“Gerrilla kurduarekin lehen aldiz egon nintzeneko irudia da. Kasu honetan Iranen aurka borrokan diharduten PJAK gerrillako kideak dira. Egun osoa mendi zoragarrien artean eman nuen bizpahiru gerrillarirekin eta bertako familia batekin, eta biharamunean jaitsi ziren gainontzekoak. Emakumez osatutako komandoa zen, mugaz gaindi Iranen menpeko Kurdistanera joateko prest. Elkarrizketa egin, eurekin bazkaldu eta halaxe alde egin nuen, horietako batzuk laster hil zitzaketela jakitun. Eta mendebaldean ia inoren babesik gabe, Iran Estatu Batuen etsaia izanik, ezkerrak ezikusi egiten baitie erregimen horrek kurduen, emakumeen, komunisten eta abarren aurka egiten dituen desmasiei.
Menditik jaistean, hainbat kurdu ikusi nituen baso batean piknika egiten, udaberriko egun ederra zen. Grabatzea erabaki nuen. Telebistan horixe hartu zidaten Iraken piknika gauza bitxia zelakoan, baina gerrillaren bideorik ez. Berrian baino ez genuen lortu elkarrizketa ateratzea. Horiek dira askotan free-lancearen miseriak, lanik duin eta txukunenak non atera ez dituzu izaten, eta azaleko istorioak hartzen dizkizu telebistak”.