argia.eus
INPRIMATU
Carme Freixa, Denboraren Erabilera Sozial Berriak egitasmoaren arduraduna
“Lantegiko sirenak dagoeneko ez du jotzen, baina joko balu bezala bizi gara”
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko ekainaren 30a
Bartzelonako Udalak (Katalunia) Espainiako Estatuko, eta ia Europako, lehenengo Denboraren Zinegotzigoa jarri zuen abian 2003an. Krisiaren ondotiko murrizketak direla-eta zinegotzigoa desagertu da, baina NUSTek (Nous Usos Socials del Temps edo Denboraren Erabilera Sozial Berriak) egitasmo gisa aurrera segitzen du.


Zein da NUSTen egitekoa?


Denbora baliabide urria da eta horren banaketa, sexista. Administrazio demokratikoaren egitekoa da baliabide urri hori zuzen eta berdintasunean banatzea.

2003an hasi zineten.

Emakumeek eta elkarteek hausnarketak egin dituzte denboraren banaketa sexistaz. Tradizio hori jaso genuen sorreran, eta administrazio eta ideologia ikuspegitik landu dugu. Alegia, denbora modu sexistan banatua baldin badago, ikus dezagun zergatik gertatzen den hori.

Nola banatzen da denbora?


Lan denborak segitzen du baldintzatzen gizakion denbora. Lan denbora horrek, ia herrialde denetan, presentzia lehenesten du efizientzia baino. Lan denborak hiriko denbora ere baldintzatzen du, dezimononikoa baita: ordutegi oso zehatzak, goizez edo arratsaldez egiten da lan... Lan denbora horrek ahazten du, ongizatearen estatuan, hiria erabiltzeko eskubidea duela herritarrak, lana noiz egiten duen kontuan izan gabe. Lantegiko sirenak dagoeneko ez du jotzen, baina joko balu bezala bizi gara. Gizakiak denbora kudeatzeko duen eskubidea bermatzeko, politika publikoek hiriko denboretan eta lan denboretan eragin behar dute.
Europako ordutegiak ez dituzu gustuko eta mitotzat dauzkazu.
Proposamen sexista eta zaharra da. Ustez 7:30ean hasten da eta 17:00etan bukatu. Eredu horrekin lanaldi murriztua emakumeek hartuko lukete eta umeak zaindu. Eta mitoa da Europako ordutegia, zeren izatekotan ere gureak baino ordutegi trinkoagoak dira. Askotan ez dira hori ere, adibidez Parisen hirutik batek gauez egiten du lan. Horregatik diogu 24x24 orduz irekita egongo diren hiriak (osasuna, segurtasuna, garbitasuna, garraioa) behar dituela ongizatearen estatuak. Lana egiten den ordutegian egiten dela, herritarrak hiriaz baliatzeko eskubidea dauka. Hiriak herritar guztien beharretara moldatutako denbora eduki behar du.


Ardatza lan denbora da, orduan.


Adibidez, familia kontziliazioaz hitz egiten dugunean, segitzen dugu norberaren denbora eta hiriko denbora lan denboraren arabera kudeatzen. Lan denbora da ardatza eta horren arabera moldatzen da gainerakoa.
NUSTen alderantziz da: lan denbora ez da ardatz, denbora kudeatzeko norberaren eskubidea baizik. Lortu nahi dena da bateragarri egitea norberaren beharrak eta behar profesionalak.
Denboraren banaketa txarrak desberdintasun sozial handiak sortzen ditu, eta ez gizon eta emakumeen artean bakarrik, baita bertako populazioaren eta kanpotik etorritakoaren artean ere.

Nola aldatu lan denboraren kultura?


Batik bat Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiliz, hau da, norbanakoaren zerbitzura jarri, eta bide batez, enpresen leihakortasunari on egiten diola ulertuz. Enpresek ulertu behar dute leihakortasunean irabaziko dutela eta langileak askoz gusturago egongo direla. Sindikatuek ere mahai gainean jarri behar dute gai hau.


Zazpi urteko lana zer moduzkoa izan da?


Denboraren erabileraz hitz egiten hasi ginenean, herrialde honetan kontziliazioaz baino ez ziren mintzatzen; emakumeentzako kontziliazioaz. Guk emakumeak ibilbide profesionaletik eta lan merkatutik ateratzeko arriskua ikusten genuen. Zazpi urte hauetan jende askok ulertu du kontziliazioaz baino askoz harago joan behar dugula. Ulertu dute gure teknologia/denbora bikotea.