Euskararekiko harremanaz etorkinei galdezka

  • Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herriko AEK-ko ikasleen datuak baliatu ditu, batik bat etorkinek euskararekiko dituzten jokaerak eta irudikapenak aztertzeko. Izan ere, demografian gero eta pisu handiagoa dute etorkinek.
Helduen euskalduntzea eta etorkinak Ipar Euskal Herrian (Euskaltzaindia).
Helduen euskalduntzea eta etorkinak Ipar Euskal Herrian (Euskaltzaindia).
Jakes Bortairu, Iparraldeko AEK-ko koordinatzailea da, eta Euskaltzaindiak argitaratu duen Helduen euskalduntzea eta etorkinak Ipar Euskal Herrian lanean jasotakoaz honela adierazi du liburuan bertan: “Sekulan ez zen egin aurten Erramun eta Battittuk [Baxok eta Coyosek] egin duten lan sakon eta zorrotza. Bazen garai beraz, AEK-k 30garren urtea betetzen duen momentu honetan holako lan bat burutzeko”. Ustekabeko larririk ez omen da datuetan, baina bai hainbat intuizioren baieztapen batzuk eta ezeztapen batzuk.

Baxok eta Coyos egileen ikerketaren helburu nagusia Ipar Euskal Herrian bizi diren etorkinek euskararekiko duten harremana, harekiko jokaerak eta sinesmenak aztertzea izan da, batik bat lan kuantitatiboa. 2006an 288.362 biztanle zituen Ipar Euskal Herriak eta 1999tik 2006a bitartean 14.665 biztanle irabazi zituen, batez ere etorkinei esker. Batetik, etorkin gehienek bertako bi hizkuntza nagusietako bat, frantsesa, badakite, ez aldiz euskara. Bestetik, demografian gero eta pisu handiagoa dute, eta beraz, etorkin helduek euskararekiko duten harremana aztertzea garrantzitsua da, Bortairuk dioen moduan, “heldu diren 4/5 urteetako AEK-ko plan estrategikoa lantzen ari garen momentuan, lan hau ekarpen ezin egokiagoa dugu beraz”.

2.607 ikasleren erantzunak

Egileek euskara ikasle etorkinei buruz ikerketa egiteko Ipar Euskal Herriko AEKra jo dute, erakunde horrek biltzen baitu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskara ikasten ari diren helduen gehiengoa. AEK-k 1994az geroztik ikasleei, etorkinei zein bertakoei, galde-sorta erantzuteko eskatzen diete. Baxok eta Coyosek 1995-1996, 2002-2003 eta 2008-2009 ikasturteetako hamabost gau eskolatako datu-baseak hartu dituzte. 2.607 ikasle fitxa –ikasleak gehiago ziren ikasturte horietan, baina fitxa guztiak ez dira baliagarriak izan– baliatu dituzte, etorkinenak eta bertakoenak, eta batzuen eta besteen datuak sistematikoki alderatu dituzte. Zenbaitetan bi taldeen arteko diferentziak oso txikiak dira, baina beste batzuetan antzeman daitezke aldeak.
 
Azterlanak ikasleen hainbat ezaugarri biltzen ditu, hala nola, adina, lan-egoera, lanbidea, euskara maila eta euskararen ezagutza familian, lagunartean, lanean. Horiez gain, atal sendoa dute ikasleen motibazioek eta helburuek. Euskara ikasteko izan ditzakeen zortzi motibazio aukeran eman zaizkie, eta euskara ikasterakoan dauzkaten helburuekin gauza bera egin dute, hamar aukera eman zaizkie.

Motibazioak

Euskara ikasi nahi izateko arrazoiak ez dira berberak bertakoak izan edo etorkinak izan. Bertako ikasleek zortzi motibazio aukeran emanda, gehien aukeratu zituztenak ondokoak izan ziren: Euskaldunekin komunikatzeko (%60), Nortasuna atzemateko (%46). Erdiko taldean sartuko genituzke ondokoak: Euskal kultura nireganatzeko (%33); Hizkuntzak maite ditudalako (%24); eta Nire haurrak euskara ikasten ari direlako (%16), kontuan hartuta ikasleen %40k haurrak dituela. Ondoko motibazio hauek dira gutxien aukeratutakoak: Euskal Herrian integratzeko (%12) eta Lana atzemateko edo aldatzeko (%11).

Ikasle etorkinek aldiz, aukera honela egin dute: motibo nagusiak dira Euskaldunekin komunikatzea (%65), Euskal kulturaz jabetzea (%57) eta Euskal Herrian integratzea (%46). Gero datoz Euskara maitatzea (%37); Nortasuna atzematea (%20); eta Haurrak ikasten ari direlako (%18), kontuan hartuta ikasle etorkinen %56k haurrak dituela. Azken postuan geratu da Lana aurkitzea arrazoia (%11).
Beraz, lehen lerroan ageri dira nortasunari lotutako erantzunak, baina bada aldea bertako ikasleen eta ikasle etorkinen erantzunetan. Bertako ikasleak sustrai bila dabiltza, kultura dute ardatz, aldiz, etorkinek Euskal Herrian integrazioa dute helburu. Orokorrean, nortasunari buruzko motibazioek indar gehiago dute etorkinengan, agian, bertakoek dagoeneko euskal herritartzat dutelako euren burua. Motibazio praktikoak –euskaldunekin komunikatzeko, haurrei transmititzeko, lana aurkitzeko...– bigarren mailan jarri dituzte bai etorkinek baita bertakoek ere. Hala ere, euskaldunekin komunikatzeko motiboa zortziko zerrendan aurrena jarri dute bi taldeek, eta azkena berriz, lanerako euskara behar izatea. Azken aukera horrek beharbada esan nahi du bi taldeek Ipar Euskal Herriko lan merkatuaren errealitatea ezagutzen dutela eta jakitun direla euskara beharrezkoa den lanpostuak gutxi direla.

Helburuak

2008-2009 ikasturteko 803 ikasleren datuak baliatu dituzte Baxok eta Coyosek ikasleen helburuak jakiteko. Hamar helburu zituzten ikasleek aukeran eta bat baino gehiago aukera zitzaketen. Bai bertakoek bai etorkinek gehien aukeratutakoa Adiskideekin mintzatzeko helburua izan da (ikus taula alboko orrialdean), eta gutxien aukeratutakoa Euskara lanbide bat eskuratzeko. Gainerako helburuak zerrendatzerakoan ez datoz bat etorkinak eta bertakoak. Bertakoentzat bigarren helburu inportanteena da euskara frantsesa bezainbeste ikastea, eta aldiz, etorkinek bigarren postuan jarri dute hedabideak ulertzeko helburua. Laburbilduz, badirudi etorkinak komunikazio gaitasun gutxiagorekin konformatzen direla eta bertakoek gaitasun handiagoa lortu nahi dutela. Dena dela, bi taldeek garrantzi handia eman diote ahozko komunikazioarekin zerikusia duten helburuei, eta bestelakoak, hala nola, haurrei euskara transmititzea eta lanbidea eskuratzeko euskara ikastea, bazterrerago utzi dituzte.

Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude