argia.eus
INPRIMATU
Tibetarrak altuerara nola egokitzen diren argiago dago
Joxerra Aizpurua Sarasola 2010ko uztailaren 15
Oriol Gascon
Science aldizkariaren uztailaren 4ko zenbakian tibetarrek altuerarekiko duten egokitzapen mekanismoari buruzko arrasto sendoak eman zituzten. Munduan bi populazio bizi dira 4.000 metrotik gora, tibetarrak eta andetarrak. Azken horien altuerarekiko egokitzapen mekanismoa ezaguna da: euren odolak askoz hemoglobina gehiago ekoizten du gainerako gizakiona baino; horrela, nahiz eta bizi diren altueran itsas mailan baino %40 oxigeno gutxiago izan, beraiek oxigeno gehiago garraia dezakete gorputzeko zeluletaraino.

Baina hemoglobina ekoizpen horrek oso ondorio kaltegarriak ditu andetarrentzat. Odola loditu egiten da, eta horrek zaildu egiten du ehunen oxigenazioa. Horregatik, emakume haurdunek ume asko galtzen dituzte, eta jaiotzen direnak oso txikiak dira. Tibetarren hemoglobina kopurua, berriz, normala da; haien kasuan, geneetan dago gakoa, eta batez ere EPAS1 izena duen eta goi mailako kirolean ondo ezaguna den genean. Antza, egungo tibetarrengan EPAS1 genea mutatu egin da, eta oxigeno eskasiara moldarazi ditu gorputzak.