Soroa biziarazteko zuhaitz adaxkak: BRF sistema

  • Adaxka-egur birrinduz (Bois Rameal Fragmenté frantsesez) ortuko lurzorua aberastea, horra duela 30 urte Kanadako Quebecen sortu eta munduan zabaltzen ari den teknika iraultzailea. Landarea ez baino zorua elikatzean datza gakoa, horretarako baso eta hesietako zuhaitz eta arbolen adar txikiak birrinduta lurrarekin nahastuz.
Ezkerreko argazkian (La Depeche du Midi egunkaritik hartua) Jacky Dupety ageri da eskuetan bere soroan zabaldu dituen adaxka birrinduak erakusten. Frantziako erdialde idorrean, Causses du Quercy eskualdean, 2004tik BRF sisteman darabil etxaldea. Laborariz
Ezkerreko argazkian (La Depeche du Midi egunkaritik hartua) Jacky Dupety ageri da eskuetan bere soroan zabaldu dituen adaxka birrinduak erakusten. Frantziako erdialde idorrean, Causses du Quercy eskualdean, 2004tik BRF sisteman darabil etxaldea. Laborariz gain Dupety Frantzia osotik dabil hitzaldiak ematen, eta berea da gaiari buruz Europan plazaratutako liburuetako bat: Le BRF, vous connaissez? (Adar-egur birrindua, badakizu zer den?). Eskuineko erretratukoa da Gilles Lemieux irakasle eta BRFaren teoriko nagusia, 2009an hila. Gizakiak oraindik zoruaren sorrera-bilakaera-hondatzeaz oso gutxi dakiela eta, Pedogenesia deitu diziplinan sakondu beharra aldarrikatu zuen azken urteetan, lurraren aberastearen kontzeptutik harago joanez. Haren ustez, gaurko soro eta baratzeak antzinako oihan higatuak dira eta BRF bezalako teknikekin bizi berria eman dakieke.La Depeche du Midi
Basoan da soroen etorkizuna, agian horrelaxe laburbildu beharko litzateke BRF (Zuhaitz-Egur Birrindua, frantsesezko sigletan) teknikaren mamia. Teknika? BRFaren aldarrikatzaileen aburuz nekazaritzako teknika izatetik askoz urrunago doa: lurgintzaren paradigma berria da.

Joan den ekainaren 17 eta 18an Okzitaniako Tolosan BRFaren garapenaz burutu jardunaldietan –Developper les BRF– nekazari, unibertsitateko irakasle, laborantzako aditu eta administrazioko kargudunek hartu zuten parte, eta hartan ikusi zen sistema berriak urte gutxitan bederen Frantzian zer nolako oihartzuna lortu duen.

Aspaldikoa da makinerian, monolaboreetan eta botika gehi ongarri kimikoetan oinarritutako laborantza industrialaren kontrako kritika. Haren aurrean, bai bizibidea lurgintzan daukaten baserritarrek eta bai ortua modu garbi eta organikoan landu nahi duten amateurrek alternatiba ezberdinak landu dituzte: ongarritzat konposta erabiltzea, botiken ordez fitoterapia eta erremedio naturalak, goldaketarik gabeko baratzegintza, biodinamikoa, nekazaritza naturala...

BRFak planteamendu aldaketa nagusi bat dakarkie guztiei. Lurrean ongarriak zabaltzeko ordez, adar-egur birrindua erabiliz basoko lurzorua berregin nahi du soroetan. Nola? Funtsean, zuhaitz hostozabalen adar meheak zati txikitan xehatu, lurrean bost zentimetro inguruko geruzan zabalduta lurrazalarekin arinki nahastu eta onddoei lan egiten utziaz.

Teknika honek eragin nahi du onddoak –basidiomizetoak aipatzen dituzte– lanean jarri eta soroan oihanean bezalako humifikazio prozesua abiaraztea, konpostarekin eta bestelako ongarriekin –bakterioak tarteko– lortzen den mineralizazioaren ordez. Horretarako, udazkenean inguruko zuhaitzen 7 zentimetro baino meheagoko adarrak 2-3 zentimetroko zatitxoetan birrindu eta lurrari nahasten dizkiote.

Zuhaitz eta hesietako adar biziek badituzte osagai asko, baina zoruaren berritzeko garrantzi handia ematen diote ligninari. Energi iturri baina erabilgaitza den lignina desegiten hastean ugaritu eta hasiko dira lanean oihaneko onddoak, nekazaritzak agortutako lurrari gorputz berria emango diotenak.

BRFaren defendatzaileek dena aurkitzen diote etekinezko. Lurzoruaren PHa azidotik neutrora ekartzen omen du. Adaxka birrinduz eraldatutako soroak besteek baino askoz ur gutxiagorekin hauek bano uzta askoz hobea ematen omen dute, fruitu eta barazki mamitsu eta zaporetsuagoak emanez. Arbola ahulduak biziberritzen ditu. Lana arintzen dio baserritarrari.
Baldarki eraili izanagatik pobretutako alorrak eta desertifikazioak bizi barik lagatakoak berriro emankortu omen daitezke horietan adaxka birrinduak nahasita. Egia da Saheleko herrialde batzuetan egin direla esperientziak BRFaz, emaitza oso onak bilduz.

Landareak ez, lurra elikatu

Basoko adaxka eta sasi txikituekin 1970eko hamarkadan esperimentuak eginak zituen Jean Pain frantsesak, oraindik badira haren sistemarekin ari direnak. Baina gai honetan erraldoiaren urratsa Gilles Lemieux irakasle quebectarrak egin zuen, itsasoaren beste aldean.

Garai Kanadako Quebec krisi sakonean murgildua zen; gobernua herrialderako jarduera eta produktu berrien bila zebilen. Nekazaritzako ministerioan goi kargua zen Edgar Guay izan omen zen hango basogintzan zegoen soberakinetako bat –nora bota ez zekiten milaka tona adar– lurgintzan nola probestu esperimentatzen hasi zena.

1980ko hamarkada hasieran Guayk bultzatu zuen Gilles Lemieux ikerketa talde bat antolatzera. Laval-eko unibertsitatean oihaneko zientzietan doktorea zen Lemieux gogo txarrez hasi bazen ere, gero hil arteraino ariko zen gai honen inguruan beharrean. Lavaleko unibertsitateak Interneten ipinita dauzka Lemieuxen artikulu andana, gehienak frantsesez baina gaztelaniaz itzuliak ere badira.

Quebeceko emaitzekin berotuta, Lemieuxen taldeak beste herrialde askotan egin zituen probak, Ukranian, Bolikostan, Senegalen eta beste. Eta berretsi zuten adaxka birrinduek herrialde epeletan baino are lan hobea burutzen dutela tropikoetan, non oihanen oinpeko zorua askoz ahulagoa den.

Europan duela 15 urte inguru hasi zen BRFa aipatzen eta azken aldian ugarituz doaz horri buruzko webguneak, hitzaldiak eta liburuak. Interesgarrienen loturak bildu ditugu paper honen Interneteko bertsioan. Gilles Lemieux, berriz, 2009ko apirilean hil zen. Munduko Bankuak eta beste erakunde handiek ikerketa seriotan hartzerik ez zuen lortu, baina ordainetan jaso zuen mundu osoko laborari aitzindarien onarpena eta esker ona.

Uda honetan bortuko lizarraren gerizpean bezala hondartzako parasolaren babesean nekazaritzako paradigma berri honetaz gehiago jakin nahi direnak, on luke irakurtzea Lemieuxen artikuluetatik hau: El mundo oculto que nos alimenta: el suelo viviente, Lavaleko unibertsitatearen gunean PDFan dohainik eskuragai dagoena.

Paper horrek biltzen du Lemieuxen mintzaldi argienetako bat, bere 16 hipotesi famatuekin. Lemieuxek dioenez, milioika urtez oihanetako lurzoruan ugaldu da lehorreko bizitza eta nekazaritza basolur horien gainean hazi zen. Gaurko soroak antzinako basolur hondatuak baino ez dira. Adaxka-egur birrindua usatuz lehen degradatutakoa agradatzea –bertsolariak esan lezake “hondatutakoa ontzea”– da helburua, ongarri edo kanpoko laguntza gehiago gabe modu iraunkorrean funtziona dezan.

Baina BRFan hostozabalak usatzen dira, nekazaritza bera hostozabalen oihanetan sortu zelako. Munduko baso zaharrenak koniferoenak dira, baina hauetan aniztasuna oso murritza da. Hostozabalek, aldiz, oso bestelako logika darabilte, haien basoetan aniztasunik handiena pilatzen da. Horregatik nekazaritzako birrindutako adaxketan gehienez ere %20 egon behar dute pinukiek.
Lurraren emankortasunetik askoz harago doazen ondorioak dakartza BRFen paradigmak. Hasteko, hiri eta bide bazterretako kimaketak ez dira begi berdinekin ikusten, eskema berrian horietan aberastasun asko baitago.

Laborantzan, berriz, soroaren eta basoaren arteko harremana aldatu daiteke fite. Zuhaitzak ez dira gehiago laboreen etsai. Alorren kontzentrazioarekin galdu diren hesiak berriz aldatzea pentsa genezake. Paradigma berrian ez dugu landarea elikatzen, lurzorua dugu elikatu behar. Bakterioen eta mineralen erdian onddo xumea da errege.

Neolitikoak sortutako mitoak ere berridatzi beharko ditugu. Oihana ez dugu etsai, ama baino.

Informazio gehiago:


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude