“Titiritero bat naiz”

  • Enologo, sommelier, ardo-dastatzaile, irakasle, medioetako kolaboratzaile, ardo-aditu… Nork esan zuen pertsonaren %70a ura zela?
Mikel Garaizabal

Zer moduz txikiteoaren desagertze orduetan?


Gizartea asko aldatzen ari delako, geroz eta egoistagoak eta europarragoak garelako, ala hipotekak harrapatuta gauzkalako geroz eta ardo gutxiago edaten dugu. Baina zenbat ospitaleko ohe aurreztuko genituzke egunean kopa bi edanez gero?

Esaiezu hori boteredunei! Ezin da erre, ezin da edan...


Kultur etxeetan ezin dela ardorik sartu, 18 urtetik beherakoek ezin dutela alkoholik probatu... Geroz eta harresi gehiago jartzen dizkidate dastatzeak egiterako orduan. Egun osoa letxuga jaten pasa behar dugu, ala?

Zu gai izango zara letxugarekin ederki sartzen den ardo bat aholkatzeko...


Gazteak erakartzea da gakoa, eta horretarako, kalimotxoa egin eta gure betiko etsaia den Coca-Colarekin elkartu behar badugu, aurrera.

Vade retro Satanas!


Garagardo kontsumoa jaistea lortuko genuke behintzat! Nola edan daiteke hainbeste garagardo hain garagardo kultura gutxi edukita? Tabernara joan eta “garagardo bat” eskatzen dugu denak berdinak balira legez. Non ikusi da hori?

Ardo munduko adituak lainoen usaina esplikatzen jardun izan ez bazinete, agian…


Teknizismo asko, zientzia-fikziozko deskribapen faraoikoak...Ghetto bat sortzea izan da gure bekatua. Baina ni titiritero bat naiz, herriz herri ardoaren kultura zabaldu, eta mundu elitista hori puskatu nahi duen titiriteroa.

Bai, bai, ardoarena bezalako negozio baten erdian titiritero…


Beti ibili naiz libre, eta aske izateak ate asko zabaltzen ditu. Eskupekoak daudela? Nik ez ditut sekula jaso, baina beti egon eta egongo dira.

Toki ederrean geratu da “ardoaren kultura”!


Ardoa negozioa da eta upategiak enpresak. Euretako batzuk negozioa eta kultura uztartzen saiatuko dira, baina denak daude etekinak sortzeko. Zergatik uste duzu direla garrantzitsuak jatorri izendapenak esportatzerako orduan?


Autentikotasunaren grazia dutelako?


Munduan lehiatu ahal izateko gurea taxuz egin behar dugu. Zer da garrantzitsuena, kalitatea ala kantitatea? Nola izan ditzakegu oraindik hiru txakolin jatorri izendapen desberdin? Nola esplikatzen da hori munduan? Noiz elkartuko ditugu?


Probokatzailea ala igarlea zara zu?


Auskalo zer gertatuko den ardoaren munduan. Orain arte milaka urte eman ditugu oso aldaketa gutxirekin, baina hemendik aurrera beste abiadura bat hartuko du garapenak. Pentsa, gaur esaten ari naizena hemendik bost urtera iraungita egon daiteke!

ASTEKARIA
2010ko irailaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude