Atzo 50.000 pezetako haurra, gaur milioika euroko erraldoia

  • Aurten 120 urte betetzen dira Bilboko Burtsa sortu zela. Lehenengo egoitza Arriaga antzokiko halla izan zuen eta, hasieran, enpresen finantzazioa indartzeko eta hazten ari zen gizartearen aurrezkiak bideratzeko xedea zuen.

2010ko uztailaren 25an
Bilboko Burtsak ez du egoitza aldatu 105 urtean
Bilboko Burtsak ez du egoitza aldatu 105 urteanArgazki Press/Marisol Ramirez
Historialariek eta adituek salbu, gure irakurle nahiz Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herriko herritar gutxik dakite edo gogoratzen dute aurten 120 urte betetzen dituen Bilboko Burtsaren jatorria. Eta gutxik jakingo dute Bilboko Burtsaren lehen egoitza Arriaga Antzokiko halla izan zela. Bada, aurten, uztailean, 120 urte betetzen dira Bilboko Burtsa, Euskal Herrian izan den eta gaur egun den bakarra, sortu zela. Madrilgoaren ondoren, Espainiako Estatuan sortutako bigarrena izan zen. Gero, Bartzelonakoa eta Valentziakoa sortu zituzten. Urteurren honen karira, hona hemen euskal burtsa erakundearen sorrerari eta gaur arte izan duen eboluzioari buruzko zenbait ohar.

Bizkaia: meatzaritza, siderurgia, merkataritza

Bilboko Burtsa ez zen bat-batean, ustekabean, sortu. XIX. mendean, Bizkaia meatzaritzaren, siderurgiaren eta Abratik abiatzen zen nazioarteko itsas merkataritzaren sorleku zen, baita siderurgia eta finantza enpresa handiena ere. Zenbait enpresa adierazgarri, hala nola Bizkaiko Labe Garaiak, ontziola historikoak –esaterako, gaur egun Euskalduna Jauregia den Euskalduna desagertua–, hainbat ontzi-enpresa –adibidez, Sota eta Aznar– banketxeak –berbarako, gero bat egingo zuten Bilboko Bankua eta Bizkaiko Bankua–, eta Bilboko Alde Zaharreko saltoki onak jendarte bizi eta lehiatsuaren adierazle ziren.

1890ean Bilboren itxura aldatzen hasi zen, Zabalgunea hedatu zutenean. Halaber, oso esanguratsua izan zen Bilbo Zaharra, Atxuri edo Encarnación auzuneen hazkundea, hau da, “errebal” deiturikoena. Iberiar penintsulako hainbat tokitatik Bilboko meatzeetan eta fabriketan lan egiteko etorri ziren etorkin uholdeak auzo horietan kokatuko dira. Etorkin horiekin batera sozialismoaren hazia ere sartu zen eta, hala, mugimenduak garrantzi berezia izango zuen Bizkaiko hiriburuan.

Orduan, gorpuzten hasia zen meatzaritza eta industria burgesiak garai hartan apartekoa eta aristokratikoa zen Volantin pasealekua aukeratu zuen etxebizitza familiabakarrak eraikitzeko. Burgesia dirudunaren beste sektore batek Zabalgunearen erdigunea ez uztea erabaki zuen, baina etxebizitza familiabakarrak ere eraiki zituzten hiri berriko hainbat tokitan (Gardoki, Henao, Gordoniz…). Gero, XX. mendean, euskal oligarkiaren parte bat Negurira mugitu zen.

Burtsaren lehen urratsak eta sorrera
Bilboko Burtsa testuinguru sozioekonomiko horretan jaio zen. 1885ean Madrilen Merkataritza Kodea atera zuten Espainiako Estatuan Merkataritza Burtsak sortzeko. Hiru bilbotar entzutetsu izan ziren Bilboko Burtsaren sorrera bultzatu zutenak: Antonio Plasencia, pinturazale amorratua, bere bilduma baliotsua Bilboko museoari utziko ziona, hirian prestigio handia zuen Casimiro Acha eta Felipe Ugalde ekintzailea.

1889ko azaroaren 20an, Juan Gurtubay, Andres Isasi, Hilario Luna, Carlos Jacquet eta Vicente Urigüen bilbotarrek Bilboko Burtsa eta Merkataritza Elkartea osatu zuten. Ezaugarri hauek zituen: iraupena, 25 urte; kapitala, 50.000 pezeta; helburu soziala, Merkataritza Burtsa orokorra ezartzea. Administrazio Kontseilua lehen aipatutako hiru bultzatzaileek osatu zuten. Elkarteak, hasieratik Bilboko merkataritza ia osoaren baldintzarik gabeko babesa izan zuen. Akziodun babesleen artean, hauek nabarmendu ziren: Bilboko Bankua, Jacquet, Isasi, Luna eta Clausen, Gurtubay, Epalza, Ybarra, Urigüen, Ugalde, Solaegui, Coste, Bergé, Palacio eta Rica.

Maria Kristina Habsburgokoa erregeordeak burtsa honen baimen-dekretua 1890eko uztailaren 21ean sinatu zuen. Burtsaren lehen saioa antzoki berriaren –Arriaga Antzokiaren– beheko solairuan burutu zen, 1891ko otsailaren 5ean. 1905eko maiatzean soilik Burtsarentzat izango zen eraikuntza inauguratu zuten, Concordia eraikinaren eta Iparraldeko geltokiaren alboan. Eraikinaren kostua, orubea barne, milioi erdi pezetakoa izan zen gutxi gorabehera. 120 urte geroago, Bilboko Burtsak han jarraitzen du.
Agente multzoetatik pantaila elektronikora
Bilboko Burtsa, gainerako burtsak bezala, mundu teknologizatu eta globalizatuaren egoera berrira egokitu zen. Eta eragiketak nahiz horien eboluzioa “kantatzen” zituzten truke eta burtsa agenteen multzoak pantaila elektronikoek ordezkatu zituzten. 1989an izan zen, Bilboko Burtsak 100 urte bete zituenean, hain zuzen. Hala, ordenagailu bidez mundu globalizatu osoarekiko interkonexioa gauzatu zen. Merkatu jarraitua da. Diruak mugarik ez duen eta espekulazioa beste kontrolik ez duen mundua. Pertsonek, aldiz, ezin dute aske ibili mundu horretan bertan.

1989ko ekainaren 26an Bilboko Burtsaren Elkarte Gidaria eratu zen. Fineco Equities, Iberagencia, Mercagentes, Norbolsa, BBV Interactivos, Eurofinanzas, Eurocapital, BSN, Dinver eta HispanoBolsa taldeek osatu zuten elkartea. 2002ko otsailean Espainiako Estatuko lau burtsek (Madril, Bilbo, Bartzelona eta Valentzia) azkenekoz bat egin zuten “Bolsas y Mercados Españoles” (BME) erakundean. Hamahiru elkarte artekari ditu: ACA Sociedad de Valores, Ahorro Corporación Financiera, Banesto Bolsa, BBVA, Euskadiko Kutxa, Fineco, La Caixa, Mercagentes-Credit Agricole, Norbolsa, Renta 4, Santander Investment Bolsa, Societé Generale España eta Galea Invest.

Azken hogei urteotan, 38,4 milioi eragiketa baino gehiago, 1,6 bilioi eurotik gorako balioa eta 107 milioi eurotik gorako mozkin gordinak –zergen aurretik– izan ditu Bilboko Burtsak. Soilik 2006-2008 hirurtekoan, Bilboko Burtsak 46 milioi euroko mozkin gordinak lortu ditu.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude