Txirrindulariak... eta euskara ikasleak

  • Bi gurpilen gainean, oinez mendiz mendi edota baserrietan. Udan ikasgeletatik kanpo euskara praktikatzeko hiru aukera hemen: AEK-k antolaturiko bi barnetegi ibiltariak eta Topaguneak eta EHNE Nekazarien Elkarteak antolaturiko mintzapraktika baserrietan.
AEK-k utzia
Opor egunei ahalik eta zuku gehien ateratzea ohikoa izaten da. Zentzu honetan euskara eta atseden egunak lotzeko eskaintza egin du aurten ere AEK-k. Ikasturte osoan euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeaz gain, mendian eta bizikletan ibiltzea gustuko duenak behintzat, bi gauzak batera egiteko parada izango du udan.

Aurten, lehen aldiz, oinezko barnetegi ibiltaria egiteko aukera eskaini du AEK-k. Uztailaren 3tik 18ra bitartean, Euskal Herria mendiz mendi zeharkatuko dute barnetegi ibiltari honetan. Urduñan emango diote hasiera ibilbideari eta 16 egun ibiliko dira tontorretik tontorrera –Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Aralar, Saioa, Otxogorrigane eta abar–. Bestalde, Urduña, Otxandio, Leintz Gatzaga, Araia, Lekunberri, Urepele, Garralda eta Izaba herriak ere ezagutuko dituzte. Aisialdian euskara praktikatzeaz gain, Euskal Herria ezagutzeko aukera ere izango dute ikasleek; paisaiak, euskalkiak... Ibilbidean zehar bestelako ekintzak ere izango dituzte; esaterako, Otxandioko berbalagun taldearekin elkartuko dira euskaraz mintzatzeko, hitzaldi batean parte hartuko dute eta eurekin afalduko dute gero.

Joseba Irazabal egitasmoko arduradunak azaldu digunez, berehala osatu zen oinezko barnetegi ibiltarirako taldea. Guztira, 22 dira taldean. Euskara maila ezberdinetako ikasleak badira ere, gehienek nahiko maila ona daukatela jakinarazi digu Irazabalek. Barnetegi honen helburua da norberak gustuko dituen ekintzak edota zaletasunak euskararen praktikarekin lotzea; aisialdia euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea. Barnetegi hauetan ez dago eskolarik, euskaraz hitz egitea da kontua eta parte hartzaileei eskatzen zaien konpromiso bakarra da berau. 

Hamar uda bizikletaz

2001eko udan antolatu zuten bizikletaz egiteko lehen barnetegi ibiltaria. Hamargarrena uztailaren 17tik 31ra egingo dute. Besteak beste, Otxandio, Opakua, Etxarri, Larraintzar, Lakabe, Irunberri, Izaba, Garralda, Urepele, Arantza eta Lekunberri herriak zeharkatuko dituzte. Hamar urtez geroztik ikasleen aldetik erantzun ona jaso izan dutela jakinarazi digu Joseba Irazabalek. Barnetegian jendea ezagutu eta lagunak egiteko aukera ere izaten da, eta aurreko urteetako ikasle batzuk elkarrekin joaten omen dira harrezkero oporretara. Hala, ikasle batzuen hizkuntza ohiturak aldatzea lortu da. Ikasteko sistema hau eraginkorra da hizkuntza barneratzeko eta ikasteko; lagungarria da zaletasun bereko jendearekin elkartu eta euskaraz hitz egin ahal izatea, Irazabalen aburuz.

Orain dela bi urte parte hartu zuen Maite Palaciosek bizikletazko barnetegi ibiltarian. Bost urte daramatza Iruñeko IKA euskaltegian ikasten. Aurten, oinezko barnetegi ibiltarian eman du izena, barnetegia hasi baino egun batzuk lehenago hitz egin genuen berarekin. “Asko gustatzen zait mendian ibiltzea, eta  euskara ikasten ari naizenez, aukera ona da barnetegia niretzat. Orain dela lau urte barnetegi arrunt batean egon nintzen. Oso ongi pasa nuen, baina hamabost egunetan goizero klaseak izan genituen eta arratsaldean hainbat ekitaldi, tailer eta abar. Denbora libre gutxi genuen. Barnetegi ibiltarian parte hartu nuen orain bi urte, eta oso esperientzia ona izan zen. Alde batetik, barnetegira joango naiz, baina, beste aldetik, nire oporrak ere badira! Beraz, konbinazio oso ona da niretzat bi gauzak batera egin ahal izatea.” 

Euskaraz baserri giroan

Euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak halako ohiturarik ez dutenekin elkartzea da finean mintzapraktika programa. Euskaltegietako ikasleez gain, euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duten euskaldun zaharrak, euren ingurunean euskaraz hitz egiteko aukerarik ez duten pertsonak eta abar dira Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak antolaturiko egitasmoaren hartzaileak.

Aisialdia eta euskara uztartu asmoz, lehen aldiz antolatu dute bi elkarteek mintzapraktika egitasmoa. EHNEk badu proiektu bat baserritarrei aisialdirako aukerak eskaintzera bideratua. Horrela, baserritarrek udan aisialdirako tarte gehiago izan dezaten, boluntario gisa baserrian lan egiteko pertsonak bilatzea aukera ona dela pentsatu zuten. Topaguneak baserri giroa ezagutzeko prest dauden boluntarioak topatzeko ardura hartu du. Horiek, baserriko egunerokotasuna ezagutzeko eta bertan lan egitearen truke, euskaraz bizi diren baserritarrekin euskara praktikatzeko aukera daukate. Topagunearentzat euskararen erabilerari begira, proiektu pilotua da. 

Uda honetan euskara praktikatu nahi dutenek, Bizkaian (Busturialdean eta Mungialdean) dauden hamazazpi baserritan izango dute horretarako aukera. Programa uztaila, abuztua eta irailean jarriko da abian. Baserritarrek euskaraz bizitzeko aukera eskainiko diote ikasleari, baserriko lanetan laguntzearen truke. Baserrietan lanean hasi aurretik, EHNEk formazio saio xumea eskaini zien parte hartzaileei uztailaren 8an, baserriko lanaren oinarri-oinarrizko tekniken berri izan dezaten. Ondoren, parte hartzaile bakoitza baserriko kideekin harremanetan jarriko da elkar ezagutzeko. 

Topaguneko kideek jakinarazi digutenez, proiektuak interesa piztu du. 50 pertsona baino gehiagok eman du izena egitasmoan. Ezingo dute denek parte hartu, ordea, hamazazpi baserri dituztela aintzat hartuz. Aurrera begira landu daitekeen ildoa dela iruditzen zaio Topaguneari. Egitasmoaren metodologia hitz egitea da, besterik ez. Euskara praktikatzeko beharra duenarentzat aberasgarria da hitz egitea, hizkuntzarekin gero eta erosoago sentitzeko. 

Egitasmoaren iraupena eta parte hartzea norberaren aukeren araberakoa da: aldi bateko egonaldian, egun zehatzetan, ordukako egutegian, goizez edo arratsaldez baino ez... Antolatzaileek programan parte hartu nahi duten guztiek horretarako aukera izatea nahi dute, eta hori dela eta proposamena ahalik eta malguena egin nahi izan dute.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude