argia.eus
INPRIMATU
Urdinak ere badu historia
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2010ko uztailaren 14a
Michel Pastoureau Erdi Aroko historian aditua gai bitxia jorratzen ari da: koloreen historia. Bere azken liburuak urdina du hizpide (Bleu, histoire d'une couleur jatorrizko bertsioa eta Azul: historia de un color kaleratu berri den gaztelerazko itzulpena).

Greziarrek eta erromatarrek urdina baztertu egin zuten barbaroen koloretzat zutelako. Eliza katolikoak ere ez zituen luzaroan begi onez ikusi kolore biziak. Baina XIII. mendean urdinak Chartreseko katedraleko beiraterietan eztanda egin zuen (argazkian) eta Europako gorteak, batez ere Frantziakoa, kolore hau jantzietan eta ikurretan erabiltzen hasi ziren.

Egun, urdina europarren %50 baino gehiagoren kolore kuttuna da. Eta Pastoureauren ikerlanek elementu txikiek ere historia osatzen dutela erakusten dute.