argia.eus
INPRIMATU
“Prezio duinak” mahatsarentzat
  • EHNE, UAGA, UAGN, UAGR, ASAJA eta Errioxako UPA sindikatuek afiliatuak eta mahasgintzatik bizi diren gainerako herritarrak mobilizatzea lortu zuten joan den asteburuan, Errioxako jatorrizko izendapena duen mahatsarentzat prezio duinak eskatzeko. Ez da lehen aldia euskal eta errioxar nekazal sindikatuok arrazoi beragatik mobilizatzen direna. Apirilaren 24an Logroñon (Espainia) manifestatu ziren, eta 3.000 mahastizainek hiriburuko kale nagusienak zeharkatu zituzten, errendimendua eta produkzioa murrizteko akordioaren kontra. Manifestazio hartatik hainbat hilabete igaro diren arren, banaketa sektoreak eskaerei entzungor egiteaz gain, egoera okertu egin da, sindikatuen arabera. Horregatik, berriz kalera irtetea erabaki zuten irailaren 11n.
Juan Mari Arregi 2010ko irailaren 19a
Mahastizainek errendimendua murrizteko hartutako konpromisoa bete dute, hau da, produkzioa jaistea, hori diru gehiago kostako zaien arren. Aitzitik, banaketa sektoreak ez du kontratuen garaian egindako esfortzua konpentsatu eta ez du prezioak hobetzeko bere konpromisoa bete. Sindikatuek banaketa sektorea kontzientziatu nahi dute, produkzioaren oreka lortzeko mahastizainen esfortzua konpentsatu beharrekoa ikusten dutelako. Horretarako, mahatsaren prezioak joan den kanpainakoa baino hobea izan behar duela diote. Oraingoz, ardandegiengandik joan den kanpainako prezioak baino baxuagoak diren proposamenak besterik ez dituzte jaso. Hala ere, antzeman da zenbait ardandegik azken urteetako hornitzaileetako batzuk utzi dituztela. Logikoa da, beraz, mahastizainen ardura, bai eta kalera irten izana ere, egoera hori salatu eta mahatsarentzat prezio duinak eskatzeko. Ardandegi-jabeek eta banaketa sektoreak dute orain hitza.