argia.eus
INPRIMATU
Agurea eta Artetxe
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2010ko uztailaren 27a
Ernest Hemingway 1953an, nobela idatzi eta gutxira.
Ernest Hemingway 1953an, nobela idatzi eta gutxira.
Donostia, 1960ko abuztuaren 21a. Ernest Hemingway eta Jose Artetxe Maria Cristina hotelean bildu ziren. 1952ko irailean idazle estatubatuarrak The old man and the sea nobela lehenengoaz argitaratu zuen eta, zortzi urte geroago, Artetxeren asmoa Hemingwayk nobelaren egile eskubideak doan ematea zen. Idazleak baiezkoa esan zuen eta 1963an, Itxaropena argitaletxeak Agurea ta itxasoa kaleratu zuen, Anjel Goenagak itzulita. Edizio horren hitzaurrean Artetxek berak Maria Cristina hoteleko bilera haren nondik norakoak jaso zituen.

“Esku artian daukazun itzulpen onekin ba det zer ikusi”, idatzi zuen Artetxek. “Patxi Itxaropenak etziran pakerik ematen udaberritik.

– Joan ari Hemingway'rengana eta eskatu akiok baimena bere nobela euskeraz argitaratzeko”.

Zezen zalea izanik, Hemingway Maria Cristina hotelean geratzen zen zezenketa egunetan. Horietako batean Artetxeri idazlea han izango zela abisua eman zioten eta “joan nintzan astiro hotelera. Bertako saloi zabal eta ederrak utsik zeuden. Udara igande arratsalde artan iñor etzan agertzen. Denak noski korridan ziran”. Lehenik “toreadore” bat sartu zela dio Artetxek, gero beste bat eta “alako batian Hemingway bizarduna agertu zan. Doña Maria'k [hoteleko zuzendariak] gerturatzeko kiñu egin ziran. Baño etzan errexa idazlearekin alkarizketa. Ez bai nintzan ni bakarrik bere zai”.

“Ate ondoan jarri nintzan ausarki. Eta aterako zan une artantxe bertaratu nintzaion. Baita ere itz gutxitan esan bear zana.

– Mendi inguru oetako izkuntzan agertu nai litzake zure El viejo y el mar. ¿Baimena ematen al-dezu?

– Nik ez daukat ezer euskaldunen kontra (Yo no tengo nada contra los vascos) –erantzun ziran ia ber-bertan begirazun adiskidetsu biguin batez biltzen nindularik.

Eta berialaxe:

– ¿Ondo egiña al-dago traduzioa?

– Bai, oso ondo gañera.

– Egizue ba nai dezutena. Nere abogaduari eskribitu akiozute.

– ¿Nora eskribitu bear da?

Eta eiskeñi nion pluma eta baita Buenos Airesko eguneroko bat, beste paperik esku artian ez nuan da. Baita berak azkar asko eskribitu ere paper ertzian: ALFRED RICE 640. 5th AVENUE.

– Eskerrik asko.

Alkarri eskua eman genion eta estutu. Eta an joan zan beste lagun batekin arrimaillpean atea irikita zai zeukan automobil distikorrera”.

Hemingway hurrengo udan hil zen, “nobela euskeratuta” argitara eman baino lehen.