Gutxitan gertatuko zitzaizuen bost funtzionarirekin hitz egin eta, bostok, solistez osatutako korua bailiran, arrazoi duzula esatea. Hiru ez, bost tenore, horratx. Baina arrazoiaren prozedura ez, prozeduraren arrazoia da gure sektore publikoa gidatzen duena eta, ondorioz, “arrazoi duzu bai, ulertzen dut bai, baina... prozedurak hauxe agintzen du” entzunda amaitzen dira norberaren poxak eta hasten amorrazioak, haserretxoak eta bestelako malaostiak, fotokopiak eta errekurtsoak.
Egiari zor, Bizkaiko Koru, barka, Foru Aldundia ez da besteak baino okerragoa izango. Baina zinez zer hobetua itzela topatu dut, uda honetan, Ogasunarekin izandako lore jokoetan. Kartak markatuta dituela berarekin jokatzera behartua sentitu naiz eta, jakina, jokoa ez da errenta pertsona fisikoontzat bederen.
Eskerrak Joseba Azkarraga Etxagibelen Berandu baino lehen. Erretratuak XXI. mendeari saioa izan dudan bidaide. Iparra (eta beraz hegoa) ez galtzen laguntzen duen liburu horietako bat.