Lau izen, zeresana franko

  • Beñat Sarasola, Imanol Murua, Baleike eta Argia. Joan den larunbatean, hilak 3, banatu zituzten aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Literatur kritika, kazetaritza politikoa, herri-prentsa eta 90 urteko ibilbidea saritu zituen epaimahaiak.
Rikardo Arregi Sariak
Andoni Canellada
Kosmosa: Pello Ramirezen txelo doinuak hartzen du Bastero kulturuneko aretoa. Dena dago prest. Horman Rikardo Arregi Sarien afixak. Aulkiak, gonbidatuen zain; mikrofonoa, berben esperoan. Kaosa: kazetari bat urduri, haririk gabeko Internet konexioak madarikatzen. Azkenean ezin Twitter bidez ekitaldia kontatu, eta gerorako utzi du lana. Baliabide tradizionalagoak –boligrafoa, papera– atera, eta ekitaldiaren argazkia ateratzen saiatuko da arratsaldean.

Lau izen: Beñat Sarasola, Imanol Murua, Baleike eta Argia. Saria jasotzean, denek zeukaten zeresana. Sarasola izan da oholtzara igotzen aurrena. Berria egunkarian publikatutako literatur kritikengatik jaso du Kazetari Berria saria eta, adierazi du, kazetari peto sentitu ez arren, prentsarako egin dituen lanetan literatura oso baliagarria suertatu zaiola. Sarasolaren hitzak editore ezagun baten alboan eserita aditu ditu kronika honen egileak; eta editoreak, zera nabarmendu dio: berak dakiela, lehenengo aldiz irabazi duela gure kazetari-sarietako bat literatur kritikari batek. Generoa izaten ari den garapenaren erakusgarri ere bada, beraz, aurtengo Kazetari Berria saria.

Imanol Muruaren txanda etorri da ondoren. Aipamen Berezia egin dio epaimahaiak kazetari –kronikagilearen zalantza: ofizioa ez al du hemen letra larriz idatzi behar?– zarauztarrari. Arrazoia: Loiolako Hegiak, jakina. 2006ko bake-elkarrizketen sekuentzia osatu du Muruak liburu horretan, ñabardura ugari azaleratuz, lanbropean zeuden gertakariak argituz. Hitza hartu duelarik, ordea, bere liburua kritikatu du Muruak, bukaera “txar” eta “prebisiblea” daukalako. Eta prentsak gure Arazoan –hemen zalantza gutxiago ditu kronikagileak letra larria jartzeko– bete beharko lukeen rolaz hausnartu du. Kazetaritzak ezin omen ditu gatazkak konpondu, baina konponbidea ez oztopatzen, gutxienez, saiatu beharko luke. Hartzeko moduko oharra, aurrerantzean zer gerta ere.

Zumaiako Baleike aldizkariak irabazi du aurtengo Sari Nagusia. Bizi-bizi dabiltza nola paperean, hala sarean. Saria jaso, eta jende aurrean paratuta, herri prentsaren estatusa aldarrikatu du Gorka Zabaleta zuzendariak: “Herritarrei gehien axola zaiena gertuko informazioa da”. Gertukoa, hilabetekarian; gertukoa, egunero Interneten: albisteak, blog komunitatea, multimedia... Aurrerantzean ere, emango du zeresana Zumaiako komunikazio proiektuak.

Eta, last but not least, Argia. Ohorezko Aipamena jaso du euskal prentsaren dekanoak, 90 urteko ibilbidearen sari modura. Xabier Letona zuzendariak hitz egin du Argiako lan talde osoaren izenean, eta euskarazko proiektu komunikatiboek egun bizi duen egoeraz hausnartu du. Letonaren esanetan, garrantzitsua da ondare historikoa zaintzea, baina bizirik dauden proiektuak, orain eta hemen diharduten horiek dira inportanteenak. Horregatik, krisi ekonomikoaren mehatxupean, sektoreak eta instituzioek elkar hartu behar dutela adierazi du.


Sari banaketaren bideoa
Xabier Letona Argiako zuzendariak saria jasotzean esanak
Batzuetan 90 urte pasatu behar dira ohartzeko horrek zer esan nahi duen. (...) Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuenean, esate baterako, laster ohartu ginen horrek zekarren kalteaz, komunikabide batek bere hiztun komunitatearentzat duen garrantziaz. Eta ez pentsa euskaldun oso, kontziente eta konprometitua izan behar denik hortaz ohartzeko, Gomez Bermudez epaileak ere horixe bera argudiatzen zuen Egunkaria auziko absoluzio epaian.

Oso desberdina da komunikabide bat itxi eta, beraz, hil, edo berau akituta hiltzea. Baina hiztun komunitatearentzat ondorioa bera da: ez du gehiago komunikabide hori eta kito.

Ez dakit krisi sasoi honetan euskal prentsaren egoera zein den, baina panorama ezagututa, pentsatzen dut alarma guztiak piztuta izango direla, gorri-gorri. (...) Egoera tamalgarria da prentsaren eremuan eta ni erabat harrituta nago euskal prentsan nola ez datozen itxierak bata bestearen atzetik.

Askotan konplexua sortzeraino entzun behar izan dugu, kultura eta hizkuntza subentzionatuarena, artifizialki bizitzearena eta gisakoak. Eta orain zer eta gobernuek bankuak salbatzen dituzte. Eta milioika euro bideratzen dira autoen lantegietara, altzarien salmentara, eliteko kirola bultzatzera, azpiegitura erraldoietara… Eta gu ginen diru-laguntza publikoetatik bizi ginenak. (...) Honekin bakarrik azpimarratu nahi dut zerbait sendo bultzatu nahi denean, suspertu eta aurrera atera nahi denean, gure instituzioak gogotik inplikatzen direla horretan, ahaleginean eta dirutan. Eta logikoa da gainera.

Baina ez da hori euskal prentsaren kasua. Ez dugu halako sostengurik sumatzen, inondik inora. (...) Ez nuke nahi hau salaketa gisa hartzea. Hausnarketa da hau. Instituzioei arduratsu jokatzeko dei bat izan nahi du honek, dei zintzoa. (...) 90 urteko ibilbidea saritu da hemen eta zalantzarik ez, ondare historikoa garrantzitsua da, baina garrantzitsuena oraina da, oraindik bizi diren proiektuak, garrantzitsua etorkizuna da. Ez, ez dugu autoen gurpilak edo sukaldeko garbigailuak baino gutxiago izan nahi. Eta hala sentitzen gara. Euskal prentsan urte luzez ari gara bakoitza berean, itota eta elkarlanari bide eman ezinean. Ea lozorro horretatik esnatzeko indarrak topatzen ditugun. Behar dugu.

Bukatzeko, bi pertsona aipatu nahi nituzke, azken 30 urteko Argiarentzat oso garrantzitsuak. 1980an beraiek egin zuten posible Zeruko Argiatik Argiarako jauzia: Joxemi Zumalabe zena eta Joxemari Ostolaza. Argiako lan talde osoaren izenean, mila esker eta zorionak 90 urte hauek posible egin dituzuen guztioi.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude