Hipermerkatuan galduta

  • Pello Añorga (Irudiak: Jokin Mitxelena) ::Pottoko hipermerkatuan

    Elkar

    orrialdeak ::103

    prezioa ::10.50€

“Pottoko potokoa da eta baserrian bizi da mendi artean”. Hitz horiekin eman zion hasiera Pello Añorgak bere lehen liburuari, duela 25 urte baino gehiago, eta hitz horiekin ekin die Pottoko protagonista duten gainerakoei, bai eta azken honi ere. Eta hasiera horrek, bai eta protagonista bera izateak, batasuna ematen die liburu horiei guztiei baina era berean batasun horrek argi eta garbi erakusten digu idazle (eta baita ilustratzailearen) honen eboluzioa.

Idazkera eta irudi aldetik askoz ere landuagoak dira azken lanok, eta oraingo honetan Pello Añorgak, gainera, umore kutsua gehitu dio, esajerazioa ere erabiliz. Pottoko baserritarra da eta gurasoekin hipermerkatu berri batera doa, bidaia traktorean egingo dute eta aparkalekuan utzi ondoren barrura sartuko dira. Hor hasten dira, baina, Pottokoren abenturak eta desbenturak.

“Zu egon zaitez hemen, Pottoko! Gu dendara goaz gauza bat ikustera, eta, bitartean hemen itxaron! Aditzen?”.

Eta gurasoek alde egin dute. Pottokok eskailera automatikoetan jolasten jarraituko du harik eta aspertuta hipermerkatuan ibiltzen hasiko den arte. Eta horrelaxe, hau ikusi, hangoari galdetu, hemen gauza bat probatu, han kiroletako tresnetan ibili… Pottoko galdu egingo da hipermerkatuan.

Argumentua nahiko sinplea da baina liburu honek duen balioa istorioan ageri diren komentario, aipu, iradokizunetan datza. Euskaraz eta gaztelaniaz ageri diren iragarki kontsumitzaileak, iragarki komertzialak ditugu horietako batzuk. Erosi, probatu, hau baino hoberik ez… eta Pottoko, zintzo-zintzo, tresnak probatzen, erabiltzen, dastatzen.

Abenturak, baina, ez dira horretara mugatzen; zaintzaileek, hipermerkatua itxi ondoren, lapurtzat hartzen dute eta horiek bai izango direla komeriak! Ezkutatu beharra, ihes egin beharra, patineteetan, aulkietan, txirrinduetan eta beste hamaika tresna erabiliz ihes egingo du harik eta azkenean guztia argitzen den arte.

Jokin Mitxelenaren irudiek ederki islatzen dute liburuaren tonua; ekintzak, mugimenduak, abenturak, baina baita umorea, egoeren aldrebesa, eta kontsumoaren aurrean ageri den zeharkako kritika ere; telebistez osaturiko pareta handien, iragarki komertzialen, eta abarren bidez.

Pottoko hipermerkatuan binomio fantastikoaren adibide argia dugu. Añorgak eta Mitxelenak, baina, horretaz gain jakin dute umore horri, gertakari horiei, bestelako kontuak ere gehitzen, irakurleak, azken finean, disfrutatzeaz gain gogoeta pittin bat ere egin dezan hipermerkatuetan ez galtzeko.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude