argia.eus
INPRIMATU
Ongi etorri Ongi Etorrira
  • Mexikoko golkoa, 1519. Alonso Alvarez de Pineda buru zuen espedizioa golkoko iparraldeko kostaldera iritsi zen, Asiarako pasabideren baten bila. Hasinai tribuko kideekin egin zuten topo eta hauek abegitsu hartu omen zituzten, taysha hitza (ongi etorriak) behin eta berriro esanez. Espainiarrek Texas ulertu eta gaur AEBetako estatuak halaxe du izena. Antzera gertatu zen Dakota izena duten estatuekin: lakota sioux familiako leinu baten izena da, eta “laguna” edo “aliatua” modura itzuli daiteke.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2010ko irailaren 14a
Espainiarrak egungo Texasera iritsi zirenean, bertakoek taysha esanez hartu zituzten konkistatzaileak, eta hortik omen datorkio izena. Taysha hitzak "ongi etorri" esan nahi du. Beraz, George W. Bushen jaioterria izateaz harro dagoen estatuko kartel honek "Ongi etorri Ongi Etorrira" dioela esan genezake.Martin LaBar
Bi urte lehenago, 1517an, espainiarrak gero Yucatan esango zitzaion lurraldera iritsi ziren. Konkistatzaileek maiei lurraldearen izena galdetu zietenean, Ma'anaatik ka t'ann (“ez dut zure hizkuntza ulertzen”), uh yu ka t'ann (begira nola hitz egiten duten) edo Ci u t'ann (“ez dut ulertzen”) erantzun zuten, nonbait. Edonola ere, iritsi berriek Yucatanen antzeko zerbait ulertu eta izen horrekin geratu zen penintsula.
Iristen lehenak bataiatzen du lurraldea. Horixe zen idatzi gabeko legea, eta Kolonek ederki eraman zuen praktikara. 700 irla baino gehiago bataiatu zituen eta beraren bidaiak finantzatu zituztenei koipea emateaz ere ez zen ahaztu. Fernandina, Isabelina eta La Española –egungo Haiti– izenak erabaki zituen, Espainiako Errege-erregina Katolikoen omenez. Frantziarrek ere Eguzki Erregea izan zuten gogoan egungo Louisianara iritsi zirenean.

Zapaltzen zituzten lurrek askotan irla mitiko klasikoak gogorarazten zizkieten eta, hortik datoz Antilla, Brasil edo Kalifornia –Hernan Cortesek uhartea zela uste zuen– izenak. Amazoniak ere mitologia klasikoa du sorburu.

Baina irudimena agortu zitzaien, nonbait, eta Europako toponimiara jotzea erabaki zuten. Hala, Venezuela Venezia txikia baino ez da, New Orleans Frantziako hiriaren ahaide amerikarra da eta holandarrak Manhattan uhartera iritsi zirenean Amsterdam Berria sortu zuten. Hori bai, ingelesek hartu zutenean, Amsterdam kendu eta York erantsi zioten izenari.

Euskaldunak ere ez ziren oso orijinalak izan: egungo Mexikoko lurralde bati Bizkaia Berria esan zioten, eta bertako hiri nagusiari Durango.