"Oihuka beharrean, hobe zen historia hau xuxurlaka kontatzea"

  • Josu Martinez eta Txaber Larreategi dokumentalgile bilbotarrek estreinatu berria dute azken filma, Sagarren denbora: Afrikako Sao Tomen deportatua dagoen Alfonso Etxegarairen eta Kristiane Etxaluz haren bikotekidearen historia. Jarraipena ematen diote, horrela, Itsasoaren alaba filmak hasitako zikloari. Euskal Herrian jasaten den errepresioari buruzkoak dira orain arteko biak eta trilogia osatzea ere ez dute baztertzen.
Sagarren denbora
Ezker-eskuin: Hibai Castro (argazki arduraduna), Txema Uriarte (ekoizpena), Kristiane Etxaluz, eta Txaber Larreategi eta Josu Martinez (egileak). / Alvaro Hilario Pérez de San Román Alvaro Hilario Pérez de San Róman

Nondik sortzen da Sagarren denbora egiteko ideia?


Txaber Larreategi: Itsasoaren alaba egin eta gero, nabaritu genuen bazegoela hau bezalako historiak kontatzeko gogoa. Kristianek kontatzen du behin, gazteago zela, Telesforo Monzon entzun zuela 36ko Gudaz berba egiten, eta aho zabalik geratu zela; berak eta Alfonsok gu utzi gaituzten bezala. Pentsatzen dugu beharrezkoa dela memoria berreskuratzea.

Josu Martinez: Film biak oso era naturalean atera dira. Duela urte eta erdi, Bilboko Capitol aretoan estreinatu genuen Itsasoaren alaba. Kristoren arrakasta izan zuen: jende pila batek ikusi zuen, gustura gainera. Olatu hartan sumatu genuen jendea gosez geratu zela. Zergatik ez egin, orduan, bigarren film bat? Lehenengoa Gizarte Ikerketarako Talde Eragilearen (GITE) beka bati esker egin nuen eta beraiei proposatu genien bigarrena egitea ere. Aurrekoak lortutako arrakasta zela-eta pozik zeuden, eta baietz esan ziguten.

T. Larreategi
: Pozik geratu ziren formatu honekin, filmarekin, irakurri egiten ez duenarenganaino heltzeko aukera ematen duelako.


Zergatik deportazioa? Zergatik Kristiane eta Alfonso?


T. Larreategi: Hori ere oso modu naturalean eman zen, hurbiltasunagatik. Aitaren bidez aurretiaz ezagutzen genituen Kristiane eta Alfonso, baita honek idatzi zuen liburua ere [Regresar a Sara, Txalaparta 1995]. Kontatzeko historia kementsua bazegoela ulertu genuen.

J. Martinez
: Ez ginen ibili deportatu bat aurkitu nahian; bidean aurkitu genituen Kristiane eta Alfonso. Hurbil samar sentitzen genituen, bazegoen hor historia, eta bat egiten zuen aurrekoari jarraipena emateko nahi horrekin. Deportatuaren historia baino, erbestea jorratu nahi genuen. Kristianeri proposatu ea berehala hasi ginen lan egiten. Iazko apirilean ezagutu nuen Kristiane eta ekainean grabatzen ari ginen.

Hau da, aurretiaz zer egin nahi zenuten bazenekiten.


T. Larreategi: Grabazioa oso arin egin genuen, Sao Tomen egoteko hiru aste baino ez genituelako. Horrek esan nahi du, grabatu aurretik egitasmoa bagenuela garatua, gidoira ekarria, garapena pentsatua, sekuentziak...

J. Martinez
: Historia ezagutzen genuen. Segituan elkarrizketa sakonak egiten hasi gintzaizkien, zer kontatuko zuten ikusten, eta horren arabera marraztu genuen proiektua: konta egidazu eta grabatu egingo dut, besterik ez.

Dokumentalean, bidean, gauzak aurkitzen dira. Sagarren ideia, esaterako, bidean atera zen. Bagoaz bidea egiten, hots, gidoia egunez egun egiten da. Argi genuen erabili nahi genuen tonua: barnetik kontatutako historia, letra xehez. Nahiz eta historia latza izan, baita handia, dramatikoa izan daitekeena ere, ez dugu oihu bat egin nahi izan. Lasaiki kontatu dugu, beraiek bizi izan duten bezala, beren sentimenduekin, beraien izateko manerarekin. Esan nahi dut, hau bezalako historia latzak kontatzean, Kristianek esaten zuen bezala, gutariko edonoren begiekin erretratatu nahi izan dugula, pertsonak erretratatu nahi izan ditugula. Askotan, hedabideetan, pertsona izaera ere ukatu egiten zaielako; badirudi ez dutela sentimendurik. Guk pertsonak aurkitu ditugu, pertsona izugarriak, eskuzabalak, maitasunez beteak, eta hori nahi genuen transmititu film honekin. Pentsatu dugu, beraz, oihua egin beharrean agian hobe zela xuxurlaka kontatzea; letra txikiz kontatu historia latz hauek. Horrela hel gaitezke jende gehiagorengana eta bidean aurrera egin. Bigarrenik, nik uste filmaren mezuetako bat dela Sagarraren denbora titulua: Kristianek kontatzen du momentu batean ez dutela sagarren denboraren zain egon behar, noizbait iritsiko den ametsaren zain, azkenean egotea bezala dela, eta, zentzu horretan, Alfonsok esaten du liburua idatzi zuenean Euskal Herrian sentitu zela. Guk nahi genuke norbaitek filma ikusten duen bakoitzean izan dadila sagarren denbora, Alfonso gurekin dagoelako, beste guztiak ere gurekin daudelako eta sagarren denbora gaurtik hasi behar dugulako.


Zelakoa izan da filmaketa? Jende nahikotxok lagundu dizue, ezta?


J. Martinez: Desastre hutsa bagara ere, badirudi jende askok nahi duela gurekin lan egin. Jendea inplikatu egin da, gustura egin du lan. Zentzu horretan pozik gaude, poliki-poliki taldea sortzen ari delako. Guretzat mugimendu txiki bat sortzea inportantea da. Horrexegatik animatu nahi dugu jendea honelako gauzak egitera, auzolanean posible baitira horrelakoak, baita beharrezkoak ere.

T. Larreategi
: GITEk bidaiak ordaindu ditu. Inork ez du ezer kobratu. Oso diru gutxirekin eginiko filma da. Gaur egun medio gutxirekin –bideo formatuan, batez ere– lan egin daiteke; izatekotan, arazoa hedapena da eta horrelako mugimendua sortuko balitz, berez sortuko lirateke zirkuituak.

Zelakoa izan da filmak izan duen harrera?


J. Martinez: 60 emanaldi egin ditugu Itsasoaren alabarekin, bakoitzaren batez bestekoa 80 pertsonakoa izan bada, jende asko da. Honekin ere, hiru emanaldi egin ditugu. Lehenengoan, Baionan [ekainaren 11n], 200 pertsona sartu ziren eta beste askok kalean geratu behar izan zuten. Dagoeneko 600 bat pertsonak ikusi dute. Jendea oso pozik ikusten dugu, bere burua ikusten duelako gertutik, ezagutzen duten egoera bat.

Mota guztietako lekuetan egon gara: zine aretoak, gaztetxeak, kultur etxeak... Nahi dugu apur bat zentralizatu horrenbeste emanaldi ez egiteko, geu guztietara joaten garelako, eta Kristiane ere bai. Polita da: komunio moduko zerbait sortzen da. Nahi dugu hori egiten jarraitu.

Ikusleen parte-hartzea ere nahi duzue, posta elektroniko baten bidez nahi dutena konta dezatela, Alfonsori eta Kristianeri idatz diezaietela.


T. Larreategi
: Filma deportazioa apurtzeko beste modu bat da. Hara eroan dituzte bakartuta egon daitezen, baina lortzen baldin badugu gurekin egotea, nahiz eta fisikoki ez egon, hori ere bada deportazioa apurtzeko beste modu bat. Argi dago, Alfonsok kontatzen duen bezala, nola sentitzen diren bortxaz kanpoan daudenak berriak jasotzean. Jendeak herriko berriak kontatzea, harremanari eustea, hemen edukitzeko beste modu bat da. Eta inportantea da.



[Irakurri Pello Zubiriak Kristiane Etxaluzekin egindako elkarrizketa zabala: "Herraren gainean ez dugu herria eraikitzen ahal"]

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude