"Medikuntza da nire zoroa"

  • Medikuarengana sano joan eta buruko-minarekin atera nintzen. Nola egin belarriz jasotako hitzek paperean graziarik galdu ez dezaten? Frenadola aski izango ote da?
Julian Bereziartua bere kontsultan
Julian Bereziartua bere kontsultanDani Blanco

Tabernako semea zara…


Landetako tabernan jaioa. Horri zor diot izaera. Gerra ostean, ondo lan egiten zuen taberna zen gurea, jende asko arrimatzen zen inguruetatik, eta gurasoek taberna utzi zutenean, lotara etxera joan arren eguneroko otorduak bertan egiten zituzten 65 apopilo finko genituen. Gerora, Imanol Lazkanori entzun izan diot huraxe zela Azpeitia inguruko bertsolarien unibertsitatea. Etengabe edaten nuen saltsa horretatik eta hantxe ikasi nituen tratua, gizatasuna eta adar jotzea. Ez da ahaztu behar bai tabernan eta bai medikuntzan pertsonekin egiten dela lan. Medikuak zein barra atzean dagoenak atetik nor datorren begiratu behar du, nola jantzita dagoen, herren egiten duen ala ez, zer pausokera dakarren, zer aurpegi... Kuriosoa da, bai tabernan eta bai medikuarenean, ez gara beti garen bezalakoak, oso portaera desberdinak dauzkagu.

Orduan, zu izango zinen desberdina. Ez zen ohikoa izango 11 urterekin herritik kanpora estudiatzera joatea.


Ez zen ohikoa ez, eta gainera, nik gazteleraz dena ulertu arren, oso traketsa nintzen hizketan. Iruñera joan nintzen, ordea, eta han inork ez zekien euskaraz. Batxilerra 11 urterekin bukatu, eta 18 urte bete arte egon nintzen bertan. Han nengoela aitak sarritan galdetzen zidan zer estudiatu behar nuen, eta bera tratantea zenez, eta ganadu mundua gustukoa nuenez, albaitari egingo nintzela erantzuten nion. Halako batean, argi esan zidan: “Begira Julian, etxe batera gaixo bat ikustera joaten bazara, okerrenera jota sukaldean hartuko zaituzte, albaitari bezala bazoaz, onenera jota, ukuiluan!”. Hori nahikoa izan zen ni konbentzitzeko. 
Karrerako bigarren eta hirugarren urteak egunero hildakoak operatzen pasa omen zenituen.
Hildakoekin lan egin ezean ez dago ofizioa fundamentuz ikasterik. Anatomia taxuz ikasteko balio izan zigun guri, eta ez dago anatomia dominatzen ez duen mediku dezenterik. Bi urtez, egunero ordubetez, hildako bat operatzea tokatzen zen, egunero gorputz atal desberdina. Tokatzen zen atala operatu, eta hantxe gordetzen genuen berriro hilotza, gorpuak, urdaiazpikoa bezala, formolarekin kontserbatzen direla jakinik. Gerra garaiko anbulanteak ez zituen inork erreklamatzen eta horien gorpuekin aritzen ginen. Hori irakurtzen duen edonork basati bat nintzela pentsatuko du, baina orduan halakoxea zen ikasketa prozesua, eta horri esker ikasi nuen ebakuntza bakoitzaren aurretik, non zauden, zertan ari zaren, eta zer egingo duzun garbi eduki behar dituzula.

Zer harreman duzu, egun, heriotzarekin?


Nire bizitzan 40.000 ebakuntza egin ditudala kalkulatzen dut, eta zorionez, ez zait inor eskutan hil. Zorte izugarria da hori. Baina Zarauztik Azpeitira joateko, Zestoatik pasa beharra daukat, eta hilerri parera heltzean, beti begiratzen dut beste aldera. Arrastoa barru-barruan iltzatuta daramat, eta hildakoak ezin ditut ikusi ere egin. Halako hil dela eta joango ote naizen galdetzen didatenean, hemendik errezatuko dudala erantzuten dut beti, malkoak irtengo dit bestela. Bihotz gogorra izan dut, baina biguntzen ari zait. Mediku lanean sentimenduak baztertzen saiatzen naiz, baina lagunartean, 10 urteko haurra bezain sentibera naiz.

Bihotz gogor ala biguna izan posible da lana eta gainontzekoa erabat bereiztea? Barrua jaten dizun zalantza horri iskin egin dakioke?


Niri izugarri kostatu zait. Askotan geratu naiz lo egin ezinik klinikan operatu berriak dauzkadanekin pentsatzen. Beti geratzen da kezka. Behin edo behin joan izan naiz klinikara bisitan, gaixoari kasu egitera behintzat, eta gehiagotan joango nintzatekeen barre egin izan ez balidate. Behin, gogoan dut, oso larri zegoen gaixo batengana joan, lo harrapatu, eta esnatu nuenean, esan zidala “zu don Julian zara, ezta? Oraindik bizi al naiz?”. Sabelak buelta eman zidan. Beste batean, ez nintzen gustura etxeratu ebakuntza batetik, eta gauean begirik bildu ezinik bueltaka nenbilela, telefonoa hartu eta nagusiari deitu nion operazioa errepasa genezan. Errepasoa emanda, ondo operatu genuela ziurtatuta, “orain izan dadila Jainkoak nahi duena” esaten zidan nagusiak. Baina dena gure esku ez dagoela jakiteak ez dizkigu ardura eta erantzukizuna gutxitzen. Ebakuntzara irribarretsu eta umorez sartu, eta gaixoak “barrez al zatoz? Ba ni bi umetxo etxean utzita etorri naiz, e” esaten dizunean, berehalaxe jartzen zaizkizu hankak lurrean.


Mediku zarenetik, zientzian irabazi dena gizatasunean galdu dela irakurri dizut.


Argi eta garbi. Guretzako gaixoa pertsona bat da. Pernandoren egia dirudi, baina ez pentsa denetan hala denik. Hil berri den lagun mediku batek karta bat idatzi zidan aspalditxo Alemaniatik han gaixoak zenbaki bat zirela esanez. Han medikuen txanda ebakuntza erdian amaitzen bada talde aldaketa egiten zela, eta azkenerako gaixoak ez zekiela nork operatu zuen ere. Pazienteak ospitalean astebete eman behar zuenean ere, egunero mediku desberdin batek egingo zion bisita. Niri hori ez zait sekula gustatu. Nik medikuntza harremanean oinarritzen dela sinesten dut, eta elkarren ezagupide horrek onurak baizik ez dakartzala. Alde bietako izen-abizenak ezabatuz gero dena da zailagoa, eta nire ustez, medikuen aurkako salaketen ugaritzeak lotura zuzena dauka horrekin.

Gizatasunaren parte da gaixoari bere hizkuntzan egitea. Zuk hasieratik egin diezu zure gaixoei euskaraz.


Gaixo bati bere hizkuntzan egiten badiozu, arrakastaren erdia ziurtatuta daukazu. Lagun mediku batek beti kontatzen du gaixo batekin erdaraz hasi eta ahal bezala erantzuten ziola. Euskalduna zela antzeman, euskaraz egin, eta gaixoari aurpegia ez ezik, erantzuna ere aldatu zitzaion! Horrekin dena esanda dago, ezta? 


Beti esan behar zaio egia gaixoari?


Ezta pentsatu ere. Orain gutxi ezagutu dut nire esku ez zegoen emakume baten kasua. Minbizia zeukan, oso larri zegoen, eta egia esatea pentsatu zuten. Berehalaxe hil zen. Nik karreran ikasi nuen, mediku batek gutxitan sendatzen duela, dezentetan arintzen duela mina, eta beti kontsolatu behar duela. Gaixoak igartzen duenean apetitua galtzen ari dela, argaltzen, denek errukiz eta serio begiratzen diotela, badaki zerbait gertatzen zaiola, baina ez du egia osoa nahi. “Hola bizitzea baino hilda hobe” esaten didaten pazienteei txantxa bat egiten diet beti. Behin kontsultatik ateratakoan, berriz sartzeko agindu, eta zerbait ahaztu zaidala-eta esku-ohean etzateko eskatzen diet. Hor harritu eta larritu egiten dira, “zer egin behar didazu ba?” galdetzen didate, eta hiltzeko injekzio txiki bat daukadala esaten diet. Inork ez du nahi izaten, denok bizi nahi dugu. Horregatik, askotan egia jakin bezain pronto hasten da gaixoaren gainbehera. Ez daukagu agonia luzatzeko eskubiderik, baina ahal den bitartean, gaixoa animatu beharra dago.

Zer harreman dugu euskaldunok eritasunarekin?


Asko kostatzen zaigu gaixorik gaudela esatea, nahiago dugu ezkutatu. Lehenengo bisitan historialak egiten hasi eta paziente askok erantzungo dizute ez direla sekula gaixorik egon. Burua altxa, berriro galdetu, eta ondokoak erantsi ohi du haragi-etena izan duela, kataratetatik operatuta dagoela, hau, hori eta hura. Esaterako, ni umea nintzenean, tuberkulosi mordoa izan genuen gurean, jende asko hil zen, baina inork ez du esaten tuberkulosia pasa duenik. Nik, gaur egun ere, X-izpiekin arrastoak topatzen ditudanean, “ah, bai, ahaztuta nengoen” erantzuten didate askok. Horregatik, urtetan beldurrez etorri da jendea kontsultara. Hortik datoz “ez gaixotzeko modurik onena medikutara ez joatea” bezalako esaldiak. Zergatik uste duzu jende batek nahiago duela kuranderoarengana joatea? Jendeak badaki, gehienez ere, belar pare bat jartzeko aginduko diela, eta belarrek ez dutela hiltzen. Medikuak, aldiz, botika fuerte bat eman dezake, eta hiltzen badu, zer? Honetaz asko zekien apaiz batek ez zuen alferrik esaten euskaldunak “gorrak, gogorrak, eta egoskorrak” ginela.


Iritzi berekoa izango zen kontu eske deitu zizun gizarte segurantzako inspektorea.


Hori Azpeitian kontsulta zabaldu berritan izan zen. Garai haietan, 60 urteko errezildar asko ikusten nuen, azokara bastoiarekin etortzen zirenak. “Ez duk posible, ez diagu gauza onik” pentsatzen nuen nire artean. Gaiari bi buelta eman, eta berehala jabetu nintzen, azalpena orografiarekin lotuta zegoela. Oso herri aldapatsua da Errezil eta horrek gaitz propioak garatzen ditu. Gurean, ezintasunagatik lau sos kobratzeko modua zegoela jakinda, denentzako paperak betetzen hasi nintzen. Batek belaunean desgastea zeukala, besteak bihotza nekatuta, urliak tentsio altua... Egiak jartzen nituen. Orduko gizarte segurantzako inspektorea ezaguna nuen eta halako batean bere deia jaso nuen. “Aizu, Julian, zer gertatzen da hemen? Badakigu lagun asko duzula Azpeitia inguruan baina ez ezazu hainbeste paper egin, gobernua arruinatuko duzu, bestela!”. Hura zer zen benetan ikusteko Errezilgo baserri batean pare bat egunean lanean jarriko nituela egin nien mehatxu eta hortxe bukatu zen kontua.

Gorra, gogorra eta egoskorra izateaz gain, jale eta edale fama izan du euskaldunak. Orain, aldiz, nutrizio kontuekin obsesionatuta gaudela dirudi.


Gehiegi. Askotan leporatzen zaigu jan-edana baizik ez izatea buruan, baina kontuz, goseak amorratzen ibiltzea ere ez da ederra, petral-petral eginda ibiltzen dira denak. Obsesionatu egin gara pisuarekin, baina gaizki daramagu. Aldizkariek aurre hartu digute, eta aldizkarietan gezur asko dago. Jan-edana askoz modu sano eta arrazionalagoan bizi behar genuke. Ni hasi nintzenean, alkoholiko asko zegoen gurean, baina zorionez, kopurua izugarri txikitu da. Zergatik? Ondo janez gero gutxiago edanda bapo bizi daitekeela ulertu dugulako. Hemen ohitura izan da mendira, futbolera, zezenetara... edonora, beti zahatoarekin joatea, eta hori txarra da. Estomago hutsean edandako alkoholak izugarrizko kaltea egiten du. Horregatik, umetan tabernara etortzen ziren bezeroei jateko eta edateko esaten nien, eta kontsultara datozenei, jateko eta edateko baina biak batera! Pentsa, hasiberritan gogoan dut ardoa izugarri gustatzen zitzaion zirrosia zeukan andre bat bisitatzea tokatu zitzaidala. Ardorik ez probatzeko agindu nion eta sarri-sarri joango nintzaiola bisitan. Handik gutxira, total eginda zegoela esanez deitu zidaten, eta kontu eske joan nintzaionean, berak ez zuela hitzik jan, ez ziola ardoari ematen, orain Xerez-a edaten zuela!  


Urteak pasa dira ordutik, baina 74 urterekin oraindik Azpeitiko kontsultan lanean jarraitzen duzu. Egia izango da lana osasuna dela...


Medikuntza da nire zoroa. Jubilatu askori galdetzen diet zer moduz bizi diren, eta batek baino gehiagok aitortzen dit hasieran oso gaizki pasa zuela, ezinez negar egiteraino. Hortik pasatzea baino jarraitzea hobe dudala iruditzen zait, eta gustura nabilen artean, aurrera. Iritsiko da uzteko ordua, eta iristen denean, utzi eta kito. Hori bai, nire lanak beste bati jana kentzen diola ikusten dudanean utzi egingo dut. Lehen ere erreparatu izan diot horri, eta lankide gazteei ezin zaie trabarik jarri. Errespetu eta laguntza osoa merezi dute.
Nortasun Agiria
1935eko azaroaren 21ean Azpeitian sortu arren, Zarautzen bizi da egun. Zaragozako unibertsitatean medikuntzan eta Valladolidekoan kirurgia orokorrean lizentziatua, 70 urterekin jubilatu zen Osakidetzatik baina oraindik lanean dihardu bere Azpeitiko kontsultan. Euskadi Irratiko kolaboratzaile, egunkari eta aldizkarietan argitaratutako 500 artikulu baino gehiagoren egile, Uztarriako ohorezko bazkide, Ander Ugartek bere biografia idatzi zuen 2009an.
Azken Hitza
Ateraldia
84 urteko aitonari tokatzen zitzaion kontsultara sartzea. Ohiko azterketa egin, eta inongo botikarik eta errezetarik gabe bidali zuen Julianek etxera, pazientearen harridurarako. Harridura baretzeko asmoz, tratua proposatu zion aitonari: “Gaur ezer gabe joan zara, baina hemendik hamar urtera berriz etorri beharko duzu”. Bi aldiz pentsatu gabe, “ados, ni etorriko naiz, baina zu hor egongo al zara?” ateraldia aitonak. Horixe dela Azpeitia inguruko umorea dio Julianek bi karkailen artean. Barre errazekoa da, txantxa zalea, botika onena horixe dela baleki bezala.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude