argia.eus
INPRIMATU
Euskal sustraiei atxikitako antropologo paristar euskalduna
Mikel Asurmendi @masurmendi 2010ko irailaren 19a
“Nire aitatxi zena gogoan” idatzia da Controverses institutionnelles en Pays Basque de France liburua-tesiaren sarreran (2007ko Baionako Hiria-Eusko Ikaskuntza-Euskal Kultur Saria). Hendaiako Kaskonenia baserrikoa du amatxi egileak: 96 urte ditu; aitaren ama. Femme de ménage gisa joan zen Parisera. Inprentan ziharduen aitatxi ezagutu zuen.

Ama paristarra du, beste amatxi okzitaniarra izaki: “Nik harreman zuzenena amatxi euskaldunarekin ukan dut. Euskara jakin gabe ere, euskarak erakarri nau txikitatik. Amatxi eta haien ahizpak hizketan entzuten nituen. Baina hori sentimenduetara baino ez zen mugatzen. Berantago, Parisko Euskal Etxean hasi nintzen euskara ikasten, eta serioago duela zortzi urte. AEKren Foruko Barnetegira joan nintzen lehen aldikoz. Bi hilabete eman nituen, orduan hasi nintzen lehen hitzak erabiltzen. Azken urteetan Lazkaoko Maizpide euskaltegian ari naiz, zazpi hilabete eman ditut jada”.

Historia eta antropologia soziala ikasi ditu. Ikerketa lanetan hasi eta Euskal munduaren ikusmolde eta kulturarekiko harremanak Iparraldean (Barandiaran Fundazioaren bekaren bidez) lana burutu zuen, frantsesez. Lan horren azken solasa Euskonews-en euskaraz argiratuko da laster. Berriki kantuen azterketa egin du Eusko Ikaskuntzako Musiker aldizkariarentzat: “Euskal errealitatea Euskal Herriko kantuetan nola agertzen den aztertu dut. Antzinako eta gaurko gaiak alderatu ditut. Besteak beste, Korrika ekitaldiaren –edota euskararen aldeko herri ekimenen– karietara sortutako kantuetako mezuak eta aldarriak aztertu ditut”.

Hendaian eta Parisen bizi da egun, euskarazko edota euskal testuen ikerle: “Eusko Ikaskuntzan aritu naiz, beken bidez. Orain lanpostu finko bat xerkatzen dut. Lan horretan finko aritzea biziki laketgarria litzateke, Parisen eta Euskal Herrian aldizka biziz”.