Cornelia Funke Alemaniako idazlerik oparoenetakoa da. Mundu osoan irakurtzen dira haren lanak eta iaztik euskaraz leitzeko parada dugu, Elkar argitaletxeari esker. Naroa Zubillagak itzuli du Funkeren Tinta bihotz eleberria. Fantasiazko nobela da, gazteei zuzendua, eta liburuen mundura bidaiatzeko proposamena da ororen gainetik. Mok antzinako liburuak zaharberritzen ditu, eta liburuei dien maitasuna irakatsi dio Meggie alabari. Gau batez, gizon misteriotsu bat agertuko zaie aita-alabei etxeko leiho atzean, eta hortik aurrera abentura zirraragarria hasiko da. Liburu baten xerka hasiko dira biak, baina bidean, Meggiek misterio pertsonalagoak ere argituko ditu.