“Ukaezina da denbora kontua dela. Borondate politiko asko ari da batzen, akaso polikiegi, baina oinarrizko gai batzuen inguruan batzen ari dira: demokrazia arauak errespetatu beharra, oinarrizko eskubide guzti-guztiak errespetatu beharra, aukera politiko guztiek eduki behar dutela eskubidea plazan egoteko... Horrelako kontuetan ari dira batzen borondateak eta hori ez da bi egunetako kontua, ez da kanpaina bat, ez dauka zerikusirik hauteskundeekin, ezta soilik distentsio armatuko egoerekin ere, harantzago doan kontzeptua da.
Orain, berehalakoan, nik ez dakit zer gertatuko den, elkarrizketa politikoak taxuz eta ganoraz aurrera aterako ote diren; eta xake taula honetan gure auziarekin zer gertatuko den ere ez dakit. Baina epe luzera begira bai, txip aldaketa bat ematen ari da, mediatismotik harago doana. Eskubide zibil eta politikoen inguruan –norbanakoak nahiz kolektiboak– pentsatzeko modu bat lantzen ari gara apurka-apurka, eta denbora eta talentua horren alde jarri behar da. Nik horretan daukat itxaropena.”.