Urkulu, naturari egokitutako urtegia

  • Pasieran ibiltzeko, hegaztiak behatzeko edota inguruko auzoetako elizak eta baserriak miresteko toki aparta da Urkulu urtegia, mendiz inguratutako goi-lautadan. Aretxabaletako natura gunerik ederrenetakoa da, atseden hartzeko eta naturaz gozatzeko aproposa.
Eskualdeko herrietara ura eramateko sortu zuten 1979an Urkulu urtegia. Lehen baserri batzuk zeuden lekuan jarri zuten, lau urteko lanen ostean.

Naturari egokituta ikus dezakegu gaur egun. Aretxabaletako herri gunetik kilometro gutxira dago, Kurtzebarri (1.146 m) mendiaren magalean, bere edertasun guztia harro erakutsiz.

Gune lasaia ez ezik, aire librean jarduteko lekua ere bada. 6,5 kilometroko luzera duen bidegorriak inguratzen du urtegia, eta kirola egiteko hainbat gune daude bertan, ariketak nola egin azaltzen duten argibide-taula eta guzti. Ibilbide horretan, bidearen erdia, gutxi gorabehera, landa guneen ondotik egingo dugu, eta beste erdia basoen albotik. Urkulurainokotxez gertura daiteke, baina ez da komeni urtegi inguruak autoz betetzea. Bertan baditugu bi aparkaleku txiki, baina gomendagarriena 800 metro lehenago dagoen  Otalora dorretxearen ondoan aparkatzea da, han leku handia dago eta. Jauregi ezaugarriak dituen eraikin aparta da dorretxea, hainbat arotan eraikitakoa.

Babestutako natura-gunea

Aizkorri-Aratz parke naturalaren sarbide ere badugu urtegia, herri giroak eta mendialdeak bat egiten duten natura-gunean. Urtegiaren inguruan zein baino zein ikusgarriagoak diren lau auzo ditugu, hura zaintzen baleude bezalaxe: Larrino, Aozaratza, Areantza eta Goroeta. 189 pertsona inguru bizi dira horietan.

Landa gune osoan larre ederrak daude, eta biodibertsitate handia. Hori, auzoetako baserritarrek egindako lanari esker da batik bat. Izan ere, ahalegin handiak egin dituzte ganadua aurrera ateratzen eta ingurunea mantentzen. Baserriez gain, abeltzaintza eta nekazaritza ustiategiak ere badaude auzootan. Azken datuen arabera, abeltzaintzan dauden abereen ia erdiak ardiak dira, 386 buru inguru, eta behiak beste horrenbeste, 407 buru inguru.

Basoei dagokienez, pinuak dira leku gehien betetzen duten zuhaitzak, baina badaude bertako espeziak ere, esate baterako artadiak inguru beroenetan eta hariztiak hezeenetan. Mozoloa eta hontz zuria dira baso horietako eguneroko biztanleak, toki gutxitan aurki ditzakegun hegaztiak. Nabarmentzekoa da, bestalde, urtegian dagoen irlako hariztia, aspaldiko landareen erakusle eta hegazti ugariren gordeleku. Neguko hotza pasatzeko aukeratzen dute hegazti batzuek: basahateek, kopeta-zuriek, antzarek, lertxun hauskarek… Eta beste hegazti asko ohiko bisitariak dira urteko sasoi horretan. Udaberrian ere hegazti ugari izaten da, ugalketa sasoirako etorriak. Adituek diotenez, urtean zehar Urkulun 125 hegazti mota ikus daitezke, eta horietatik 36 galzorian daude.                            
 
Hobekuntzak egiten hasi dira

Eguzkia berotzen hasi ahala jende asko gerturatzen da Urkulura. Horregatik, hain zuzen ere, hasi dira apurka-apurka urtegiko azpiegiturak egokitu eta naturaren kontserbazioa segurtatzeko hobekuntzak egiten. Aretxabaletako Udalak Naturgintza Fundazioaren laguntzarekin hasi ditu lan horiek.

Duela gutxi Aretxabaletako bainuetxeko industria eremuan bidegorria egin zuten, eta orain hori luzatzea da asmoa. Urkuluren alboan dauden Aozaratza eta Goroeta auzoak lotuko dituen bidegorria eraikiko dute, eta elbarrientzat egokitutako bidea izango da bertan. Arrantzarako irisgarritasuna ere hobetu gura dute, eta gune berezia jarriko dute ezintasunak dituzten pertsonek inolako arazo barik arrantzan egin dezaten.

Ingurumena zaintzeko eta Urkuluko fauna eta flora mantentzeko lana ere egingo dute. Aretxabaletan bertan badabiltza ingurumenarekiko kontzientziazioa lantzen.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude