Anvil: ingudeak eta mailuak

Ez dakit gauza handirik zineari buruz, horregatik ardoarekin egiten dudan moduan taxutzen ditut nire sailkapenak: barruan zerbait mugitzen badit eta sabelaldea bero sentiarazten, delako pelikula/ardoa ona da niretzat. Kanada aldeko ardoari buruz ere gauza gutxi dakit –ezjakintasuna da gizakiaren egoera naturala–, baina bertatik dator gomendatu nahi dizuedan pelikula: Anvil, The Story of Anvil. Gran Reserva bat, inondik ere.

Dokumental moduan aurkeztua, zinta honek Anvil metal taldearen benetako istorioa kontatzen digu: laurogeigarren hamarkada hasieran heavy musikaren talderik handiena izan behar zuena (Metallica edo Slayerren pare), destino petralaren sareetan erori eta ahanzturaren gela ilunera egotzia izan zen. Anvileko taldekideek, baina, dedikazio harrigarriarekin jarraitu dute aurrera, duinetan duin, aretorik ospelenetan jotzen. Hori guztia maitasun eta errespetu osoz aurkezten digu Sacha Gervasik, zine-zuzendariaren eserlekutik bainoago, jarraitzailearen ikuspegi humanotik egina dirudien ahaleginean. Hala, hasieratik Anvilen arima izan diren Lips eta Reinerren gorabeherak ikus daitezke: egungo euren bizimodua (50 urteak ondo beteak), beren esfortzu askotan antzua, hanka-sartzeak, ajeak, inozentzia, umorea, adiskidetasuna eta mundu honetakoak diren beste hamaika sentimendu benetako. Emaitza? Ilusioari aspaldi egin zaion gorazarrerik behinena –“heavyena” esan beharko nuke agian–.

Hedabideetan musikaren alderdi mengelena gurtzen den garaiotan, Anvilen dokumentala antitesi moduko bat dela esatera ausartuko naiz. Rock’n Rollaren gezurra ikonoen bitartez sinetsi dutenek ikusi beharreko pelikula da hau. Ramonesen balizko Rock’n Roll Highschool horretan –non matematikek eta formulek tokirik ez duten–, enborrezko ikasgaia. Egun guztiak Azkena Rock bat izango direlako ustearekin gitarra hartu eta talde batean engaiatzen direnentzat abiapuntu gomendagarria.

Anvil hitzak ingudea esan nahi du ingelesez. Paradoxa hori ere alde du dokumentalak: bizitzan bezalaxe, batzuk ingude, bestetzuk mailu.

Gaur AC/DC ikustera noa San Mames zaharrera.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude