Krisia ate joka... diru-laguntzak behera

Aldizkariak
ARGIA-KO kazetari gehienok abuztuan egiten dugu opor, gure irakurleak ezagun duen moduan hilabete honetan ez baita aldizkaririk kaleratzen. ARGIA.com-ekoak geratzen dira lanean. "Deskonektatu eta indarrez itzuli", luzatzen diogu elkarri. Hala behar du eta horretan saiatuko gara, baina uztailean egin dugun akziodunen batzarrak ez du aho-zapore onik utzi. Krisia ate joka da.
Gure diru sarreretan hiru zutabe nagusi ditugu: aldizkariaren salmenta, publizitatea eta diru-laguntza publikoak. Publizitate sailean %25eko beherapena aurreikusi genuen urte hasietan eta, hala ere, borroka latzean ari gara helburuetara iristeko. Baina gogotik lan eginez gero, eremu pribatuak oraindik ere erantzuten du; sektore publikoan ez dago borrokatzerik, ez ei da dirurik –guretzat behintzat– eta listo.


Aldizkariaren salmenta aurreikusitakoaren arabera doa, ez dago etxafuegorik botatzerik, baina ezta hondamendirik ere. Krisia krisi, hor eusten ari gara, berriz ere gure irakurlearen fideltasun itzela argi frogatuz. Zenbait gauza ondo egiten ari garen seinale ere bai seguruenik, eta hori poztekoa da.

Oraingoz behintzat hirugarren hanka da kale egin duena, diru-laguntzena. Eremu honetan gurean bederen bi iturri dira nagusi: Eusko Jaurlaritzarena da handiena eta ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Aurten Jaurlaritzak eutsi egin dio hedabideen artean banatu beharreko diru kopuruari eta hori bera, basamortu giro honetan, ez da gutxi. Baina komunikabideok oraindik ez dakigu bakoitzari dagokiguna, banaketa ez baita publiko egin oraindik. Zain gaude, beraz.
Tsunamia Gipuzkoako Foru Aldunditik (GFA) iritsi zaigu aurten: 2009an

71.000 euro jaso genituen eta aurten 26.000, hau da, %63 gutxiago, 45.000 euro gutxiago. Pentsa daitekeenez, gu moduko 21 langileko enpresarentzat kolpe itzela da hori. Krisi doinuekin akaso beherapenak izan zitezkeela pentsa zitekeen. Jakin zenean Diputazioko departamentu guztietatik 2010eko aurrekontuetan Kultura eta Euskara sailak izan zuela mozketarik handiena (%23), gu ere tankerako beherakadarako prestatu ginen. Baina ez, %23 ez, %63 murriztu zaigu laguntza. Murrizketa orokorrak denok kaltetu gaitu, baina batzuk bereziki, eta horiek prentsa orokorrekoak gara. Berbarako, Gaztezulok %81eko beherakada izan du eta Jakinek %69koa.

Zergatik? Nola ulertu hori? Non zigorraren arrazoia? Eta hori galdetzera joan ginen Diputaziora. "Ez dago dirurik, sentitzen dugu" (Eta guk, besteak beste, AHT buruan, erraustegia, Realari emandako 1,2 milioi extra horiek...). Ez genuela ulertzen, beste hedabide asko ere ari zela %25eko murrizketaren bueltan, baina aldizkari orokorretara jauzia sekulakoa zela. Eta orduan azaldu ziguten banaketa irizpideak aldatu zituztela: diru gutxi zutela eta poltsaren banaketa hala egitea erabaki zutela: %60 herri aldizkarientzat, %25 eskualdekoentzat eta %15 orokorrentzat. Eta hori guztia diru-laguntza deialdian ezer jakinarazi barik edota aldez aurretik inongo jakinarazpenik egin barik. Ez idatziz ez ahoz.

Erantzuna izan zen Jaurlaritzak arduratu behar zuela aldizkari orokorrez. Eta guk "ea haiekin hitz eginda zegoen horren gainean". Ezetz, datorren urterako koordinatu beharko zutela. Eta gu zur eta lur emandako erantzunekin. Ez litzateke leiala gure agintariekin izandako bilera pribatuetan esandako guztiak publiko egitea, baina aipatutakoa bederen bai, hor dagoelako banaketaren gakoetako bat eta hori, gutxien-gutxienez, aldez aurretik publiko egitea edo jakinaraztea litzateke garbiena.

Aurten ARGIAk Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jasotzerakoan esandako berbok balio dute oporretara joan aurreko artikulu hau bukatzeko: "Askotan konplexua sortzeraino entzun behar izan ditugu kultura eta hizkuntza subentzionatuarena, artifizialki bizitzearena eta gisakoak. Eta orain zer eta gobernuek bankuak salbatzen dituzte. Eta milioika euro bideratzen dira autoen lantegietara, altzarien salmentara, eliteko kirola bultzatzera, azpiegitura erraldoietara... Eta gu ginen diru-laguntza publikoetatik bizi ginenak". Bai, zalantzarik ez, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia oraindik ere indarrean dagoenean, gobernantza eta 2.0-ren garaian, guk ere sukaldeko garbigailuak beste izan nahi dugu. Zeuretzat ere opor on irakurle.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude