“Blogen eztandarekin Sara Montiel Hollywooden bezala sentitzen nintzen”

Patxi Trapero
Dani Blanco

Aizu, ezagun zait zure aurpegia, telebistatik edo…


Sautrelan azaldu nintzen hartan erdi-lo harrapatu zintudan nonbait, sofan. Kontuz ibili zer irudi jasotzen duzun lo geratu baino lehen: zaindu zure azpikontzientea.


Zotz! Futbolaria ote zinen…


Ezinezkoa ni futbolari izatea. Futbolariek minutu batean “bueno” hitza zortzi aldiz tartekatzeko dohain ikaragarria dute; oso urrutiko erronka, niretzat.


Argi iezaguzu, otoi, abizenaren nondikoa.


Joxe Mari Iparragirreren lagun mina izan zen Alegiako Ramon Batista traperoa. Zer ikusi ote zuen Iparragirre bezalako gizon jantzi batek gizon zarpail harengan? Zer edo zer ederra behar zuen.


Patxi Blogero, ez ote zenukeen behar orain.


Onartzen dizut grazia. Ni oso gizon serioa naiz, eta bereziki ahalegintzen naiz ero puntu bat izaten, seko erotuko ez banaiz. Blogak asko laguntzen dit arrasto zuzenetik noizbehinka ateratzen.

Aitzindari batekin hitz egiten dudan lehen aldia da.


Ba, behingoagatik, aizu, nire buruari inportantzia eman behar diot. Bai jauna. Blogen eztanda gertatu zenean, tarteka Sara Montiel Hollywooden bezala sentitzen nintzen.


Zer du, ze misterio sareak, hala harrapatzeko?


Errealitatea nork bere gustura eraldatzeko aukera, etxeko intimitateak ausartagoa izateko eskaintzen dizun tranpolin gozatsua, aurrez aurreko harremanetan jasotzea hain zaila den estimua jasotzeko bide paregabea…


Pentsa, Bernardo Atxagak egunero gosaltzen badu zure blogarekin…


Halaxe da: orain hamar urte ez bezala, kontu gertagarria da. Satelite batek konekta gaitzake Bernardo eta biok, goizeko seietan, zereal eta masusta-mermelada artean.


Baten bat pozik izango duzu, Estitxu Fernandez gora, Estitxu Fernandez behera…


Bai, Estitxuren erreferentzia ugari aurkituko duzu nire blogean. Baina ez da hain gauza harrigarria. Askoz harrigarriagoa da, niretzat, Iruña-Veleiako aztarnategiari eskaintzen zaion arreta. Nik nahiago ditut, bi mila urteko aztarna hautseztatuak baino, gaur egungo monumentu miragarriak.


Estitxu bera ere, akaso zorabiatu xamar.


Ez al nuen haserraraziko! Hala balitz, barkamena eskatzeko prest nengoke, ez dakit ba, bazkaltzera gonbidatuta edo. Elkarrizketa hau irakurriko balu: Estitxu, izan al zara inoiz Arguiñanorenean?


Dena den, Patxi, Arantza Quiroga dagoen lekuan…


A bai, bai… Arantza Quirogak, ni bezalako ezkerzale erdi-boltxebikeentzat, sekulako sexu-erakarpena du. Muturrek elkarrenganako duten erakarpena, aizu. Nik ere erakarriko al dut bera?!

ASTEKARIA
2010ko irailaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude