorazko eskakizunak baizik ez apuntatu kaier ofizialean”.
Haur eta gazteek eskatu zuten errazagoa izatea matematikako azterketa, eta aldez aurretik ematea andereñok itaunak. Ezkongeek eskatu zuten zirri-etxe bat eraikitzea Elizosteko Plazan, bikotea probatzeko. Ezkonduek bat egin zuten eskari horrekin.
Udaletxeko balkoian ikurrina baizik ez egotea, piper-potoaren edo hiru koloretakoaren itzalik gabe, halaxe eskatu zuten gorriek. Urdinek, erregearen erretratua jartzeko batzar-aretoan. Horien artean ere, erabateko adostasuna.
Taxi-gidariek, zergak kentzea. Nekazariek, esne-kuotak altxatzea. Aberatsek, gidari partikularrak euren merzedesak konduzitzeko. Pobreek, tren-geltokia herritik hain urrun ez jartzeko...
Eskakizunak entzun ostean, alkateak berak hartu zuen hitza. Galdetu zien herriko zaharrei ea ez ote zuten haiek eskaerarik, normalean ez bezala isilik egon baitziren batzar osoan.
Elkarri begiratu zieten atsoek agureei, eta agureek atsoei; edo alderantziz. Haietako bat zutik jarri eta: “Bai, badugu eskakizun bat, bakarra: ukondoari muin egiteko modu erraz bat aurkitzea denon artean”.