"Hizkuntzalari dezente eurozentristak dira, ikuspuntua beti da ingelesa"

  • Santurtziar hizkuntzalaria munduan zehar ibili da ikerketa lanetan. Edozein eratako bidaiak baliatzen ditu lanerako; Gasteiztik Zaragozara bidean, autobusean, euskarazko onomatopeien hiztegia osatu zuen.
Iraide Ibarretxe
Iraide Ibarretxe (Santurtzi, Bizkaia, 1972) txikia zela joan zen Gasteiza gurasoekin. Haiekin ez, baina familiako hainbat kideri eta eskolari esker euskara ikasi zuen. Deustuko Unibertsitatean egin zuen Ingeles Filologia eta doktoretza egitera Edinburgora (Eskozia) joan zen. Ipurterrea da Ibarretxe eta bidaiatzea asko gustatzen zaio. Orain, Zaragozako Unibertsitatean ari da ikertzen eta irakasten.

Atzerrian asko ibili zara. Hizkuntzekiko nolako jarrera topatu duzu unibertsitateetan?


Interes handiagoa dago. Doktoretzako gaia erabakitzerakoan gainbegiraleak esan zidan: “Baina zuk euskaraz hitz egiten duzu, eta gaztelaniaz, eta ingelesez, eta beste hizkuntza batzuetan. Zergatik ez duzu zer edo zer egiten euskarari lotuta?”. Batetik, euskarak zerbait ‘arraroa’ dauka gaztelaniarekin edo ingelesarekin konparatuz. Bestetik, hemen [Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan] hizkuntzalaritza hizkuntza batekin lotu ohi da. Hizkuntzalaria izanda, edozein hizkuntza aztertzeko aukera izatearen mentalitatea han [Edinburgo] bazegoen, eta oso-oso interesatuta zeuden euskararekin.

Hizkuntza ‘arraroa’ esan duzu.


Hizkuntza gutxitua. Anekdota besterik ez da, baina Edinburgon nenbilela National Geographyc-ek era honetako izenburuko artikulua atera zuen: The basques, the oldest people in Europe –Euskaldunak, Europako jende zaharrena–. Eta haiek: “Zu euskalduna zara! Zuk hitz egiten duzu euskara!”, “bai, bai, baina ez nago museoan!”. Tesian euskara, gaztelania eta ingelesa erabili nituen. Hala ere, euskara izan da erromantikoki nire hizkuntza. Batzuetan ez dakigu zer daukagun, kanpotarrek esan arte, eta hori niri gertatu zitzaidan.
Euskara isolatua da, baina europarra, eta oso interesgarria da edozein hizkuntzalarirentzat.

Euskara balioztatzen dute. Aurrejuzkuak ere izango dituzte bada.


Hizkuntzalariak, ez guztiak, baina dezente, eurozentristak dira, ikuspuntua beti da ingelesa. Orain dela urte batzuk ikerketatxo bat egin nuen ‘buru’ hitzaren inguruan. Erakutsi nahi nuen, euskaraz ‘buru’ hitzak nola ez duen adierazi nahi goiko zatia, baizik eta erdikoa edo muturrekoa. Gaztelaniaz eta beste europar hizkuntzetan beti da goikoa, baina euskaraz ez. Biltzar batean ikerketa aurkezten ari nintzen eta lehenengo galdera izan zen: “Hori nola frogatuko duzu? Ingelesek desberdin egiten dute”. Kontrako galdera egiten baduzu? “Zergatik egiten du desberdin ingelesak?”. Ez dakit zenbat adibide atera behar izan nituen frogatzeko. Orduan, agian, esaten dizute baietz, beharbada euskaraz desberdina dela.
Beste batzuetan kontrakoa da, nola hizkuntza arraroa den euskara, gauza arraroak egin behar ditu. Ikerketa egiten duzu eta esaten dizute: “A, hori zen guztia...”. Euskara altxorra da, ‘arraroa’ da, baina ez hainbesterako!

Eta Zaragoza aldean?


Zaragozako hizkuntzalarien munduan gauza arraroak ikusten dituzu. Euskararekiko gutxiago, baina ez dute onartzen Pirinioetan zer edo zer hitz egiten dela, gaztelania ez dena [aragoieraz ari da]. Esaten baduzu Pazifikoko ez dakit zein irlatan 200 pertsona bizi direla, ez dakit zein hizkuntza hitz egiten dutela, bi dialekto dituztela eta abar eta abar, ondo iruditzen zaie. Aldiz, egoera horrek hemen [Zaragozan] arazoak baino ez ditu sortzen: hiztun gutxi daudela, ez dela hizkuntza, dialektoa baizik...
Hizkuntzalariez gain, herritarrek, bai aragoiera hiztunek eta baita hiztun ez direnek ere, aurreiritziak dituzte. Bitxia da, ez dakit nongo hizkuntza arraroa bai, baina etxekoa ez da existitzen.

Semantika eta onomatopeiak ikertzen


Semantika da lantzen duzun alorretako bat.


Hitzek ez daukate esanahi bakarra, asko baizik. Semantikaren bidez ikertzen dugu esanahi horien arteko erlazioa, motibazioa. Hitzak nork erabiltzen dituen, non erabiltzen diren aztertzen dut.

Tesian zentzumen aditzen polisemia ikertu nuen. Esate baterako, hainbat hizkuntzatan, europarretan batez ere, ‘ikusi’ erabiltzen da ziur gaudela esateko: “Ikusten dut zer esan duzun”. Gizartean ikusmena da zentzu garrantzitsuena, dena ikusi behar duzu, bestela ez duzu sinesten. Aldiz, ‘usaindu’ esateko euskarak aditz asko dauzka. Ziur ez gauden zerbait adierazteko erabiltzen ditugu aditz horiek. Tesian gaztelaniazko sospechar esateko usaimena zergatik erabiltzen dugun eta kulturak hor zein rol jokatzen duen aztertu nuen.

‘Ikusi’ aditzera itzuliz, ulertzen dutela esateko ingelesek etengabe erabiltzen dute I see (ikusten dut). Australiako aborigenek ordea, entzumena darabilte horretarako. Indiako Andaman irletan berriz, usaimena. Hor ageri da etnozentrismoa, europarrok horrela egiten dugu eta horrela izan behar du.

Mugimendua eta espazioa kontzeptuak nola landu dituzu?


Esate baterako, hizkuntza batzuek norabidea aditzean adierazten dute, gaztelaniaz salir corriendo esaten da. Ingelesez norabidea esateko partikula darabilte, run out. Hizkuntza batzuek gaztelaniaz bezala egiten dute eta beste batzuek ingelesez bezala, gainera bi hizkuntza horiek prototipoak dira. Hori lehen pausoa da eta bigarren pausoa honakoa: hori ondo dago, baina horrek esan nahi du hiztunok mugimendua eta espazioa desberdin ikusten ditugula? Diskurtsoan mugimendu hori inportantea bada gaztelaniaz aipatu egiten da, baina ez bada hain garrantzitsua ez da zehazten. Ingelesak bai. Itzulpenetan ikusten da hori, mugimendua deskribatzerakoan ingelesetik gaztelaniara itzulitakoan zehaztasunak kentzen dira.

Euskara oso interesgarria da ikertzeko zeren teoria orokorrak dio hizkuntzek ez dutela norabidea eta mugimendua azaltzen, aditza eman eta kito. Euskarak modua ez du hainbeste deskribatzen, baina norabidea zehaztasun guztiekin. Euskaldunak etengabe dio nondik nora: “Igela leihotik/amildegitik behera erori zen”. Ingelesera edo gaztelaniara itzulita errepikakorra da. Norabidea eta mugimendua zehaztea ez da araua, adibidez ez baduzu aipatzen nondik nora ez dago gaizki gramatikalki. Alabaina, hor ikusten da zein diren euskaldun petoak eta zein ez.

Nola?


Euskaltegietako ikasleekin, batzuk EGAdunak ziren, igelaren ipuinaren proba egin nuen. Alegia, ihes egindako igelaren ibilerak kontatu behar zituzten. Inoiz inork ez zuen aipatzen ‘amildegitik behera’ eta horrelako esaerarik, igela erori zela eta kito. Hiztun guztiok gauza berberak deskribatzen ditugu, kontua da arreta zertan jartzen dugun.

2006an onomatopeien hiztegia egin zenuen. Gai hori al da gehien gustatzen zaizuna?


Orain bai. Hizkuntzalaritzan onomatopeiak edo ideofonoak ez dira ikasten.

Ez?


Betikoak ezagutzen ditugu, baina bestelakoak ez dira ikertzen, eta ez dira umeen gauza. Gaztelania daukagu erreferentzia eta hizkuntza horretan umeentzakoak dira asko, baina euskaraz gehiago dago.

Diferentzia dago beraz gaztelaniaz eta euskaraz?


Euskarak onomatopeia asko, eta asko, eta asko, dauzka eta ez dira ez umeentzakoak soilik, ezta soinuen imitazioa soilik. Arreta jarriz gero, konturatuko zara zaharrek gehiago erabiltzen dituztela guk baino.
Eskolan onomatopeiak ez dira agertzen. Edozein gramatikatan, –ez badira zaharrak, Azkue, Lekuona...– ez dira agertzen. Niretzako, hizkuntza zaharra izatearen benetako ezaugarria da onomatopeiena.

Beste hizkuntzetan baino gehiago al ditugu?


Gaztelaniaz gutxiago, ingelesez pixka bat gehiago. Baina, adibidez, japoniera euskara bezalakoa da eta asko dauzka. Desberdintasuna da hango filologoek onomatopeiak jorratzen dituztela. Afrikanistek ere landu dituzte, bantu hizkuntzetan-eta asko agertzen dira.

Nire ustez gertatu dena da gaztelaniak eta Europako beste hizkuntzek, akademiak dituztenek, onomatopeiak herritar xumeen kontutzat hartu dituztela eta ez dute ikertzeko interesik agertu. Gure ikerketa eredu, besteak beste, gaztelania izan da eta horrek onomatopeiak gutxi landu ditu, eta gainera, euskararekin alderatuta gutxi dauzka.

Ikusten dut zure bizio eta afizio direla onomatopeiak.


Bai. Duela urte batzuk obsesionatuta nengoen gaiarekin. Lehen dendetan ez ziren agertzen, baina orain, batzuetan, denda berrien izenak onomatopeiak dira. Gernikan dago Tipi-tapa podologia, Korrikaren leloa ere halakoa izan zen. Argazki makinarekin ibiltzen naiz kalean, zerbait topatuz gero argazkia ateratzeko.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude