argia.eus
INPRIMATU
Langileen defentsa
Eider Alkorta @eideralkorta 2010ko ekainaren 30a
Espainiako trantsizioa bezala izendaturiko aldian planteatzen zen erreforma edo hausturaren arteko hautua, politikan sarri egin beharrekoa izaten dela nabarmen geratu da azken denboraldian. Erreformaren aldeko apustua egin dute gobernu ezberdinek eta etxearen zimenduak gehiegi mugitu gabe uretatik burua nola aterako garen erabaki dute, ia ura lepoan genuenean. Finantza sistema eta bankuetxeak ukitu ezin omen direnez –erreformaren markoan–, beste neurri edo adabakiak aplikatu dira, gastu sozialaren murrizketa eta lan merkatuaren erreforma erakusgarri. Argudioa, ez dago besterik, neurriak hartu ezean denak itoko gara.

Haustura. Herritarren eskubideen murrizketa dakarten neurriak ezin dira onartu eta urteetan langile mugimenduak lorturikoari ezin diogu orain bizkarra eman, gobernu batek, gehienek, etxeko-lanak gaizki egin dituztelako eta politika ekonomiaren aurrean makurtu delako. Neurrien berririk ez dut, elkarbanatu ditzakegun argudio filosofiko eta ideologikoak bai.

Nola erantzun hein batean ahaztuak izan diren kaleratuei, EEEn dagoen langile bati eta greba egunean lanerako deitu diotenari. Konplexua. Erreforma neoliberalek ez dute konponduko arazoa, sustraikoa da, eta langileen eskubideen defentsaren ikurra hartu dute denek, sindikatuek, Alderdi Popularrak ere, oposizioek. Sindikalgintzaz hitz egitea gurean surrealista da, sindikatuez eta ereduez mintza beharko genuke. Langile askok ordea, euren burua, gero eta urrutiago ikusten dute sindikatuetatik.

Merkatuaren dualizazioaz mintzo dira eta askok defentsa dualizatua praktikatu dutela ahaztu dute, prekarietateaz mintzo dira prekarioak oso gutxitan egon direnean negoziazio mahaietan. Maiatzaren 25ean euskal sindikatuen gehiengoak greba deialdia egin zuen sektore publikoan eskubide sozial eta zerbitzu publikoen alde. Enplegatu publiko eta afiliatuen soldata murrizketek zerikusi gutxi omen zuen deialdiarekin. Litekeena, baina horrela zioen greba egunean Metro Bilbaoko sindikatuen komunikatuak: “Ados gaude greba deialdiarekin baina ez dugu gure enpresan deitu, protesta ekintzak eta neurriak murrizketak gure enpresara heltzen direnerako utziz. Hori bai, errespetatzen dugu greba egin nahi duenak greba egiteko duen eskubidea”.

Besterik ez genuen behar! Sindikalista batzuen instituzionalizazioak ez dezala ezerezean utzi historian langile mugimenduak eta borrokak erakutsitako duintasuna.