Hain utopikoa?

Jai baldin bazuen mendebaldeko gizarteetan “zeroko hazkunde” irtenbide jada klasikoak, gordinagoa dirudi orain gutxi zabaltzen hasi den “des-hazkunde” predikuenak. Are, zentzugabea ere irudituko zaie hazkunde bidean hasi berri diren gizarteei. Alta, ez da bat-bateko asmakuntza kontzeptuala: joan den mendeko 70. urteetako hamarraldian –gaurkoa bezain estruktural eta orokorra izan zen krisi hartakoan–, Georgescu-Roegenek sorturiko bioekonomiaren kontzeptutik tiraka, La décroissance izenburuarekin argitaratu zen Frantzian haren lan bilduma bat 1979an. Kontzeptu gogorra, hain gogorra non gure mende berri honetara arte ez baita benetan loratzen hasi. Bertzeak bertze, azken hamarraldian, Mauro Bonaiuti (2003), Paolo Cacciari (2006) edo Maurizio Pallante (2007) bezalako idazle italiarrek ibili dute decrescita kontzeptua; Paul Ariès (2005), Jean-Claude Besson-Girard (2005), Nicolas Ridoux (2006), Bernard Guibert eta Serge Latouche (2006) edo Vincent Cheynet (2008) bezalako frantsesek décroissancerena; gazteleraz, Entropía eta Ecología Política aldizkariak (2006 eta 2008, hurrenez hurren) edo Carlos Taibo (2009) agertu dira oraingoz decrecimientoaren aldeko sutsu.

Ez dakit, baina badirudi nazioz gaindiko gangster handiak ere –Al Caponeren eredua globalizatu duten Chicagoko Eskolako doktrina ekonomikoaren gurtzaile eta xurgatzaile horiek– lerrokatu direla tesiaren alde, badirudi gaurko krisi ekonomikoari eman nahi diotenaren irtenbidea des-hazkunde bidetik doala. Bai behintzat gain-garapenean bizi garen mendebaldeko gizarteei dagokienez. Izan ere, zerbitzu publikoen, soldaten, erretreta sarien, aberatsen zergen des-hazkundeak, gehi lan-prekarietatearen, kontsumo arruntaren gaineko zergen, gizarte segurantzaren ordainketa konpartituaren, lanaldien, lan-bizitza iraupenaren eta abarren hazkundeak, bat eginen dute gure gizarte hauen kontsumo maila, bizimaila edota ongizatea murrizteko, hau da, des-hazkunde bidean gure bizimodua sartzeko. Nork pentsatu zezakeen kapitalistarik handienek anti-kapitalisten irtenbide utopikoen alde eginen luketela? Sarkasmoa halakoa, bizitzarena!

Baina ez. Ederki adierazi zuen Krisiari, musu bere fikziozko artikuluan Jose Inazio Basterretxeak, aldizkari honetako Iritziaren leihoa sailean (2.237 zbk.), zer izaera duen kapitalista handien des-hazkunde kontzeptuak: gain-garapeneko gizarteen des-hazkundea, zer eta hazkunde erraldoiago eta desarautuagoa bultzatzeko globo osoan, alegia; kapitalismo mundialaren alde, urrats bat atzera bertze bi aurrera egiteko taktika zaharra –berau ere, kurioski, iraultzaile batek formulatua, baina ekonomia sozialistaren alde, garai zaharragoetan: oroitu, bertzela, Leninen Politika Ekonomiko Berriaz–.

Utopia guztien amaiera ekarri omen digu Moderniaosteak. Alta, pentsatzear nago Chicagoko Al Caponeren ereduaren globalizatzaile horiek direla kosta ahala kosta inposatu nahi digutenak utopietan utopikoena, erabatekoa: ongizate bizilekuak oro oraingoz, eta Lur osoa gero, ez-leku bihurtu arte ez dira geldituko, itxuraz. Haien indarraren aurrean, mendebaldeko gizarteen eroso zaletasunaren aurrean, eta hazkunde bidean dauden bertze lekuetako gizarte zatien nahi naturalaren aurrean, utopia inozoa dirudi des-hazkundearenak.

Baina, agian, utopia absolutuaren aurrean erlatiboago hau gelditzen zaigu aukera bakartzat: erlatiboagoa diot, des-hazkundeak bizilekurik, behintzat, zaindu nahi duelako.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude