"Elebitasunetik dator hizkuntza askatasuna gauzatzeko aukera"

  • Babeli gorazarre (Alberdania) liburuaren egilea da. Baztarrikarentzat (Ataun, Gipuzkoa, 1958) Babel ez da madarikazioa, baina ez du ukatzen gurean hizkuntza gatazka dagoenik. 2005-2009 legealdian Hizkuntza Politikarako sailburuorde izan zenak bizikidetzarako hizkuntza politika zilegi eta eraginkorra proposatzen du.
Patxi Baztarrika
"Euskara legalki eta formalki ez eragotzi arren "“baizik eta erabiltzeko eskubidea aitortu"“, praktikan erabiltzeko aukerarik ez dagoelako erabilera eragozteari deitzen diot nik inposizio pasiboa".Dani Blanco
Andoaingo udaletxean elkartu gara, bertako Euskara Zerbitzuko arduraduna baita. Elkarrizketak luze jo du. Hala ere, galdetu diogu ea beste zerbait aipatzeko baduen. Esan digu elebitasun pasiboaren gaia ez dugula mahai gainera atera, eta berak berebiziko garrantzia ematen dio kontu horri. Eskatu digu mesedez elkarrizketan horren berri emateko. Baztarrikak ez du itxaropenik herritar guztiak euskaldunduko direnik, horregatik erdibideak probatzearen aldekoa da. Erdal hiztuna euskara ulertzera jarriko balitz, euskal hiztunak aukera luke euskaraz aritzeko, eta era berean, erdal hiztun batzuentzako hain urruna den euskal mundua gertuago egongo litzateke. Andoaingo Udalean lankideekin ari da elebitasun pasiboa praktikatzen.

Euskararen iraupena eta hazkuntza segurtatzeko hizkuntza politika zilegi eta eraginkorra, eta aukera-berdintasunezkoa behar dugula diozu. Zer esan nahi dute adjektibo horiek?



Hizkuntza politika guztiak ez dira baleko. Badira hizkuntza politika zilegiak eta eraginkorrak ez direnak. Hizkuntza politika zilegi eta eraginkorraren metroa ez dago tolerantzian, metroa berdintasunean dago. Berdintasuna ez da bitartekoa, helburua da. Hizkuntza batean eta bestean dauden hiztunek aukera-berdintasuna edukiko baldin badute, ahulezian dagoen hizkuntzaz baliatzen den hiztunari eman beharko zaio tratu desiguala. Hori da tolerantziaren mozorropean ezkutatzen diren politikek egiten ez dutena. Horregatik gertatzen dira praktikan, askatasunarentzako eta berdintasunarentzako traba, hizkuntza bat hautatzeko benetako aukera elebidunak daukalako, eta sekula ez elebakarrak. Elebitasunetik dator egiazki hizkuntza askatasuna gauzatzeko aukera. Zein da hizkuntza politika zilegi eta eraginkorra? Hizkuntza askatasuna eta berdintasuna egiazki errealitatea izatera iristeko bidea ematen duena. Azken batean hegemonikoak ez diren hizkuntzen erabilera bultzatzen eta sustatzen duten hizkuntza politikak. Gainera, arrazoi klabe bategatik dira zilegi: herritarren gehiengoak gizartea elebiduna izan dadin nahi duelako.


Batzuek askatasuna aldarrikatzen dute.


Ez dago mugarik gabeko askatasunik gizarte librean, beti indartsuena gailenduko litzateke. Eskubide guztiek dute beraiekin batera betebehar bat. Betebehar eta eskubide horiek gizarte ereduaren arabera zehazten dira, eta gizarte eredua gizarteak berak aukeratzen du. Euskal gizarteak nahi duen eredua gizarte elebiduna da, baina gizarte bakarra, hizkuntza aniztasuna izango duena, eta ez bi hizkuntza komunitate bata besteari bizkar emanda.

Batzuk ari dira planteatzen elebakartasuna eskubide dela. Gizarte eleanitzean elebakartasuna ez da inondik inora eskubidea, muga baizik, muga galanta norberarentzat eta traba galanta gizarte kohesiorako. Horrekin esan nahi da elebakarra kastigatu egin behar dela? Ez, esan nahi da gizarte balio bezala elebakartasuna eta elebitasuna gauza bera balira bezala ezin direla adierazi.


Elebakartasuna muga bai, baina elebidunak egiten du euskaratik gaztelaniarako aldaketa, nahi ezta ere.


Diskurtso horrek ondoan darama ditxosozko inposizioa. Baina ez da inposizioaz ari, ni inposizioaren kontra nago. Inposizioa da, herritarren gogoaren kontra hizkuntza inposatzea. Nahiz eta hizkuntza hori hemengoa izan herritarrek hori ez badute nahi, eta beren gogoaren kontra gizarte honetan hori ezarriko balitz, ni horren kontra egongo nintzateke.

Baina kontuz, inposizioaren kontra nagoelako nago inposizio pasiboaren kontra. Alegia, euskara legalki eta formalki ez eragotzi arren –baizik eta erabiltzeko eskubidea aitortu–, praktikan erabiltzeko aukerarik ez dagoelako erabilera eragozteari deitzen diot nik inposizio pasiboa. Nola euskal elebakarrik ez dagoen, komunikazioa berma dadin automatikoki pasatzen zara hizkuntza hegemonikora. Hizkuntza hegemonikoa inposatzen da, nahiz eta ez den aktiboki inposatzen.


“Euskarak behar adinako tokia” lortu behar duela diozu. Zein da toki hori?



Hizkuntzak biziko badira erabiliko diren esparruak behar dituzte, hain da sinplea! Batzuek egiten duten erlazioa da estatu bat-hizkuntza bat, alegia Espainia=espainiera eta beste batzuek: nazio bat-hizkuntza bat, hau da, Euskal Herria=euskara. Paradigma hori gainditu behar dugu. Horrela ez baldin bada nola egiten da? Bizikidetzaren klabeetan. Euskararentzako konponbidea izan litekeen modu bakarra da.

Praktikan esan nahi du, guztiok onartu behar ditugula bi hizkuntzak bertako hizkuntza bezala, modu normal eta naturalean. Etxeko hizkuntza euskara dugunok nahiz gaztelania dutenek lehen hizkuntza, utz diezaiogun bakoitzari izaten garen bezalakoak, garbi izanda komunikazio tresna ez den hizkuntza desagertu egiten dela. Onar ditzagun modu naturalean euskararentzako erabilera esparru eta funtzioak.

Bestalde, guk ezagutuko dugun Euskal Herrian ez dut kontenplatzen euskara toki guztietan, funtzio guztietan eta pertsona ia guztientzat nagusi izango den egoera bat, ez da erreala, beraz ez da soluzioa. Gainera, ez dut uste zilegi izango litzatekeenik ere, arrazoi bategatik: gure herrikideetako askok eta askok ez dutelako hori nahi. Horrek ez du esan nahi gaztelaniak leku guztietan, funtzio guztietan, ia pertsona guztientzat hizkuntza nagusia izan behar duenik.

Hizkuntza hegemonikoak, gaztelaniak, zerbait galdu beharko al du?



Onartu beharko dugu zenbait esparrutan, zenbait funtziotan euskara izango dela hizkuntzarik erabiliena, eta beste zenbait esparrutan euskarak ez duela lortuko gaztelaniak duen indar mailarik. Onartu beharko dugu zenbait pertsonentzako euskara izango dela esparru ez formaletan puri-puriko hizkuntza eta beste zenbaitzurentzat ez dela horrela izango. Alabaina, berdinkidetasunaren ikuspegitik, batarentzako edo bestearentzako inolako trabarik jarri gabe, bizikidetza antolatu beharko da.

Hizkuntzen funtzio banaketak zer esan nahi duen? Bistan da, hizkuntza hegemonikoak onartu behar du modurik normal eta naturalenean gaur baino askosaz leku gehiago egin behar diola euskarari. Gaur hezkuntza sisteman euskara da, kolorerik gabe, erabilera aldetik hizkuntza nagusia. Ezin ote da hori, gatazkarik gabe, normaltasunez onartu?

Bide berria, eredu berria asmatu beharra daukagu eta estrategia berri horren muina erakargarritasuna da.

Zer esan nahi du erakargarritasunak?



Pentsatzen baldin badugu estrategiaren muinak izan behar duela –karikaturan esanda– Euskal Herrian gaudenez, bazter guztietan euskaraz egingo dugula eta kito, hori ez da baleko estrategia izango. Testuinguru eleanitzetan, ondoan diren hizkuntzak norberarena baino indartsuagoak direnean, erakargarritasunik ez baldin badago jai daukagu, arauak arau. Erakargarritasuna nahiko abstraktua izan daiteke, baina garbi izan behar dugu gauza bat, euskara eta euskaraz egiten denak, lehenik eta behin, erakargarria izan behar du euskal hiztunontzako.

Beldur naiz ez ote dugun “Euskara, hator etxera” esan behar. Euskararen erabilerak gora egin du, baina euskararen ezagutzak gora egin duelako, ez elebidun direnek atzo elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen dutelako. Gainera, euskararen erabilerak gora egin du espazio publikoan, askozaz motelago egin du gora lagunartean, eta etxeko salan ez du gora egiten.

Hizkuntza gutxituak sustatzeko hiru zutabe aipatu dituzu: lege babesa, hizkuntza politika eraginkorra eta herritarren atxikimendua. Hirugarrena lehenetsi duzu.



Ez daukat zalantzarik, herritarren atxikimenduari ematen diot lehentasuna, besteak beste, arauak arau, zaila delako herritarren atxikimendua sendoa denean horien borondatea ezabatzea. Ahultzea bai, higatzea ere bai, baina herritarren atxikimendua zenbat eta sendoagoa izan orduan eta mugatuagoa da beste faktoreen eragina. Eta bestetik, herri atxikimendua zenbat eta handiagoa, orduan eta hizkuntza politika publiko aktiboagoak eta lege babes egokiagoak dira posible gizarte demokratikoan. Herritarrek hizkuntzarekiko duten atxikimendua oso baxua baldin bada, ez litzateke posible izango Euskararen Legea bezalako lege bat.

Eta alderantziz, hizkuntza politikek eta lege babesek eragiten dute herritarrengan.



Elikatu egiten dute herri atxikimendua, dudarik gabe. Baina giltzarria herritarren gogoa da. Horrek ez du esan nahi egiteko guztiak hasi eta bukatzen direnik herritarrengan. Mundu guztiak du egitekoa eskema horretan, herri aginteei dagokie erabilera eta ezagutza segurtatzea, besteak beste hizkuntzak erabiltzeko aukerak sortzen jardun behar dute. Hizkuntza politikan aitzindaritza sendoa eraman behar dute atzerapausorik gabe.

Herritarrei dagokie hizkuntza erabili ahal izatetik erabili nahi izaterako jauzia egitea; eta erabiltzea. Mitxelenak esan zuen “hiztunen axolagabekeria dela euskarak eduki dezakeen etsairik handiena”. Horri tira eginda, esango nuke ez diogula inolako mesederik egiten euskararen etorkizunari, gizartean zabalduko genukeen iritzia ondokoa balitz: “Euskara ikasteko ahalegina egin dutenei chapeau. Etxetik euskara dakigunok, euskal hiztun garenok euskararekikoak egin ditugu, guk egin beharrekoak eginda dauzkagu eta azkarrago ez baldin bagoaz da marko juridiko-politikoa behar beste aldekoa ez delako, herri aginteek behar bezalako neurriak hartzen ez dituztelako...”. Egon daiteke hobetzeko nahi dena, baina ez diezaiogun mezu hori eman herritarrari, berau desmobilizatzen arituko baikara. Euskarak behar duen mobilizazio sozial bakarra erabilia izatea da. Erabiltzeko klabeak: atxikimendua eta euskararen munduak erakargarri izatea.

Euskarak aurrera egiteko gako nagusiak erabilera, gogoa eta gizartearen adostasuna direla esan duzu liburuan. Adostasuna azken urteotan pattaldu egin dela diozu.



Adostasun sozial eta politikoa ezinbesteko baldintza da hizkuntza politikan etengabe aurrera egiteko. Gizarteak nahi ez duenik ez du egiten, gehiengoa adosteko kapaz ez den hura ez da aurrera ateratzen.

Eta pattalduta diozu? Euskara ez dago hilzorian, baina atzera egiteko arriskuak baditu eta beraz, neurriak hartu behar ditugu. Neurriak hartzeko gaur daukagun adostasun sozial eta politikoa ez da behar bestekoa. Egin dena egiteko balio izan du, baina egin denak ekarri gaitu honaino, horrek ez digu esaten etorkizuna zer izango den.
Gogoeta-iturri
Etsaiak egiten hasteko arriskuan nago Babeli gorazarre irakurtzean buruan zebilkidanarekin: Mitxelena eta Txepetxen lanak salbu, bertako hizkuntzen bizi-baldintzez ez dela horren gogoeta mamitsurik (aspalditik) egin. Barka ditzaten hitzok ur sakon eta emankorretan murgildu diren gainontzeko egileek, baina esandakoa da zinez burura behin eta berriz etortzen zitzaidana.

Eta Mitxelena aipatzen hasita, horra hor bere –eta Baztarrikak jasotako– ideia mamitsu bat: “Ezin fida daiteke (…) dekretuaren ondorio miresgarrietan, ezta ofizialkidetasun nahiz ofizialtasunezko aitorpenetan ere. Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia. Beste nonbait esan eta idatzi dudan bezala, diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Hizkuntza integrazioa beste ezein bezain beharrezkoa dugu”.

Beldur naiz Mitxelenaren hitzoi entzungor egin zaien modu berean, Baztarrikaren lana ere baztertuta ez ote den geldituko. Izan ere, euskalgintzaren parte baten planteamendua handikeriatan erori izan da denbora luzez, horren ondorioz errealitate gordinarekin estropezu eginez behin eta berriz. Mitxelenaren ikuspuntu zentzudunak hainbat urtetan oihartzun handirik izan ez duen arren, bada garaia harenak bezain aproposak izan daitezkeen hausnarketei erreparatzeko. Baztarrikaren eskutik, adibidez.

Badira, noski, Babeli gorazarre liburuaren ideia guztiekin ados ez egoteko arrazoiak, balorazioa zein planteamendutatik egiten den. Batzuentzat desegokia izango da, garatzen duen tesia antolaketa instituzionalaren baitan kokatua dagoelako –hala ere, planteamenduak ez du muga horien barruan zertan gelditu behar–. Beste batzuei, aldiz, euren –espainiar zein euskal– nazionalismo linguistiko zurrunak ez die betarik emango halako ideiarik onartzeko. Arrazoiak arrazoi, idazlanaren irakurketa kritiko bati ez nioke inoiz uko egingo, jarrera kritikoa beti dugu-eta beharrezko. Onartezina litzaidakeena, aldiz, hauxe da: bestelako interesak ezkutatzen dituzten kritika interesatu edo mami gutxiko deskalifikazio errazak eginez, liburua aintzat ez hartzea.

Hala ere, nolabaiteko itxaropena badut. Izan ere, atzeak erakusten dio aurreari nola dantzatu eta, urteotako eskarmentuen poderioz, euskaltzale gehienen jarrera soziolinguistikoa askoz helduagoa da, gaur egun. Baztarrikaren lana aintzat hartzeko behar bezain irekia, alegia.

Bestalde, eta ajeak aje, euskalgintza sasoiko dago eta orain bada gai hizkuntza-diskurtso zaharkituak beharrezko duen berrituari ekiteko; horretarako, iturburu ezin egokiagoa du Baztarrikarengan.
Tamalez, espainiar nortasundunek ez dute iturri horretatik oso gustura edango –erdaraz ere argitaratuta dagoen arren–, beren hizkuntza-egoera erosoaren zutabea zalantzan jartzen duelako. Pena litzateke, baina errealitatearen egoskortasunaz jabetu beharra dago, beti. Onerako zein txarrerako!
Babelgo eskailerak
Beti pentsatu izan dut Babelgo kaskora gailurtzeko motor indartsu bat beharko nukeela, bestela erdiko mailetan galdurik geratuko bainintzateke, hizkuntzen artean trabatua. Esku artean duzun liburu honek erakutsiko dizu ezetz. Ez nahitaez ezetz, bederen. Patxi Baztarrikak bere astia hartu du, politika kontuak utzi ondoren, liburu luze eta mardul hau idazteko. Idatzi ere, patxadaz eta lasaitasunez idazteko, gaiak behin eta berriz landuz eta orraztuz.

Gure bihotzeko Euskal Herri honetan jende gutxi aurkituko da hizkuntza kontuetan beste aldera behatzen duena. Denok bai baititugu gure ideiak, gure esatekoak, zein baino zein hobe eta egokiagoak hizkuntzaren inguruan. Horrela, batzuen ustez, euskararen arazoak bukatuko lirateke denok gaztelaniaz edo frantsesez egingo bagenu, hau da, denok “komuna” den hizkuntza erabiliko bagenu. Eta neurri batean egia da: “Hil da mandoa, eta akitu da errabia”. Beste batzuen ustez, alderantzizko bidea da egin behar dena: denok euskaraz egingo bagenu, hizkuntzak ez luke politikarik behar.

Badira, izan, uste dutenak, hizkuntzen kontua diru kontua eta agintarien borondatea besterik ez dela. Dirua izanik, eta agintari egokiak izanik, horrek segurtatuko luke, nonbait, euskararen etorkizuna. Gauzak, ordea, ez dira hain sinpleak. Dirua behar da, eta agintari euskaltzaleak ere bai, egia. Agintariek egiten dituzten euskararen aldeko legeak ere ezinbestekoak ditugu. Baina hori guztia eskura izanik ere, hiztunek mintzatzeko borondaterik ez badute, jai dugu. Eta arrazoi asko izan daitezke borondate hori izateko edo ez: adibidez, hizkuntza, eta hizkuntzaren ingurukoa batez ere, erakargarria ez izatea. Orduan, nahi den epera bada ere, sobran ditugu diruak, sobran ditugu legeak eta alferrekoak dira agintariak. Behin purgatoriotik ghettora erori ondoren ez baikaitu inork ere handik aterako.

Ez du maite Patxi Baztarrikak diskurtso sinplea: ñabardurak egin behar dira han, zehaztapenak hemen. Hortaz, liburuak informazio oparoa ematen digu munduko hizkuntza txikiei buruz (haien inguruko politikari buruz), informazio handia Espainiako hizkuntza eta araudi kontuez, eta azkeneko 25 urte honetan munduan nola ibili diren gauza hauek guztiak ikusi nahi badu norbaitek, liburuan aurkituko du informazio zehatza puntu askoren inguruan, euskaltzaleok gogoan izan ditugun galdera anitzen inguruan. Alde horretatik bakarrik, liburua eskertzekoa da. Baina kontua ez da hori bakarrik: Baztarrika konbentzitua dago (eta ez da bakarra), euskararen auzia ez dela euskara edo gaztelania, euskara edo frantsesa, baizik euskara eta gaztelania eta frantsesa, zein bere tokian. Mundu konplexu batean bizi gara, interes eta bizipen gurutzatuekin, beste hizkuntza batzuek ere aurkitu nahi dute beren zirrikitua, eta gure kaleetan gero eta errazago ikusiko ditugu etorkinak. Euskarak, hortaz, bere tokia aurkitu behar du egoera berri honetan. Jakina babesa behar duela, jakina ezinbestekoa duela sustapen berezia, baina onartu behar dugu holakoetan mugak zedarritzeak diskurtso landuxeago eta arrazoibide sakonagoak eskatzen dituela. Eta ezinbestekoa da hori modu egokian, euskararen mundutik nahiz erdararen mundutik onarturik, egin behar dela. Hori baita, gainera, gizartea kohesionatzeko ezinbesteko baldintza. Diskurtso mota hau eraikitzeko orduan, han eta hemen esandakoez baliatzen da, perla bitxi asko ekarririk orrialdeetara. Liburu egokia, hortaz, eta aski baliagarria, pausaldia egin eta gure buruari galdetzeko: zer egin dugu? Zer egin behar dugu?

Badu akats bat, nire ustez, handi samarra: luzeegia da. Hori ez da ona, presaz betetako mundu honetan, batez ere gauzak behin eta berriz errepikatzen direlako –aipamen batzuk ere–. Arrazoibide bertsuak laburrago adieraz daitezke. Eta badira liburuan topiko batzuk –hizkuntza zaharren kontua berriz ere, nahiz puntu honetan darabilen argudioaren gorabeherekin bat natorren–, baztertu beharko genituzkeenak. Ez dut dudarik, hala ere, hori, edukiarekin erkatuz gero, bigarren mailako kontua dela. Baduzu, irakurle, zer ikasi hemen, ez izan dudarik.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude