Atzerrira, baina diferente

Mundua aldez alde korritzeko modu asko dago. Bat da, sakelak zuloz beteta ditugun honetan, hotela behintzat debalde bilatzea: truke zerbitzuei esker, beste norbaiten etxean egon zaitezke zure etxea beste norbaiti uzteko prest bazaude, Olatz Urraka bezala. Badira handinahiagoak ere. Iker Muñozek, esaterako, urte eta erdiko bidaiaren berri eman digu. Hogei herrialde baino gehiagotan ibili da bere kasa, surfaren aitzakian. Iaz Mongol Rallya egin zuten Oiarzabal anaien kasuan, berriz, GKE batzuei laguntzea izan zen abentura handi bat bizitzeko aitzakia. Edo agian alderantziz.
Guztiok bizi gara beste batentzat oso interesgarria izan daitekeen zerbaiten ondoan
Intervac elkarteak oporraldietan etxe trukaketa egiteko zerbitzua eskaintzen du 1953tik. Oinarrian, zure etxea beste bazkide baten etxearekin trukatzen duzu. Ohikoena une berean etxeak trukatzea da, baina bada bestelakorik. Besteak beste, bi familiak beste bi familiarekin trukea egitea, edo etxean gauden bitartean bazkide bat baino gehiago bertan jasotzea.

Urtero-urtero, opor garaian, aterpetxeetan, furgonetan edo kanpin-dendan hara eta hona bidaiatzen ibili eta gero, 2007ko udan, ia urtebeteko bestelako bidaia zoragarri baten ondoren, familian bi izatetik hiru izatera pasa ginen. Bidaiatzen jarraitu nahi bagenuen, beste formula bat behar genuen.

Formula unerik egokienean iritsi zen. Zenbait lankiderengandik etxeak trukatzeko aukeraren berri  izan genuen. Hasieran mesfidantza handiz entzun genituen batzuen eta besteen esperientziak, hainbat webgune kontsultatu genuen, lankideak, behin eta berriz,  galderaz josi genituen, eta azkenean galtzeko gutxi eta irabazteko asko genuela konturatu ginen.

Urtebeterako 130 euroko bazkide kuota ordaindu ostean, bisitari posibleen azalean jarri eta opor garaian bila zezaketena eskaini behar geniela adierazi ziguten elkartetik. Zegoeneko Intervac-eko webgunean toki bat genuen. Garrantzitsuena gure web tokia erakargarria egitea zen. Lehenik, galdetegi orokorra bete genuen. Etxearen ezaugarriak, gertuko zerbitzuak, itsasoa eta mendia zer distantziatara dauden, gure lanbideak, bisitatu nahi genituzkeen herrialdeen izena eta abar. Jarraian, informazio pertsonalagoa ipintzeari ekin genion. Ahalik eta etxeko argazki gehien atera genuen, baita gertuko eskaintza zein zen irudikatuko zituztenak ere: Donostiako Jazzaldia, Iruñeko San Ferminak, Iparraldeko hondartzak, Bilboko Guggenheim, Gasteizko Andra Mari Zuriaren festak, gastronomia... Informazio guztia ingelesez idaztea erabaki genuen, hori baita trukerako erabiltzen den hizkuntza nagusia.

Mundua eskura

2009ko ekaina hasieran semaforoa berde  genuen. Horrela adierazten baitira trukerako pronto dauden etxeak. Hawaii, Holanda, Paris, Kanada, Zeelanda Berria... A ze aukera mordoa! Mundua gure esku. Eta munduko bazter guztietatik hasi ziren, baita ere, gurera etortzeko asmoz mezuak iristen: Belgika, Danimarka, Finlandia, Bartzelona, Bretainia. Nondik hasi?

Azken urteetan ingelera da gure bidaien motorra. Hizkuntza horrekin badugu nolabaiteko erronka, eta opor garaia berau praktikatzeko aitzakia ezin hobea dela iruditzen zaigu. Hori eta beste arrazoi batzuk bide, lehendik ere ezagutzen genuen Irlandara itzuliko ginela erabaki genuen. Orduantxe hasi zen mezu festa. Makina bat e-mail bidali ostean, hor ibiltzen ginen gauero ea inork erantzun ote zuen begira. Hilabete genuen udako oporrak lotzeko. Batzuekin hartu-emanetan hasi, une berean beste batzuekin, datak adosten, kotxea trukatzeko kide bila, azken orduko bazkide interesgarriago baten aukera… hilabeteko dantza bizi haren ostean Wexford konderriko Curracloe herrixkatxoan hiru asteko egonaldia lortu genuen, auto trukaketa barne. Gauza bat argi geratu zitzaigun: trukeak denbora eskatzen duela eta denboraz egin beharra dagoela.

Denbora eskatzen du, baita ere, zure etxea besteentzat prestatzeak. Guztia idatzita uztea komeni da: sukaldeko tresnak nola erabili, etxeko argi nagusia nondik piztu eta itzaltzen den, zakarrak nola antolatu behar diren, zein gauza erabiltzerik ez duzun nahi –besteak beste, telefonoa–, oinarrizko zerbitzuak  –medikua, tailer mekanikoa, janari dendak...– non dauden, eta informazio turistikoa. Zenbat eta harreman handiagoa egin trukaketa baino lehen, orduan eta egokiagoa izango da utziko diezun informazioa. Oso ohikoa da maindire eta toallak utziko diren edo ez galdetzea, batzuentzat inolako arazorik sortzen ez duen arren beste batzuentzat oso gai pertsonala da eta.

Trukaketa, Dublinen

Dena prest bidaiarako! Dublin izan zen gure elkargunea. Bertan jaso gintuzten, oinarrizko informazioa trukatu genuen, autoko eta etxeko giltzak elkarri eman eta bidaia ona opa genien batzuek besteei. Hurrengo egunean Biarritzera hegan egin eta guk bezperan aireportuan utzitako autoa bertan hartuko zuten.

Elkar ezagutzeko aukera izan genuen, bitartean. Argazkietan ikusi arren, zure etxera nor doan aurrez aurre ezagutzean lasaitu egiten zara, horrela izan zen kasu honetan behintzat. Ez ginen luze egon, baina nahikoa izan zen egindako aukera zuzena zela ikusteko.

Ezkerreko bidetik gidatuz, kotxe handi batean, irratia piztu genuen. Ingelera barra-barra eta zelta hizkuntza, baita ere. Alde batean eta bestean marrubiak salgai ikusten hasi ginenean konturatu ginen Wexford-eko konterrian sartu ginela. Curracloera iristeko irrikan geunden. Irlandan murgiltzen hasiak.

“Gure” etxe berria

Giltzak etxeko atea ireki zuenean, ondorengo hiru asteetan gure txokoa izango zena ezagutu genuen. Gaua zen eta gauzak ahalik eta gutxien ukituz maindire goxo eta garbiekin prest utzi zuten ohean egin genuen lo hirurok.

Hurrengo goizean goiz jaiki ginen, eguzkia atera orduko, ez baitago pertsianarik Irlandako etxe gehienetan. Hara gure lehenengo sorpresa! Pixkanaka etxeko bazter guztiak ezagutzen joan ginen. Tentu handiz eta gauzak nola zeuden kokatuta begiratuz. Hiru asteren buruan dena berdin uztea baitzen gure asmoa. Konfiantza eta errespetua dira truke hauen oinarria. Konfiantza eman behar duzu zure etxean eta errespetuz jokatu bestearenean. Hasierako neurri hori hartu eta gero, sukaldeko mahaian ongietorria ematen zigun eskutitzarekin egin genuen topo.

Turistak bai, baina ez guztiz kanpotarrak

Ceád míle fáilte... edo “ongi etorri gure etxera. Bertan dagoen guztia zurea balitz erabili, disfrutatu eta zaindu”. Horixe zen eskutitzak esaten ziguna. Gustura sentitu ginen hasieratik. Eta hau da modu honetan bidaiatzearen arrazoi nagusietako bat, alegia, berria zaizun ingurunean goxo sentitzen zarela, eta hori abiapuntu aparta da. Bertakoekin harremanetan jartzeko aukera gehiago duzu. Auzokoekin etxearen eta herriaren dinamikaz hitz egiteko parada bada. Beraientzat zu ez zara hain arrotz, beraien auzokideen etxean baitzaude, eta kuriositatea sortzen duzu. Ingurukoekin gertuago sentitzen zara. Ez zara turista soila.

Etxean bezain eroso zaude, baina etxetik kanpo egoteak eskaintzen dituen esperientziekin. Hori du bidaiatzeak, hori gustatzen zaigu, harrituko gaituzten gauzei atea irekitzea. Eta ateez ari naizela, gure bizimodu gautxoria aldatu behar izan genuen ondo bazkaldu eta lo kuluxka egin ondoren Wexford-era hurbildu eta ate guztiak itxita topatu genituenean. Arratsaldeko 5etan komertzioak, igerilekua, liburutegia, arte galeriak eta gainerako guztiek pertsiana botata baitzuten. Pertsianarena, esateko modua da.

Hiru txanponen truke hiru asteko egonaldi zoragarria egin genuen. Irlandako hego-ekialdeko hondartza luzeez gozatu genuen. Batzuetan hondarrezko gazteluak eginez, bestetan kometekin jolasten eta ia egunero, ilunabarra baino lehen, paseo luzea eginez. Bizilagunekin berriketan, beraiek aholkatutako txokoak bisitatuz, Kilkenny-ko kale antzerkia ikusiz eta Dublineko kale giroa usainduz, egunak berehala xahutu genituen.

Itzultzeko ordua! Dena ondo joango ote zitzaien? Etxea guk utzi bezala egongo ote da? Egunerokotasunak sor ditzakeen kalte txiki batzuez gain –hautsitako basoren bat, pertsiana tokiz askatua eta zartaginak ontzi-garbigailuan sartu eta gero gastatuak–, gainerakoa berdin-berdin utzi ziguten.

Gerora Bartzelonan izan dugu beste esperientzia arrakastatsu bat. Epea laburragoa zen eta beraz, prestaketa lana baita ere. Hizkuntzak asko erraztu zuen trukea. Eta orain Brighton, Ingalaterran; hori dugu uda honetarako erronka. Abuzturako trukea lotuta dugu. Hiri koloretsu hori ezagutzeko gogoz gaude. Etxera datorren ingeles bikotea herriko festak hasten diren egunean iritsiko da. Guztiok asko gozatuko dugulakoan nago. Ireki burua eta ibili munduan!

----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- -----
XXI. mendean gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari den aukera
Euskaraz abegi-zerbitzu esamoldearekin itzul genezake ingelesezko hospitality service. Intervac ez da era honetako webgune bakarra; gehiago daude, baina denetan parte hartzeko baldintzak ez dira berberak. Batzuetan, elkarri etxea eskaintzen diote trukea egiten dutenek; beste batzuetan, etxera joango denari lanen bat egitea eskatzen zaio, etxalde organikoan lan egitea adibidez... Formula asko dago, baina muina, beti ere, ezer ordaindu gabe etxe batean egoteko aukera eskaintzea da.

Tankera honetako ekimenek XX. mendearen erdian izan zuten abiapuntua. Intervac, ikusi dugunez, 50eko hamarkadatik dago martxan. 1965ean, berriz, John Wilcock-ek Traveler’s Directory izenekoa antolatu zuen: beren bidaietan elkarri etxea eskaintzeko prest zeuden bere lagunen zerrenda besterik ez zen hasieran. Lehen hazi haietatik iritsi gara abegi-zerbitzua eskaintzen duten webgune mordotxoa edukitzera. Gaur egun Internet bidez egiten dira kontaktu gehienak, eta gero eta gehiago: 2000. urtetik hona asko hazi da honelako zerbitzuen erabilpena, eta erabiltzaile kopuruak etengabe gora egiten du. Oraingo krisiak ez zien bultzada txikia emango.
   
Hona hemen zerrendatxo bat:

www.intervac-homeexchange.com
www.couchsurfing.com
www.bewelcome.org
www.intercambiodecasa.org
www.prof2000.org
www.hospitalityclub.org
www.wwoof.org
Iker Muñoz Pikabea
«Bakarrik atera nintzen, baina ez naiz inoiz bakarrik sentitu»
Iker Muñoz Pikabea 24 urteko irundarra ekainean bueltatu da urte eta erdiko bidaiatik. 12-13 herrialde bisitatzeko asmoz abiatu zen 2008ko azaroan, motxila arina eta lau surf-ohol gainean, eta azkenean 22 herrialdetan izan da. Orain, lan egin eta dirua aurreztea da asmoa, berriz alde egiteko, munduko mapan markatu egin baititu ezagutu dituen herrialdeak, eta Internetek esan dio %8 baino ez duela bisitatu. “Handia da mundua!”.

Nola prestatu zenuen hain bidaia luzea?


18 urterekin egin nuen lehen bidaia luzea, hilabete Indonesiara lagun batekin. Hurrengoa hiru hilabetekoa izan zen, eta gero esan nuen etxean: bi urte barru urtebeteko bidaia egingo dut. Lan asko egin nuen, hiru lanetan batera ere aritu nintzen, aurrezteko, eta behin dirua bilduta, abiatu egin nintzen. Ez da askoz gehiago planeatu behar, hegazkina hartu eta aire, hemen betikoa delako, bi urteren ostean bueltatu eta dena berdin ikusi dut. Surfa izan da nire motibazioa, munduko olatuak ezagutzea, baina gero askoz gehiago aurkitu dut, makina bat jende, kultura eta bizipen. Azken finean, jendea da bidaiatzearen onena, mundu guztiko jende oso ezberdina aurkitzen duzulako, batzuk zure egoera berdinean, eta lagun berri asko egiten dira, batez ere ni bezala joaten bazara, ez turista moduan dena lotuta, baizik suertatzen denari irekita.

Motxila txiki bat eta lau surf-ohol, besterik ez zenuen abiatu zinenean. Baina jan, lo… ere egin beharko zenuen.


Australiara joan nintzen lehenik eta bagpacker batean lanean aritu nintzen hiru hilabetez, lorazain, pintore, mudantzatan, obran… diru gehixeago aurrezteko. Ondoren furgoneta zahar-zahar bat erosi eta hori izan nuen bizileku. Zeelanda Berrian autoan egin nuen lo hiru hilabetez, gero ostatuetan-eta egon naiz normalean, kanpoan surfeko funda gainean eguraldi ona eginez gero… Lekuaren arabera; egokitzen jakitea da gakoa. Oso gutxirekin bizitzera ohitzen zara, gutxienekoa baino ez gainean, arropa, janari, lo-gune eta garraio merkeenekin beti.

Australia, Zeelanda Berria, Tahiti, Indonesia eta Hawaii, bidaiaren lehen zatia. Bakarrik atera zinen, baina ez duzu bakarrik bidaiatu…


Oso desberdina da bakarrik edo lagunen batekin bidaiatzea, eta nik biak egin ditut oraingoan. Nahiago dut bakarrik bidaiatu, inorekin erantzukizunik izan gabe, jende berria ezagutuz, beti norbait aurkitzen duzulako egun bat, bi edo bost berarekin bidaiatzeko, jende desberdinarekin. Bakarrik bidaiatzeak behartzen zaitu irekia izatera, jendeari galdetzeko, hitz egiteko… Bakarrik atera nintzen, baina ez naiz inoiz bakarrik sentitu. Denetarik aurkitu dut, batez ere israeldar asko bidaiatzen, soldaduska egin ostean ohitura dutelako bidaia luzeak egiteko. Holandarrak, estatubatuarrak, ingelesak, alemaniarrak, argentinar asko… ere aurkitu ditut. Harrituta geratu naiz Euskal Herria ezagun zitzaielako askori, politikagatik gehienbat. Harreman horiek gero baliagarriak dira gainera, munduko leku ezberdinetan ostatu bilatzeko. Ni hala ibili naiz, eta nire etxera etorriko dira orain.

Lehenengo zatia surfari oso lotua egin duzu. Sustorik eraman duzu olatu artean?


Tahitin nire bizitzako erorketarik okerrena izan nuen. Arrezifearen aurka ohola puskatu zitzaidan, kolpe handia hartu nuen, 25 minutu eman nituen igerian uretik atera ahal izateko… Gainera marrazo pila bat ibiltzen dira egunero inguruan, eta odoletan nintzenez… baina janari asko dute eta ez dira arriskutsuegiak. Lau oholekin atera nintzen Euskal Herritik (merke lortzen ditut, Pukas-en egin dudalako lan) eta bost puskatu ditut. Olatu onak hartu ditudan seinale, beraz ez da txarra.


Oso arriskutsua da itsasoa?


Errespetua izan behar zaio eta arrezife inguruetan gabiltzanok normalean badiogu, ez da edonor sartzen, arrezifeak kasik ur-azaleraino iristen direlako eta erraz labaindu eta ebakia egin dezakezu. Arriskutsuagoa da hondartzetan, surfa modan jarri baita eta jende pila bat sartzen da, era guztietakoa.

Eta mundua, arriskutsua da gure mugetatik at?


Gehienbat Hego eta Erdialdeko Amerikan. Guatemalara iritsi eta jada ikusi genuen oso ohikoa dela kalean pistolarekin ibiltzea, eta Panaman eskolta jarri ziguten denda batera joateko. Lekurik arriskutsuena Honduras iruditu zait, etxeko leihoak burdinez josiak, jendea eskopetekin, zaindariz betea, tiro hotsak… Lapurtu egin ziguten han eta arazo asko izan genituen pasaportea berriz lortzeko, enbaxada eta polizia tarteko. Perun berriz lapurtu ziguten eta espetxean amaitzeko zorian izan ginen, ilegal egoeran ginela-eta. Aurretik, Australian, furgonetaren matrikula ostu zidaten eta hori paper piloa bete behar izan nuena! Tahitin ere bisatuarekin problemak izan nituen, AEBetan obsesionatuta daude segurtasun neurriekin… Burokraziaren munduan profesional bilakatu naiz dagoeneko, kar, kar, kar. Eta leku askotan soborno bidez funtzionatzen dute, edozerengatik gelditu eta ia-ia eskua luzatzen dizute, diru zain, azkenerako ikasi egiten duzu gutxi gorabehera zenbat eman leku bakoitzean. A, eta Indonesian hiru egunengatik libratu ginen lurrikara bat jasatetik. Arriskua eta aurreikusi gabekoak beti suertatzen dira, eta beharrezkoa da pazientziarekin hartzea. Gainera, esperientzia bezala ere oso baliagarriak izan dira ezbehar horiek guztiak.


Integratzen jakitea garrantzitsua izango da…


Bai. Indonesian oinarrizko hiztegi bat ikasi dut, nik uste ilusioa egiten duela. Hemen kanpotar batek euskaraz hitz egiten badizu inkontzienteki prestuago zaude laguntzeko. Gastronomia ere oso modu ona da kultura batean sartzeko eta denetik jan dut; arraroena, oilasko bihotza, Brasilen. Kanpotarra zarela ikusten dute, hitz egiten hasten zara eta ez da zaila integratzea, euren arazoak kontatzen dizkizute… Arazorik handiena? Pobrezia izugarria. Hegoamerikan oro har eta bereziki Hondurasen. Hangoa ikaragarria da, jendea kalean botata, burua zaborrontzian sartuta. Etengabeko krisian bizi dira han!

Hawaiitik Kanada, AEB (Los Angeles, Las Vegas), Mexiko, Guatemala, Honduras, Nikaragua, Costa Rica, Panama, Ekuador, Peru, Bolivia, Txile, Argentina, Paraguai eta azkenik Brasilera. Hondartzen lasaitasunetik, hirietako anabasara.


Kontraste handiak aurkitu ditut. La Paz, adibidez, Bolivian, asko gustatu zait, jendetza eta dendak leku guztietan, bizi handiko hiria, kaotikoa guztiz. Eta lasaitasun handiko guneetan ere izan naiz. Surf egiteko nahiago ditut leku lasaiak, baina bidaiatzeko kaosak gehiago erakartzen nau, saltsak, mugimenduak. Hasieran dena surfa zen, baina aseta bukatu nuen eta bidaiaren bigarren zati honetan gehiago izan da bidaiatzea jendea eta leku berriak ezagutzeko. Gainera surflariek ez dugu deskonektatzen, beti eguraldiari eta itsas-baldintzei begira gaude eta pixka bat egoistak gara, olatu onak hartzea baino ez buruan eta lehia uretan, baina bidaiariaren filosofia alderantzizkoa da guztiz: eskuzabaltasuna. Bien arteko nahasketa izan da nire filosofia, surfaren eta bidaiatzearen artean. Surfak lasaitasuna ematen dit, mundutik deskonektatzeko aukera, eta bidaiak jendea, harreman itzelak, eta hori da garrantzitsuena. Gomendatu ez, behartu egin beharko lukete bidaiatzera!

- http://ikermp.blogspot.com blogean jaso du Iker Muñozek bere bidaia, argazkitan.
Mongol Rally: inoren laguntzarik ez espero
Joseba eta Axier Oiarzabal anaia urduñarrak duela urtebete inguru abiatu ziren etxetik Ulan Batorrera, Mongoliako hiriburura, autoz. Ez zuten helmuga besterik gabe aukeratu; 2004tik Mongol Rally izeneko abenturan parte hartu duten ehunka lagunetako bi dira oiarzabaldarrak.

Munduko abenturarik handiena dela esan izan da. GPS eta bestelako teknologiek edozein bazterretara iristea errazago –eta seguruago– bihurtu duten honetan, gauzak txarto joatea, benetako arriskuan egotea nahi dutenentzako abentura modura aurkezten da Mongol Rally-a, azken lau urteetan hura antolatzeaz arduratu den enpresaren webgunean. League of Adventurists International dauka izena, britainiarra da, eta bai, enpresa da, dirua irabazteko asmoz jarduten du. Hala uler daiteke bertan izen-emateko 800 euro ordaindu behar izatea, nahiz eta Axier Oiarzabalek, iaz Mongol Rallya egin zuten euskaldunetako batek, diru hori zehazki zertarako zen ez digun zehatz esaten jakin. Irabazteko asmoarena Wikipediatik atera dugu.

800 euroak gastu zerrenda luze baten abiapuntua besterik ez dira. Horrelako erronka bati aurre egiteko berez behar den sosaz gain, Mongol Rallyaren egileek beste konpromiso bat hartzen dute aldez aurretik: 1.500 euro ematea Mongolian lanean ari diren zenbait GKErentzat. Gainera, autoa helmugan utzi behar da, hangoek erabili dezaten. Oso ongi errezibituak dira anbulantziak, Mongolian ia ez dago eta.  

Axier eta Joseba Oiarzabal urduñar anaia gazteak anbulantzia bat eramatekotan izan ziren, hain zuzen, baina azkenean auto arruntagoa aukeratu zuten. Hura ere erosi behar izan zuten, jakina. Rallyak egiten ohituta daude, baina laburrak, etxe inguruan. Lehiatzen, beraz. Aspalditik zeukaten gogoa, ordea, abentura rally bat egiteko. Azkenean, Mongoliakoa hautatu zuten, “ikusi genuelako elkartasun osagai bat ere bazuela, eta zerbaiterako balioko zuela; ez zen geratuko joan-etorri hutsean”, dio Axierrek.

Munduko bira osoaren herena den odisea, zelan laburtu hain tarte txikian? Nekez. Datu batzuk lehenik: 15.000 kilometro eginda, metroa gora metroa behera, 26 egunetan iritsi ziren helmugara. Denek ez dute lortzen. Rallya egiten hasi zirenean, 2004an, %30 inguru ailegatu ziren Ulan Batorrera. Gaur egun %70era igo da portzentajea; antolatzaileek, ahalik eta baldintza kaxkarrenetan abiatzeko filosofiari eutsiz, arau bat ezarria dute: erabiltzen den autoa ezin da oso ona izan. Baina mongoliar gobernuak, ikusita uzten zizkieten kotxeek ez zutela gehiegirako balio, bere baldintzak jarri zituen: autoek hamar urte baino gutxiago eduki behar dute. Gehienezko zilindrada 1.200 cm3-koa izateko ere presio egin zuten, hasieran 1.000koa besterik ez zen eta.

Zenbakietatik harago, anekdotez bete genitzake datozen orrialdeak eta askoz gehiago. Denak behin Asian sartuta, Europa ziztu bizian utzi baitzuten atzean Oiarzabal anaiek. Ezagunegia da gure kontinente txiki hau, eta bestalde, zer abentura usaindu daiteke haren autobide erosoetan, GPSrik gabe joanda ere?

Mongol Rallyaren benetako esanahia Turkian hasten da, baldin eta, Axier eta Joseba bezala, Asiara Turkiatik sartzea erabakitzen bada, hori ere libre da. Batzuk iparraldetik joaten dira, Ukrainiatik, eta Zirkulu Polar Artikoa zeharkatu ostean Ulan Batorrera iritsi denik ere bada. Antolatzaileek ez dute ibilbide jakina inposatzen, eta dena den, bidean zerbait gertatzen bazaizu ez dira zutaz arduratuko, 800 euroko prezioan doa hori.    

Irandarrak, irekienak

Turkiako asiar aldean gaude beraz, eta autobideen erosotasuna desagertu egin da, baina behintzat autobide izena merezi duen zerbait badago oraindik. Iranera sartu orduko ezta hori ere, nahiz eta asfalto kontuetan gorrienak iristeke dauden. Bidean aurkitutako jende guztietatik, irandarrek utzi zuten oroitzapen goxoena Axier Oiarzabalen gogoan. Jatorrak, irekiak, beti laguntzeko prest... Ia gauero kanpin-dendan egiten zuten lo, arropa garbitu beharrak hotel bat bilatzera behartzen zituenean izan ezik, baina otorduak bideko ostatuetan egiten zituzten. Hala, geldialdi luzeak egiten ez bazituzten ere, bertokoekin harremanean izan ziren etengabe, hizkuntzaren oztopoa nola edo hala gaindituz, eta batzuetan gainditu gabe; aurkitutako guztiak ez ziren-eta irandarrak bezain jatorrak izan, bide batez esateko.

Turkmenistandarrak, esaterako, ez zitzaizkien atsegin suertatu. Beharbada espioiak izatea leporatu zietelako, ikatz-zentral bati –hala zela gerora jakin zuten– argazkiak egiteagatik. Zertxobait atseginagoak ziren uzbekistandarrak, eta gainera ikusteko moduko hiri bi daude han: Buxoro eta Samarkanda, biak historiaz gainezka.

Uzbekistan atzean utzita, iparraldera jo zuten Axierrek eta Josebak, oso iparraldera. Mapari begiratuta itxuraz bidea alferrik luzatzea da, baina mapek zer dakite munduaz. Batetik, ekialdean dagoen Kirgizistanera sartzeko ez zuten bisarik; Bruselan daukate Euskal Herritik hurbilen dagoen enbaxada. Eta alferrik zatekeen gainera: are ekialderago dagoen Txina inola ere zapalduko ez zutela argi zuten abiatu aurretik: “Joko Olinpikoak igaro eta gero oso zail bihurtu da hara sartzeko baimena lortzea”, argitu digu Axierrek.

Gasolina arazorik ez ei duen herrialdea

Hortaz, Kazakhstan izan zen zeharkatu zuten  hurrengo herrialdea, bai kostata zeharkatu ere. Munduko bederatzigarren estaturik handiena da sobietar errepublika ohia. Jende gutxi bizi da ordea. Estepa hutsa zuten bidaide, hegoalderagoko basamortuaren ordez. Zenbat eta iparralderago, orduan eta klima hezeagoa, eta, uda izan arren, hotzagoa. Garaiera handian egoteak ere lagunduko zuen horretan.

Gutxi populatutako eskualdeak zeharkatuta ere, behin ere ez zitzaien gasolindegirik falta izan. Kazakhstango batean, gasolina botatzen ari zitzaien mutilari botoiren bat sakatzea ahaztu zitzaion, eta behin autoa beteta likidoa lurrera jausten hasi  zen. Han zeuden guztiak barrezka hasi ziren, euskaldunak izan ezik: “Lasai, hemen sobera dugu, ez dago arazorik”, esan zieten urduñar harrituei. Nola da peak oil kazakhstaneraz?

Beti iparralderantz, Errusian sartu ziren azkenik, Europa gogorarazi zien eskualde batetik. Izen hori merezi zuen errepide bakarrak oso iparrera joaten behartu zituen, euren helburua ekialdean egon arren. Barnaul hiritik, berriz, hegoaldera ostera ere, mendi eta basoz inguratuta, Euskal Herriaren antza zeukan paraje batean. Eta behin iparraldera egindakoa hegoaldera deseginda, azken muga politikora iritsi ziren: Errusiaren eta Mongoliaren artekora. Hor hasi ziren benetako arazoak.

Mongolia, herrialde hutsa

Bidaian izandako bizipen guztiak biderkatu egin zitzaizkien Mongolian. Ordura arteko mugak zeharkatzea zaila bazen, Mongoliakoan egun erdiz eduki zituzten geldi besterik gabe, eta euroak Mongoliako dirutara aldatzean erdia baino ez zieten eman. Behin muga gaindituta, zer esan? Ordura arte populazio txikiko herrialdeetatik ibiliak ziren, baina Mongolia denetan da gailen: munduan biztanle dentsitate txikiena daukan estatua da. Hiru milioi lagun, horietatik milioi bat Ulan Batorren, Frantziako estatuaren hiru halako den lurraldean. Mongoliako kilometro koadro gehienetan ez da inor ere bizi. Eta ordura arte errepide txarretatik ibiliak baziren, aurrerantzean errepiderik ere ez zuten edukiko hiriburutik 300 kilometrora egon arte. Mongol Rallyaren sortzaileek ez zuten alferrik aukeratu Mongolia: munduko errepide txarrenak omen ditu. Izan ere, ez dago ia errepiderik, asfaltorik esan nahi baita. Mapan adierazitako bide batzuk badaude, baina lur eta hareazko pistak besterik ez dira, eta gainera ez doaz mapak dioen lekutik. Dena den, lautada amaigabeetan bizi diren mongoliarrek mapa bat zer den ere ez dakite, Axier Oiarzabali kasu egitera.

Rallyko parte hartzaile guztiak helmugara ez iristearen errudun nagusia Mongolia da seguruenik, baina gure urduñar tematiek oztopo horiek eta gehiago gainditu zituzten, baita erreka bat zeharkatu nahian autoa urez bete zitzaienean eta ia erremintarik gabe konpondu behar izan zutenean ere. Eta zalantzarik ez izan tematiak direla: antolatzaileek, Ulan Batorrera iritsi zirenean, ez zieten jaramon handirik egin hasieran, baina beraiek umezurtz-etxe bat ikusi nahi zutela eskatu eta eskatu egin zuten, haraxe joan behar baitzuten abenturaren hasieran aipatutako 1.500 euroek. Lortu zuten ikustea, eta beraiek izan ziren horretan lehenengoak.

----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- -----
Finantzazioa, beste abentura bat

Mongol Rallyan parte hartzeko behar den diru kopurua normalean patrikan eramaten duguna baino gehixeago da. Horrek inork kikildu ez dezan akaso, antolatzaileen webguneak dio posible dela diru hori lortzea norberaren ekonomiari zauri larria eragin gabe. Nola? Erraz, eskatuta. Horretan ari dira, esaterako, uztailaren 22an Ulan Batorrera abiatuko diren Cormac MacDonell eta Iker Galin bizkaitarrak. 12.000 eurotik gora joan zaie aurrekontua, eta hainbat enpresaren babesa lortzeaz gain –eramango duten  furgonetak agerian uzten duenez– hainbat jaitan txosna eta guzti ipini dute. Hori bai, ohikoa baino askoz kilometro gehiago egiteko asmoa daukate, eta patxadaz gainera: antolatzaileek gomendatutakoa baino lau aste beranduago iritsiko dira –espero dezagun– helmugara. Itxarongo omen dituzte.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude