argia.eus
INPRIMATU
“Total, euskara lehenago edo geroago, galdu egingo da”
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2010ko irailaren 05
Lagun batzuen familiarekin elkartu gara bazkaltzeko. Amonak ez du euskaraz egiten, gainerakook bai. Mahaian amonari gaztelaniaz egin diot beti, eta nire lagunekin batzuetan euskaraz eta bestetan gaztelaniaz, zalantzatan, amonak zer pentsatuko.
Lagunetako batek bazkal ondoren: “Harritu nau eguerdiko jarrerak, nirekin euskaraz egiten zenuen amonaren aurrean”. Eta nik: “Batzuetan bai eta beste batzuetan ez, amonak zer pentsatuko zuen zalantza egin dut, nik ia ez baitut ezagutzen andrea, baina zuri erdaraz egitea izugarri kostatzen zait... –berotzen hasi naiz– eta ze arraio! amonak ulertuko du ba euskara, eta denok, bera ezik, euskal hiztunak gara, eta guk ez badugu egiten...
Halako batean bota dit: “Total, lehenago edo geroago, guk ahalegina egin ala ez, euskara desagertuko da eta ez du merezi halako lanik hartzerik”. Alboko beste lagunari irribarrez begiratu diot, badakidalako gauza bera ari garela pentsatzen, eta bota dut: “Euskara ez da desagertuko, eta hala gertatuko balitz ere, guk badaezpada ere euskaraz”.
Irribarre konplizearen lagunak esan dit, duela gutxi lagun eszeptikoa nirekin akordatu dela: euskaraz baino gaztelaniaz gehiago egiten duen lagun bati hasieratik bukaerara euskaraz egin dio, temati, baina natural-natural.
Hurrengoan galdetuko diot ea nola sentitu zen abentura polit hartan.