"Euskal etxeetan gehiegizko tokia du folkloreak"

  • Eduardo Torry politologoa da, Buenos Airesko Unibertsitateko irakaslea eta Argentinako euskal kolektibitateko kidea. Azken urteetan identitate euskal-argentinarra  aztertzen aritu ostean, hainbat euskal etxetan eskaini ditu ikerketaren ondorioak. Kafe bat hartzera gonbidatu dugu.
Eduardo Torry
Gorka Berasategi

Identitate euskal-argentinarraz ari gara hizketan. Nola ulertu behar euskaldunaren eta argentinarraren arteko uztartze hori?


Gai honi heltzerakoan, euskal identitatea inguru argentinarrean nola ematen den aztertu behar dugu. Identitate euskalduna hemen era berezian garatzen da, gizarte argentinarrak konnotatzen duelako.

Gizarte argentinarra etnia askotakoa da eta identitate argentinarrak ez du oinarri etnikorik. Zentzu horretan, identitate euskaldunak eremu horri egiten dio erreferentzia. Gainera, aldi berean baieztatzen diren identitateak dira. Identitate euskalduna baieztatzen denean argentinarra ere baieztatzen da.

Ez gara bi identitateren arteko fusioaz ari, orduan. Baizik eta esparru desberdinak betetzen dituzten identitateei buruz.


Ez da identitateen arteko fusioa, gainjartzen diren elementuak dira. Baina gainjartze hori ez da inolaz ere gatazkatsua. Izan ere, identitate argentinarra identitate nazionala da, naturala eta zibikoa. Identitate euskalduna, berriz, etnikoa litzake.

Identitate jakin bat eraikitzerakoan, taldeak bere buruaz kontatzen duen narrazioaren garrantzia azpimarratu izan duzu. Zein narrazio osatu du euskal-argentinarrak bere identitateaz?


Ez dago identitaterik identitate hori narratzen duen kontakizunik ez baldin badago. Gure kasuan, euskal identitatearen narrazioak zer ikusia du Argentinak bere burua narratzeko duen moduarekin. Argentinako narrazioa denaren barruan, etorkinak oinarrizko osagai dira eta, beraz, euskaldunen kontakizunak zera esango du: gu oinarrizko elementua gara Argentinako gizartearen eraikuntzan. Horren adibide, Argentinako historian antzeman daitezkeen euskal jatorriko figura garrantzitsuak: aberriko handikiak, militarrak, politikariak, pentsalariak... Hor josten da bi identitateen arteko lotura.

Bestetik, euskaldunak Pampan zeudela, nekazal eta abeltzain lanetan, gauchoarekin (ondoren Argentinako arketipo irudi bihurtu zenarekin) oso harreman estua izan zuen. Eremu geografiko berean aritu ziren elkarrekin lanean eta elkarren arteko trukea gertatu zen. Euskaldunak zaldian ibiltzen ikasi zuen, gauchoak txapela bere egin zuen, eta abar. Hori guztia azpimarratu egiten da euskalduna Argentinan oso era positiboan integratu zela nolabait frogatzeko. Horrez gain, euskaldunari lotzen zaizkion baloreak aipatu behar. Indarra, kemena, zintzotasuna… Eta funtsean gizarte berri baten eraikitze prozesuan langile izanaren irudia atxikitzen zaio.


Euskaldunak bere buruaz eraiki duen narrazioak bat egiten al du Argentinako gizarteak euskaldunaz duen pertzepzioarekin?


Kalifikazio guztiak ez dira onak izan euskaldunentzako. Euskaldun basatiaren irudia ere badago. Gaurko garaira gerturatzen bagara, gatazka politikoari lotutako indarkeriaren ideia ere hor dago. Baina orokorrean bai, bat egiten dute. Euskal izena izen ona da Argentinan.


Zein toki esango zenuke dagokiola euskarari identitate euskal-argentinarrean?


Uste dut toki garrantzitsua eskaintzen zaiola. Edonola ere, hiztunen kopurua oso baxua da. Hemen, beste toki askotan gertatu zen bezalaxe, etorkin euskaldun askok ez zieten haien seme-alabei euskaraz irakatsi nahi izan. Agian gizartera moldatu nahi zutelako, hona etorri ziren eta haien seme-alabak argentinarrak izatea nahi zuten. Baina ongi ikusia dago [euskara jakitea] eta identitate ezaugarri gisa identifikatzen da. Kontuan izan behar da Argentinan mila euskara ikasle baino gehiago dagoela!

Euskal etxe askok Euskal Herrira joateko bidaia antolatuak eskaintzen dituzte. Zein garrantzia du Euskal Herriak espazio fisiko gisa?


Euskal Herria erreferentzia nagusia da. Batzuek euskal komunitate globalari buruz hitz egiten dute. Nik globala pentsatzen dudanean zentrorik gabeko zerbaitetan pentsatzen dut eta hemen garbi dago zentro sinbolikoa Euskal Herria dela. Euskal Herria orokorrean hartua, karga politikorik gabe. Euskal Herria, País Vasco, Euskadi… Jendeak ez baitu izen bakoitzak izan ditzakeen ñabarduren berri. Bada, ordea, erakarpen emozional bat esparru fisikoarekiko.

Eta zein garrantzia du folkloreak?


Oinarrizko elementua da. Dena den, nire ustez, euskal etxeetan gehiegizko tokia du folkloreak. Beste ate batzuk ireki beharko lirateke. Bada euskaldunari buruzko irudi arketipikoa, historikoki izoztua gelditu dena, nahiz eta egun zenbait irudi berrikusten ari diren, eta folkloreak gaur duen tokia antzinako irudi horretan gelditzen laguntzen du. Dantzariaren irudia, esaterako, oinarrizkoa da. Orain ez urte asko, euskal etxearen parte izan nahi zuen edozein gaztek dantzari gisa sartu behar zuen taldera eta ez zegoen beste aukerarik.

Kultur joera berriei toki gehiago utzi beharko litzaieke, beraz.


Bai. Baina askok agian identitate galera gisa ulertu dezake kultur joera berriei lekua egitea. Talde batek euskaldunari buruz duen irudia baserria baldin bada, baserritarra, dantzaria... eta euskal etxera euskarazko musika elektronikoa egiten duen talderen bat gonbidatzen badu, euskara oso ondo, baina musika elektronikoa…
 

Gizarte argentinarraren zenbait ezaugarri antzeman al daitezke identitate euskal-argentinarrean?


Bai. Uste dut zenbait praktiketara mugatzen dela, hala ere, eragin hori. Esaterako, sozializazio praktiketan ikus daiteke, erakundeetan biltzen den jendeak harremanetarako dituen moldeetan.


Euskal etxean asadoa egiten denean, adibidez?


Hain zuzen. Maila horretan izan du eragina. Ez horrenbeste identitatearen narrazioari dagokionean. n
Euskal gatazka
“Pertzepzioa lausoa da, ez baita informazio askorik mugitzen kolektibitatearen barnean. Zentro asko daude hamar urte besterik ez dutenak, agian identitate euskalduna senitartekoekin zerikusia duen kontua besterik ez da haientzako hasiera batean eta ez dute oinarri historiko edo politikorik gatazkan zer gertatzen ari den ulertzeko. Formazioa falta da. Euskal Herria zer den, geografia, historia, egoera politikoa, zergatik gertatzen da hau eta ez bestea, lurraldearen zatiketa... Informazio falta nabarmena da”.

Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude