Urre asiriarra zigarreten truke

Ishtar
Goian, Ishtarren tenpluaren arrastoak. Aztarnategi horretan aurkitu zuten beheko argazkiko pieza txiki baina baliotsua, duela 3.200 urteko urrezko xafla asiriarra.
Qual’at Serouat (Irak), 1913. Alemaniar arkeologo talde batek urrezko xafla txiki asiriarra topatu zuen, antzinako Ashur hiriko Ishtar jainkosaren tenpluko arrastoetan indusketa lanetan ari zirela. Aleak 9,5 gramo besterik ez zuen pisatzen eta duela 3.200 urtekoa zen, Tukulti-Ninurta I.a erregearen garaikoa (K.a. 1243-1207).

Hurrengo urtean altxor ñimiñoa Basorako portuan ontziratu eta Alemaniara bidean jarri zuten. Baina orduantxe Lehen Mundu Gerra piztu zen eta itsasontzia Portugalera desbideratu zuten. Dozena bat urtez han geratu zen eta, azkenean, 1926an Berlingo Vorderasiatisches Museumera iritsi zen. 1935ean ipini zuten ikusgai.

Baina xaflaren odisea hasi baino ez zen egin. Bost urte geroago, Bigarren Mundu Gerra lehertu zenean, urrezko laminatxoa museoaren biltegian gorde zuten. Gerra amaitu eta inbentarioa berriro egin zutenean, xafla desagertua zen.

Handik ia 60 urtera, 2003ko apirilean, Riven Flamenbaum 92 urteko judutar poloniarra hil zen New Yorken eta, besteak beste, 90 urte lehenago aurkitutako altxortxoa utzi zien seme-alabei. Zer gertatu zitzaion piezari urte horietan guztietan?

1945ean, armada gorriak Berlin hartu zuenean, soldadu sobietarrek Vorderasiatisches museoa arpilatu zuten eta horietako batek bereganatu zuen xafla asiriarra. Handik gutxira, Berlingo merkatu beltzean, soldaduak Auschwitzetik bizirik irtendako Flamenbaumi saldu zion altxorra zigarreta pakete gutxi batzuen truke. Flamenbaum New Yorkera joan zen 1949an eta hurrengo urtean pieza eman zion aditu bati, azter zezan; adituak 250.000 dolarretan finkatu zuen haren prezioa. Ez zion deus ere esan inori, bere likore dendan lanean jarraitu zuen eta xaflaren berri ez zen berriro izan agurea hil arte.

2006an Berlingo museoak pieza itzultzeko eskatu zuen eta, horrenbestez, berriki amaitu den gatazka legala abiatu zen. Azkenean auzitegiek Flamenbaumdarren alde egin dute, museoak pieza berandu erreklamatu duela argudiatuz.

Zigarreta batzuen truke lortutakoak 7,4 milioi euroko balio ekonomikoa omen du gaur egun. Baina balio historiko kalkulaezina izan du beti.

ASTEKARIA
2010ko irailaren 12a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude