Frantziako Estatuan krisialdi sozial ekonomiko eta finantzarioa ez da Espainiako Estatuan bezain larria. Dena den, defizit publikoaren murrizketak doikuntzak eragin ditu, Europako gainerako herrialdeetan bezalaxe. Aurten sektoreko lau greba orokor eta mobilizazio asko jasan behar izan baditu ere, Frantziako Gobernuak erretiroa eta pentsioak erreformatzeko asmoarekin aurrera egitea erabaki du. Halaber, beste neurri fiskal batzuk ezartzea aurreikusten du, Frantziako Gobernuaren erreformak Espainiako Gobernuarenak baino apalagoak izan arren. Erretiroei dagokienez, Frantziako Estatuan orain arte erretiroa hartzeko adina 60 urtetan zegoen. Erreformaren bidez, erretiroa hartzea bi urtez luzatu nahi dute, 62 urtera arte. Horrez gain, pentsioa jasotzeko urte gehiago kotizatzea eskatu nahi dute.
Frantziako Gobernuaren erabakiek berehala jaso dute sindikatuen erantzuna: milioika langile eta pentsiodun mobilizatu dituzte. Frantziako Gobernuaren administraziopean dagoen Ipar Euskal Herria ere eraso neoliberalari erantzuten ari da. Azken mobilizazioa ekainaren 24an burutu zen eta 10.000 pertsonako manifestazio arrakastatsua egin zen Baionan. Hil honetan eta hurrengoetan mobilizazio gehiago izango dira Iparraldean ere. Frantziako Estatu osoan greba orokor gehiago deitzea ez dute baztertu eta, orain artekoek bezala, ziur Iparraldean jarraipen handia izango dutela.