argia.eus
INPRIMATU
Iparraldeak bere erretretak defendatzen ditu
Juan Mari Arregi 2010ko irailaren 07a
Euskal Herria estatu gisa egituratzen ez den bitartean eta subiranotasun politikoa lortzen ez duen bitartean, euskal herritarrek bi estaturi egin beharko diote aurre eskubideak defendatzeko, baita Europar Batasunari ere. Aste honetan Iparraldeko herritarrei dagokie kalera ateratzea lan eta gizarte eskubideak defendatzeko, kapitalismo globalak mehatxaturik baitaude. Irailaren 7an sindikatuek deia egin die Frantziako Estatuko kide guztiei greba eta mobilizazio egunean parte hartu dezaten, erretreta hartzeko adina atzeratzeko asmoen kontra. Iparraldean, deialdi horrek sindikatu guztien babesa du, LAB barne, mugaren bi aldetan ezarrita dagoen sindikatu abertzale bakarra. Ekainaren 24ko mobilizazioak izandako arrakastak –Baionako manifestazioan 10.000 lagunek parte hartu zuten–, erantzun irmoagoa iragartzen du oraingorako.

Zergatik irailaren 7an? Egun horretan hasiko du Frantziako Asanblea Nazionalak pentsioen erreformaren eztabaida. Frantziar exekutiboak erretreta atzeratzea aurreikusi du 60 urtetatik 62 urtera, eta 40 urteko kotizazioa mantendu. Sindikatuek, aldiz, eskatzen dute erretreta hartzeko adina 60 urtean mantentzea –55 urterekin lan nekagarriak direnean– eta kotizazioa 37,5 urtera itzultzea.

Erreformak egiteko garaian, Europako gobernu guztiek, bai eskuineko bai ezkerreko, finantza merkatuen exigentziak direla diote. Enpresarien aldeko neurriak hartzen dituzte (zergak murriztu, kaleratzeak merkatu...) eta bisturia sartzen dute langile eta herri klaseetan. Iparraldeko herritarrek, aste honetan, Sarkozyren erreformaren kontra daudela erakutsiko dute greba eta manifestazioekin, eta duintasuna dutela ere erakutsiko dute, kapitalismoaren erasoen aurrean. Hegoaldeko herritarrek ere beste hainbeste egingo dute, orain arte bezala eta hemendik aurrera.