Hego Tiroleko abertzaleen arbolak eta intxaurrak

  • Maiatzaren 25ean Silvius Magnano hil zelarik, 96 urtegaz, Hego Tirol autonomoaren aitajauna hil zela idatzi zen, 1945etik hango politikaren muinean jardun zuelako, azken 35 urteotan alderdi nagusiaren agintaritzan. Bidean ez  ETArik, ez Garaikoetxearik eta ez Imazik egokitu ez zitzaion Arzalluz buruzagi tiroldarra, nolabait esateko.
Mazingazeta blogetik hartutako irudian ikusten dira herrilanetako beharginak Sepp Kerschbaumer-en omenez margotutako horma-irudia artatzen, Hego Tiroleko Eppan/Appiano herrian. Polizia italiarrak BAS mugimendu independentista armatuko buruzagia zelakoan a
Mazingazeta blogetik hartutako irudian ikusten dira herrilanetako beharginak Sepp Kerschbaumer-en omenez margotutako horma-irudia artatzen, Hego Tiroleko Eppan/Appiano herrian. Polizia italiarrak BAS mugimendu independentista armatuko buruzagia zelakoan arrestatu eta torturatu ondoren epaileek espetxealdi luzera kondenatu zutelarik, 1964ko abenduan hil zen preso. Wikipediatik hartutako irudi txikikoa da Silvius Magnano maiatzean 96tan hil den buruzagi nazionalista tiroldarra. Mussoliniren presioz beste askok bezala Alemaniara ihes eginda eta Hitlerren armadak II. Mundu Gerrara eramanda, zango bat moztuta etxeratu zen frontetik. 1945etik egon da aginte postuetan, bai alderdi nazionalista kontserbadorean eta bai Hego Tiroleko erakundeetan. Batzuek intxaurrondoa astindu eta besteek aleak biltzen dituztela, egia dirudi Tiroleko abertzaleen artean ere.Mazingazeta blogetik hartutako irudia
“Giro d’italia” dolomita mendi  izugarrietatik pasatzen denean, telebistetako kazetariek ez digute abisatzen inguru haietan bi ez, hiru hizkuntza hitz egiten direla eta eskualde autonomo batetik gabiltzala. Aldiz, Europa modernoko autonomia zaharrenetako bat hortxe dago, Alto Adige/Südtirol barruan.

Komeni da ez nahastea. Trento hiriburutzat daukan Trentino-Alto Adige/Südtirol eskualde autonomoa bi probontziak osatzen dute, azaleraz bezala biztanle kopuruz –milioi erdi jende inguru– paretsuak biak: bata Trento eta bestea Bolzano /Bozen edo Hego Tirol (Südtirol).

Bi probintziak duela 90 urte arte, zazpi mendez, Austriari loturik bizi izan dira, Tirol probintziaren barruan, denbora luzez inperio austriar-hungariarraren zati. Arik eta 1914an, lehen gerra mundialarekin, Italiak bereganatu zituen arte. Trento italiarrera gaur hurbiltzen direnek nekez sinetsiko duten arren hala da.

Austriarrei gerra galduarazten laguntzearen saritzat lurralde hau bereganatuta, erregimen faxista ezarritakoan Benito Mussolinik eskualdea italiartzeko plana abiarazi zuen. Hitlerrek Mussoliniren beharra zuenez, bien artean adostu zuten ahalik eta hegotiroldar gehienak Austriara edo Alemaniara eramateko plana.

Bigarren Mundu Gerra bukatuta, aliatu irabazleek eremu gatazkatsu batekin egin zuten topo eta Austria bezala Italia behartu zituzten konponbide honetara: eskualdea Italiaren zati da baina autonomia zabal batekin, italierarekin batera alemanari ere ofizialtasuna aitortuz eta beste.

Agian irtenbidea ez zen txarra gertatuko... ez balitz izan kultura eta hizkuntza mailan bi komunitate nagusien arteko eten handiagatik. Bi probintzia izaki, Trento italiar-hiztunean bezala Hego Tirol aleman-hiztunean tirabira gogorra eragiten zuten eskualdea italiartzeko Mussolinik abiarazitako prozesuaren ondorioek.

Orain arte ez dugu esan Trento probintzian populazio ia guztia italieraz mintzo dela, baina Hego Tirol nagusiki alemanez. Hemen kulturazko asimilazio ahaleginak kalte handiak ekarriak zituen, hiztun kopuruen aldaketetatik hasita italierazko toponimia berria asmatzeraino. Nazionalismo tiroldarrak indar berria hartu zuen.

Doitxeraz bizi zen herritar gehienen botoak 1945ean sortu Hego Tiroleko Herri-Alderdiak bereganatzen zituen (Südtiroler Volkspartei, SVP, jatorrizko hizkuntzan). Arrakasta handiz, gainera, 1948tik gaurdainoko hauteskundeak irabazi ditu SVPk, eta gaur alderdi horretako Luis Durnwalder da Trento eta Hego Tirol biltzen dituen eskualde autonomoan presidente. Hala ere, 1950eko hamarkadan beste abertzale batzuek gogorrago ekitea erabaki zuten , sortuz Hego Tirol Askatzeko Batzordea (Befreiungsausschuss Südtirol, BAS).

“Hego Tirol Askatu”

Ez da erreza BAS mugimendu armatuaren arrastorik aurkitzea gaur egun. Wikipediak Hego Tirolen historia kontatzean dio batik bat argindar posteak eraisten zituztela BASeko militanteek, Italiako industriari Alpeetan sortu argindarra eteteko, baina hilak ere eragin zituela ekintza bortitzak, 21 denetara, 14 polizia ea 7 klandestino. Xehetasun askoz gehiago ez.

Irakurleak gerrilla edo terrorismo bataiatu dezakeen jarduera hark heroi bat utzi zuen Hego Tiroleko jendeen oroitzapenean: Sepp Kerschbaumer (1913-1964). Herri txiki bateko dendari batzuen semea, zortzi urterako umezurtz geratua zen, aita gerrako frontean hilda. Hogei urte zituela herbesteratu egin zuten faxistek aktibismo politikoan aritzeagatik; bi urte beranduago itzuli zen, Mussoliniren indultu bat baliatuz.

Bigarren Mundu Gerran beste hegotiroldar askorekin batera Alemaniara joan zen, baina laster ohartu omen zen naziengandik bere herrialdeak ezin zuela askorik espero eta etxera itzuli.

Südtiroler Volkspartei alderdian sartu zen, baina 1950erako asperturik zegoen haren moderazioaz. 1957an manifestazio baten erdian “Hego Tirol Askatu” zioten paskinak banatu zituen. Beranduago, beste batzuekin BAS antolatu zuen. Desegitea erabaki zuten arte, BASekoak izateagatik 94 tiroldar pasatu zen espetxetik.

BASek 1961eko ekainaren 12an Feuernacht (Suzko gaua edo gau beroa) antolatu zuen: 31 argindar poste handi lurreratu zituen, Italiako iparraldean kaosa eraginez. Biharamonean atxilotu zuen poliziak Kerschbaumer, sabotajearen arduraduna zelakoan. Komisaldegitik ateratakoan Kerschbaumerrek salatu zuen torturatu egin zutela, eta honek are gehiago haserrarazi zituen Hego Tiroleko jendeak.

Epaileek 15 urteko espetxe zigorra ezarri zioten BASeko buruzagiari 1964ko ekainean. Baina Kerschbaumer urte hartako abenduan hil zen Veronako presondegian, ofizialki bihotzekoak jota. Bi egun beranduago, 15.000 herritar –orduko biztanleriaren %5!– hurbildu zen Frangart sorterrian egin hiletara. Gaur sorterriak monumentu batez ohoratzen du Kerschbaumer.

Handik zazpi urtera, 1971n, itun berria sinatu zuten Austriak eta Italiak Hego Tiroleko aferak baretzeko. Austriarrek onartzen zuten Hego Tirol Italiaren barruko kontua zela, Italiak eskualdeari autonomia zabalagoa lagatzen zion eta bi aldeek adosten zuten edozein arazo Hagako nazioarteko epaitegian konpontzea. Kronikek diote estatus berriak baretu zuela Hego Tirol.

Eskualde honetako gatazka ezin da ulertu nazioarteko gaia ere badela ahaztuta. Izan ere, gutxienez bi alditan eraman du Austriak Hego Tiroleko arazoa Nazio Batuen Erakundearen biltzar nagusira, 1959an eta 1961ean, beste aldetik BAS ekintza armatuak egiten ari zenean. Ez alferrik izan zen lurralde hau austriarra mende luzez.

Gaur Suitza gogorarazi dezake Hego Tirolek, udalek daukaten autonomiari edo hizkuntz komunitateen arteko indar banaketari begiratzen bazaie. Hizkuntza bakoitzak eremuak oso neurtuta dauzka, hamar urtean behin erroldaren berritzean biztanle bakoitzak aitortzen duen hizkuntz atxikimenduari lotuta.

2001eko erroldan hegotiroldarren %69 aleman-hiztun azaldu zen (gehienik Bolzano/Bozen hiriburuan bildurik), %27 italieradun eta 4,3 ladinoari atxikia. Ladinoa den hizkuntza txikiak ere oroitarazten digu Suitza: 30.000 jendek hitz egiten duten ladinoa Suitzan 35.000k darabilten erromantxeraren senidea da. Aldiz, Italian bertan, Venezia inguruetan, mintzatzen den friulera urrunagoko ahaidea dute.

Maiatzean hildako Silvius Magnanok ez zituen helburu denak lortu. Bolzano-/Bozen erdian zutik dirau, probokaziotzat, Mussolinik I. Mundu Gerrako garaipenaren aitzakian eraiki monumentu faxistak.

Informazio gehiago:
- Silvius Magnanoren obituarioa El Pais egunkarian
- Trentino-Alto Adige/Südtirol ingelesezko Wikipedian
- Südtirol Info gunearen ingelesezko bertsioa, tartean herrialdearen mapa ageri dela
- Befreiungsausschuss Südtirol erakunde armatua katalanezko Wikipedian
- Südtiroler Volkspartei alderdiaren gunea
- Spp Kerschbaumer ingelesezko Wikipedian
- Hego Tirol turistaren ikuspegitik azkar-arin ezagutzeko aurkezpena gaztelaniaz

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude