"Folk zaleak gure kontzertuetara etortzea lortu dugu"

  • Nahasketa lehergarria: nitroglizerina eta silizio dioxidoa. Dinamita. Edo, musikaz ari bagara, black metala eta folka. Aiumeen Basoa. Iraganeko bide malkartsutik diskoa kaleratu du Mutrikuko taldeak. Bat baino gehiago harrituko da emaitzarekin. Kontrastez betetako lan horri buruz hitz egin dugu Egoitz Andonegi taldeko baxu jotzailearekin.
Aiumeen Basoa

Bide luzea egin duzue disko honetara iritsi arte. 2006an grabatu zenuten, baina ez duzue orain arte publikatu. Zer dela eta lau urteko atzerapen hori?


Ez dira lau izan, hamar izan dira. Duela hamar urte split bat atera genuen, hiru taldek osatutako disko bat: Adhur, Ilbeltz eta Aiumeen Basoa. Erlazioa daukagu hiru taldeok eta Aiumeen Basoako kide batzuk Ilbeltzen ere aritzen gara. Eta, kontua da, ordurako bageneuzkala orain aurkeztu ditugun abesti hauek, baina nahiago izan genuen kanta zaharrak lehenago argitaratu. Gero taldekideen artean aldaketa asko izan ditugu eta beraz, hamar urtean kantak lantzearekin batera gurekin geratuko ziren musikariak aurkitzen ibili gara.

Folka eta muturreko metala uztartzen dituzue. Ez dakit inguruotan beste talderen batek hori egiten duen... Ez duzue sentitzen talde berezia zaretela?


Entzuten duenak esan beharko du, baina tira, era batera edo bestera bai. Egia da kantetan zati batzuk mutur batekoak direla eta kontrako muturreraino joaten direla: black metala, viking edo pagan metala batetik, eta bestetik folka. Baina gustuko ditugun musikek eraginda atera zaigu horrela. Egia da black metal talde askok ez dutela beste estilorik entzuten, eta gauza bera folk talde askorekin. Gu aldiz, erreferentzia ugari edukitzen saiatzen gara: folk talde euskaldunak, atzerrikoak, black metal taldeak... Euskal Herrian ez da azken hori gehiegi landu, baina atzerrian bai. Eta guk egiten dugun moduan folka eta metala elkartzea ere ez da arraroa Norvegian edo Finlandian.

Europan beharbada jarraitzaile gehiago ditu metalak, bere aldaera guztietan. Zer gertatzen da Euskal Herrian, publiko hori sortzeke dagoela oraindik?


Nik ez dut ulertzen musika mundu honek nola funtzionatzen duen. Aurtengo egoera, kontzertuen aldetik, nahiko txarra izan da. Begira bestela zenbat kontzertu eman diren eta zein estilotakoak. Eta gauzak horrela egonda, ez dakit jendea prest ote dagoen bestelako aukeren alde apustua egiteko. Halere, gure kasuan, jende askok esan digu gure publikoa ez dela espero zutena: 40 urteko jendea black metal kontzertu batera joatea arraroa egiten zaio askori.


Eta joaten dira?


Bai. Lortu dugu folka gustatzen zaion jendea gure kontzertuetara etortzea, eta black metala gustatzen zaiona ere bai. Horrekin arriskatu ere egiten duzu: black metal zaleentzat suabeegia izan daiteke egiten duguna, eta folk zaleentzat zarata hutsa...


Kantak konposatzerakoan buruhausteren bat edo beste ere izango zenuten, estilo diferentzia horrek eraginda.


Hor dauzkazu hamar urteak [barre egin du]. Abestiak orain dela hamar urte sortuak dira, baina ahots zatiak edo gehitu dizkiegun instrumentuak, denborarekin landu ditugu.


Diskoaren tituluak islatzen du kosta zaizuela lana borobiltzea: Iraganeko bide malkartsutik.


Bi zentzu ditu: batetik Euskal Herriak iraganean bizi izan duen bide malkartsua islatu nahi du; eta, bestetik, musika munduan guk egin dugun bidea ere malkartsua izan dela adierazi nahi genuen. Beraz, titulu hau atera zenean esan genuen: “Honekin erantzuten diogu gure bizitzako bi gauza inportanteri”.


Kantetako hitzekin sentsazio hori izan dut. Euskal mitologia erabiltzen duzue maiz, baina gaur egungo Euskal Herriaz mintzo zarete, ez al da hala?


Neurri batean bai. Baina Euskal Herrian talde asko ateratzen dira hitzetan politikaz edo gai sozialez zuzenean egiten. Gure hitzak berriz, egia esan, fantasia dira. Batzuetan benetako gertakarietan oinarrituta daude, adibidez Akelarrearen sua kantak Inkisizioaz hitz egiten du eta Euskal Herrian izan zuen eraginaz, batez ere beren burua paganotzat zeukaten horiengan. Edo, Jentil odola kantak Euskal Herrian zeuden sinesmenei buruz hitz egiten du... Baina fantasia hutsa direnak ere badauzkagu. Adibidez, arlekin bati buruzko kantak ixten du diskoa eta ez dauka zerikusirik euskal mitologiarekin.

Istorioak kontatzeko joera duzue, eta esango nuke nahiko disko narratiboa atera zaizuela.


Bai, baina kanta batzuek ez dute besteekin zerikusirik. Kantauriko trabain erruak abestiak itsasoari buruz hitz egiten du. Gu Mutrikukoak gara, eta bai Mutriku, bai Deba, nahiko herri piratak izan dira. Itsas munduan garai hartan egiten ziren arpilatzeak interesgarriak egiten zitzaizkigun. Pentsatu genuen: “Gure herriko gauza bat da, eta gainera melodia epiko samar bat sartuta, erdi-aroko ukituarekin, ondo geratu liteke”. Baina oro har ez daukagu ikuspuntu finko bat hitzetan.


Zazpi lagun zarete eta kolaboratzaile asko izan dituzue. Nola moldatzen zarete hori guztia kontzertu batean erakusteko?


Zuzenean zazpiak aritu izan gara orain arte eta espero dugu aurrerantzean ere moldatuko garela denok batera aritu ahal izateko. Estudioan oboeak, flautak, haizezko beste instrumentu batzuk, panderoa, txalaparta... eta abar sartu ditugu, baina horiek zuzenekora ez eramatea erabaki genuen. Saiatzen gara beste instrumentu batzuekin ematen melodia horiek eta gainera, nik uste, badaukala bere parte ona, zuzenean beste zer edo zer ematen saiatzen garelako, eta, segun eta zein kasutan, diskokoa baino hobea izan daiteke. Eta gertatzen zaigu, diskoa hartu eta esatea: “Parte hau zuzenean egiten dugun moduan grabatu izan bagenu...”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude