Ane Iruñeko ospitalean dago, lagunak Himalayan istripua izan duelako. Hari begira dago, baina bere buruarekin egingo du topo, gogoetan hasi delarik. “Deus ez da amaitzen, nork bere barruan hala sentitzen duen arte” hitzekin hasten da Xabier Artolaren Deception island narrazioa; 2010eko Kutxa Donostia Hiria saria irabazi zuen eta Alberdania argitaletxeak publikatu du orain. Bigarren pertsonan idatzitako ipuin honekin lortu duen saria ez da aurrenekoa Artolaren ibilbidean. Hor daude, besteak beste, Julene Azpeitia eta Tene Mujika ipuin sariak edota Gabriel Aresti ipuin lehiaketan eman zioten accesita. Orain, bilduma bat atontzen ari da Artola.